Itzuli orri osora
Anthony Quinn, Hollywoodeko maskulinitatearen irudia
vie, 17 dic 2010 19:30:00 +0100
Hollywoodeko aktore latinoamerikar garrantzitsuena izan dela diote askok. Bere ibilbidean zehar hainbat golardo jaso zituen Anthony Quinnek, tartean Oscar bat. Ehun bat film egin zituen, baina Zorba the Greek filman egindako paperarengatik egin zen famatu. Eskultore eta pintore bezala ere ezaguna egin zen Quinn, eta azken urteetan bere maitasun abenturek egin zuten ospetsu aktorea.

Irlandarren eta mexikarren semea, Anthony Quinn (berezko izena Antonio Rodolfo Oaxaca Quinn) Chihuahuan (Mexiko) jaio zen 1915. urteko apirilaren 21ean. Familia apal bateko senidea zen. Txikia zela Ameriketako Estatu Batuetara joan zen familia, eta Los Angelesen ezarri ziren.

Belvedere Junior Hight eskolan ikasten ari zen bitartean, lanean ere jardun zuen. Beharrak aginduta, urteetan zehar hainbat ogibide probatu zituen, egunkari saltzailea, zerbitzaria, kamioilaria edo boxeolaria izan baitzen.

Pantaila handira saltoa

Gaztea zela antzerkiarekiko interesa piztu zitzaion. 30. hamarkada hasieran interpretazioaren munduan proba egitea erabaki zuen, eta antzerki aktore gisa hasi zen lanean. Hogei urterekin bere lehendabiziko papera egin zuen Hoolywoodeko film bateko figurante gisa, Parole pelikulan (1936) parte hartu baitzuen. Urte horretan bertan Harold Lloyd handiaren The Milky Way (1936) filman ere aritu zen.

Quinn gizon garaia zen, konplexio ilunekoa eta fisikoki oso indartsua. Horregatik, gizon gaizto eta zakarraren papera egiteko aktore ideala zen (itsaslapurra, sex-symbola, gansterra edo soldadua). Denboraren poderioz beste herrietako jendea interpretatzen hasi zen: indioa, mestizoa, eskimala, arabiarra edo errusiarra, besteak beste. Pertsonaia horiekin guztiekin aktore guztientzat behar-beharrezkoa den segurtasuna lortu zuen.

30eko hamarkadako azken urteetan hainbat film ospetsutan parte hartu zuen, besteak beste, Swing High, Swing Low (1937), The Plainsman (1936), The Buccaneer (1937) eta Union Pacific (1939). Garai horretan, batez ere Paramountentzat lan egin zuen. Gainera, De Milleren alabarekin, Katherin Millerekin ezkondu zen.

Goreneko urteak

40ko lehendabiziko urteetan Warnerrera pasa zen lan egitera, eta ekoizpen-etxe honetan paper interesgarri gehiago eskaini zizkioten. Aktore handi eta famatuekin harremanak izaten hasi zen. Anatole Litvaken City for Conquest (1940) filman, George Marshallen The Ghost Breakersen (1940), Rouben Mamoulinen Blood and Sand (1941) pelikulan, Raoul Walshen They Died with their Boots Onen (1941) edo Henry Kingen El cine negro (1942) pelikulan parte hartu zuen.

Beste hainbat izenburutan ere lan egin zuen: Lloyd Baconen Larceny Incen (1942), William Wellmanen The Ox-Bow Incident (1943), Wellmanen Buffalo Billen (1944), Edward Dmytryken Back to Bataan (1956) edo Richard Wallecen Sinbad the Sailoren, beste askoren artean.

60ko hamarkada

60ko hamarkadako film garrantzitsuenetan parte hartu zuen eta J. Lee Thompsonen The Guns of Navarone (1961), Richard Fleischerren Barabba (1961) edo David Leanen Lawrence of Arabia (1962) filmeek egin zuten ospetsu.

1962rako hondatuta zegoen Katherine De Millerekin zuen harremana, eta Barabba filma grabatzen ari zela, Iolanda Addolarirekin maitemindu zen, jantzitegiko laguntzailearekin, alegia. 1965ean ezkondu egin ziren. Urte bete lehenago, ordea, Michael Cacoyannisen Zorba the Greek pelikulan parte hartu zuen. Bere bizitza markatuko zuen papera egin zuen bertan, Alexis Zorbaren papera, hain zuzen ere. Filman egindako lanagatik Oscarra lortzeko puntuan egon zen.

Hurrengo hamarkadetan arrakasta izaten jarraitu zuen. Estilo guztietako rolak egiteko ahalmena zuen, eta beti lan txukunak egiten zituen gainera. Honen fama bere zenbait pelikulen errentagarritasunaren gainetik egon zen, Michael Andersonen The Shoes of the Fisherman (1968) eta Mauro Bologniniren L' Eredità Ferramonti (1975) filmak kasu.

Azken urteak

1980ko hamarkadan arrakasta gutxiko hamaika pelikuletan hartu zuen parte. Garai horretan zehar, pintura eta eskulturaren munduan murgildu zen, erakusketen bidez diru pixka bat lortuz. 90eko hamarkadan, berriz, Herkules telesailean parte hartu zuen, eta beste hainbat filmetan parte hartze txikiak egin zituen.

2001ean Bostonen hil zen, 86 urte zituela, neumonia gogor baten ondorioz.