Itzuli orri osora
Dino De Laurentiis zendu da, zinema italiarraren mezenas handia
vie, 19 nov 2010 19:30:00 +0100
Dino De Laurentiis zinemako ekoizle eta gerra ondorengo zinema italiarraren ordezkari nagusiaren heriotzaren ostean Italia lutuz jantzi da. Dino De Laurentiis iragan ostegunean, azaroak 11, hil zen 91 urte zituela Los Angelesen. 200 pelikula baino gehiago ekoitzi zituen, horien artean aipatzekoak Riso amaro, Le notti di Cabiria edo Hannibal.

Dino De Laurentiis Italiako zinemako film ospetsuen ekoizlea izan zen. Zazpigarren arteko goreneko ordezkari nazionalaren heriotza dela eta, aktore, zuzendari eta zeluloideko beste zenbait profesionalek Hollywoodera begiratzen jakin zuen zinema italiarraren mezenas bezala definitu zuten ekoizlea.

Zinemari zuzenduriko bizitza

1919ko abuztuaren 18an Torre Annunziatan, Campanian (Italia) jaioa, 17 urte zituela Erromara joan zen Centro Sperimentalen zinema ikastera. Urte haietan aktore gisa, extra moduan eta kamararekin lan egin zuen bere ikasketak ordaintzeko. 20 urte zituenerako, bere lehendabiziko filmaren ekoizpenean lan egin zuen Emanule Caraccioloren Troppo tardi t´ho conosciuta (1939) pelikulan. Aktore bezala ere parte hartu zuen pelikulan.

Bigarren Mundu Gerran Italiako armadarentzat lan egin zuen, handik zinema itzuli zen eta, 1949an bere lehendabiziko arrakasta komertziala lortu zuen Giuseppe de Santisen Riso amaro filmarekin. 50eko hamarkada hasieran eta Carlo Pontirekin batera Ponti-De Laurentiis ekoizpen-etxea sortu zuen eta, arrakasta handiko hainbat film luze egin zituen. Aipatzekoak dira Federico Felliniren La Strada (1954) eta Le notti di Cabiria filmak, 1956an eta 1957an, bi urtez jarraian, Ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar Saria irabazi zutenak. Hala eta guztiz ere, eta industria zinematografikoaren krisia zela medio, estudioa itxi egin behar izan zuten.

New York, etorkizuneko tokia

1972an New Yorkera joan zen bere familiarekin batera eta 1983an ekoizpen-etxe bat sortu zuen Wilmingtonen (Ipar Carolina) De Laurentiis Entertainmet Group Studios izenburupean. Baina honek ere egoera ekonomiko txarra jasan zuen, eta hori dela eta 1988an saldu egin beharra izan zuen. Bi urte geroago Dino De Laurentiis Communications sortu zuen.

Ameriketako Estatu Batuetan film arrakastatsu ugari ekoitzi zituen Dino De Laurentiisek, esaterako David Linchen Ragtime (1986), baina porrot iskanbilatsuak ere egin zituen, Jan Troellen Hurricane (1979) edo Daryl Dukeren Tai-Pan (1986), besteak beste. Bere arrakasta komertzialen artean Mike Hodgesen Flash Gordon (1980) eta The Silence of the Lambsen bi filmak topatu ditzazkegu.

Bere filmografia zabalean 200 pelikula baino gehiagoren egile bezala Barabba, Le Tigre se parfume à la dynamite, Serpico, Mandingo, Drum edo Casanova filmak dira aipatzekoak. Bere azken proiektua David Lelanden Virgin Territory izan zen, 2007an ekoitzia.

Veneziako Jaialdiaren Zilarrezko Lehoia lortu zuen 1952an, New Yorkeko Zinema Kritikoen Zirkuluan ere saria lortu zuen, eta 1956an, berriz, Urrezko Globoa jaso zuen. 2000. urtean bere ibilbideagatik Irving G. Thalberg oroigarrizko Saria eman zioten, ekoizle batek jaso dezakeen sari handiena, eta 2003an Veneziako Jaialdian Urrezko Lehoia jaso zuen zineman egindako ibilbideagatik.

Dino gogoan

Bere heriotzaren ostean, Dino De Laurentiisek zazpigarren arte nazionalarengatik egindako lan guztia gogoratu dute zinema italiarreko hainbat pertsonaia ospetsuk. Ennio Morricone konposatzaile famatuarentzat De Laurentiis "zuzendariei euren pelikulak egiten laguntzan zien ekoizle handi bat" izan zen. Hannibal (2001), ekoizlearen arrakasta handieneko batean parte hartu zuen Giancarlo Giannini aktorearen esanetan, berriz, ekoizlea "beti oso presente egoten zela, zuzendariekin oso adeitsua zela, aholku ugari ematen zituela eta aholku horiek beti apartak izaten zirela" esan zuen.

Testigantzen artean Silvio Berlusconi lehen ministroaren hitzak dira aipatzekoak, ekoizlea mende batez "Italiako eta Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren protagonista izan dela" esan baitzuen. Beste batzuk, Pupi Avati aktoreak, esaterako, De Laurentiis bere heriotzara arte aktibo egon zela aipatu zuen. "Duela bi hilabete berarekin hitz egin nuen eta 3Dan Totòren film bat egin nahi zuela esan zidan". Ricky Tognazzi aktore eta zuzendariak azpimarratu zuen "zinema italiarreko handi guztiak bezala, De Laurentiisen filmeak, zorionez, hilezkorrak" izango direla.

1949an Silvana Mangano aktorearekin ezkondu zen, eta hiru neskato eta mutiko bat izan zituzten. Bikotea 1983an banandu zen. Bere emazte ohia hil eta urte bete geroago, 1989an, Martha Schumacher ekoizlearekin ezkondu zen, eta bi alaba izan zituen. Raffaela De Laurentiis alaba aitaren pausoak jarraitzen ari da, izan ere, ekoizlea da Hollywooden eta bere konpainia propioa du 1987. urteaz geroztik.

(Argazkiak: IMDb)