Itzuli orri osora
Anne Baxter, den-dena Evari buruz
vie, 18 jun 2010 15:48:00 +0200

Anne Baxterrek sekulako garrantzia izan zuen 40 eta 50eko hamarkadetako Hollywooden. Orson Welles, Billy Wilder eta William A. Wellman bezalako zuzendari entzutetsuekin lan egin zuen. Antzeztaldeko emakumezko aktorerik onenaren Oscar saria lortu zuen Edmund Gouldingen The Razor's Edge filman egindako lanagatik. Handik urte batzuetara emakumezko aktorerik onenaren Oscarrerako proposatu zuten Joseph L. Mankiewiczen Den-dena Evari buruz pelikulan egindako antzezpenagatik. 60ko hamarkadan, baina, telebistara egin zuen jauzi, eta handik aurrera telesail askotan parte hartu zuen, Hotela ospetsuan esaterako.

Anne Baxter 1923ko maiatzaren 7an jaio zen Michigan City hirian, Indianan, AEBetan. Aita (Kenneth) saltzailea zuen eta ama (Catherine), berriz, Frank Lloyd Wright arkitekto famatuaren alaba.

Familiarekin New Yorkera bizitzera joan eta handik gutxira, antzezlan bat ikusi zuen Broadwayen, eta liluratuta geratu zen. Hamar urte zituen. Ez zuen denbora galdu, hamabirekin agertu baitzen aurrenekoz antzerki-lan batean. Epe horretan, interpretazio-eskolak eman zizkion Maria Ouspenskaya handiak.

Aurreneko pausuak

30eko hamarkadaren hondarrean, zinemara jauzi egiten saiatu zen, eta, proba bat egin ostean, 1940an 20th Century Foxek bere atea jo zuen. Urte berean, 20 Mule Team westernean lan egiteko aukera eskaini zion Richard Thorpe zuzendariak.

Pixkanaka, Anne bere lekua egiten joan zen Hollywooden. Film askotan parte hartu zuen, etenik gabe. Garai hartako pelikulen artean nabarmentzekoak dira, beste hainbaten artean, Jean Renoirren Swamp Water (1941), Orson Wellesen The Magnificent Ambersons (1942), Irving Pichelen The Pied Piper (1942), Billy Wilderren Five Graves to Cairo (1943), Lewis Milestoneren The North Star (1943) eta Ernst Lubitsch eta Otto Premingerren A Royal Scandal.

1944an Lloyd Baconen aginduetara lan egin zuen Sunday dinner for a soldier filman. Bertan ezagutu zuen 1947tik 1953ra bere senarra izan zen John Hodiak aktorea. 1948an berriro elkarrekin aritu ziren Mervyn LeRoyren Homecoming pelikulan.

Oscar Sariak

Edmund Gouldingen The Razor's Edge (1946) filmean Tyrone Powerren alboan egindako beharragatik antzeztaldeko emakumezko aktorerik onenaren Oscar saria irabazi zuen. Hamarkadaren amaieran, Henry Kosterren The luck of the irish pelikulan (1948) eta William A. Wellmanen Yellow Sky westernean parte hartu zuen. Azken horretan, alboan izan zituen Gregory Peck eta Richar Widmark.

Joseph L. Mankiewiczen Den-dena Evari buruz (1950) gogoangarrian Eve Harrington hain modu bikainean gorpuzteagatik emakumezko aktorerik onenaren Oscarrerako proposatu zuten, baina azkenean Judy Hollyday izan zen garaile. Hamarkada berriari hasiera ezin hobea eman zion arren, hurrengo urteetan lan gutxi izan zuen. Gainera, film horien kalitatea ez zen sekula lehengoen mailara iritsi. Fritz Langen The Blue Gardenia (1953 Alfred Hitchcocken I Confess (1953) eta, batez ere, Cecil B. De Millek zuzendutako Hamar aginduak (1956) dira garai hartan egin zituen pelikularik azpimarragarrienak.

Azken urteak

Une horretatik aurrera, oso gutxitan agertu zen zineman, film kaskarretan soilik. Anthony Mannen Cimarron (1960) izan zen salbuespenetako bat. Urte berean, Randolph Galt abeltzainarekin ezkondu zen. Bederatzi urte egin zituzten elkarrekin.

Orduan, antzerkirako eta telebistarako bidea hartu zuen. Egundoko sona erdietsi zuen gainera. Izan ere, Hotela telesail ospetsuan parte hartu zuen, besteak beste.

David Klee izeneko burtsako agentea izan zen Anneren hirugarren eta azken senarra. 1978an zendu zen Klee. Urtebete soilik egin zuten ezkonduta.

Anne Baxter 1985eko abenduaren 12an hil zen New Yorken, garuneko aneurisma baten ondorioz. 62 urte zituen.

(Argazkiak: 1, 2, 5, 7: IMDb; 3, 4, 6 Filmaffinity)