Itzuli orri osora
'Único testigo' filmaren 25. urtebetetzea
vie, 12 feb 2010 15:43:00 +0100

Duela 25 urte, pelikula batek XVIII. mendean bezala bizi zen talde erlijioso baten bizimodua erakutsi zion munduari, amishen bizimodua hain zuzen ere. Elementu antropologikoak erabiltzen zituen polizia-istorio honi esker, gainera, Harrison Fordek Oskarretarako izan duen izendapen bakarra lortu zuen. 25 urte bete berri dituen filma Único testigo (Whitness) da.

Peter Weir australiarrak zuzendu zuen Único testigo (Witness, 1985) filmak Oskarretarako zortzi izendapen lortu zituen, baina jatorrizko gidoi onenaren eta urteko muntaia onenaren sariak besterik ez zituen eskuratu Memorias de África (Out of Africa) pelikulak zazpi Oskar irabazi zituen urtean.

Izendatuta egon arren, Weir eta Harrison Ford Oskarrik gabe gelditu ziren, baina pelikula (1985eko otsailaren 8an estreinatu zuten) oso garrantzitsua izan zen bien ibilbideetarako. Zuzendari australiarraren Hollywooderako sarrera handia izan zen, eta John Book polizia zintzoaren paperak Han Soloren edo Indiana Jonesen paperak baino zerbait gehiago egin zitezkeela erakustea ahalbidetu zion Fordi.

Hasiera batean txikia zirudien proiektu hori hautatzera ausartu zen aktorea; aurretik kritikak goraipatutako baina ikusleen artean arrakasta handirik izan ez zuten bi film (Gallipoli (1981) eta El año que vivimos peligrosamente (The year of living dangerously, 1982)) zuzendu zituen eta Estatu Batuetara iritsi berri zen Peter Weir zuzendariak enkarguz egingo zuen lana zen.

"Egia esateko, obsesioak sortuko zizkidaten filmak baino zerbait gehiago egitea ideia ona zela iruditu zitzaidalako onartu nuen enkargua. 40ko hamarkadako zuzendarien bezalakoa izan nahi nuen; estudioen enkarguak onartzen zituzten eta ongi zihoakien", azaldu zuen Weirek "Los Angeles Times" egunkarian egindako elkarrizketa batean.

Hala ere, eta proiektua enkargu soil bat bezala hasi zen arren, Weirrek azkar hartu zuen istorioan interesa, bereziki istorioaren alderdi sozialenean, amishen bizimoduan. Asmoa ondokoa zen: ohiko polizia-istorio bat nahastea pertsona batentzat kultura ezberdin batekin harremanetan jartzeak eskaintzen dion ikasketarekin.

Horrela, John Book kapitaina (Harrison Ford) haurra (Lukas Haas) eta haren ama Rachel (Kelly McGillis) babesten saiatzen da, eta horretarako, beraiekin bizitzera joan behar da Pensilvaniako amish komunitatera.

"Bi munduren arteko talka erakusteko aukera on bat zen. XVIII. mendetik aldaketarik izan gabeko gizarte bakezale batean babesa hartu behar zuen indarkeria eguneroko bizitzan zuen XX. mendeko gizonezko batek", azaldu zuen zuzendariak. Bere helburua ez zen amishak eszenatoki exotiko bezala erabiltzea; istorioaren funtsezko elementu izatea nahi zuen, eta lortu zuen.

Izan ere, filmaren alde poliziakoa ongi eratuta dagoen eta eraginkorra den arren, ezbairik gabe amishen bizimodua eta amaren eta poliziaren arteko harreman berezia izan ziren ikusleen arreta hartu zutenak.

Amishak, aurkikuntza bat

Ordura arte, amishak ezezagunak ziren munduan zehar, eta jendea interes handiz jabetu zen beraien bizimoduaz. Beren arbasoak XVIII. mende hasieran Holandatik Estatu Batuetara iritsi zirenean zituzten ohitura berak mantentzen zituen komunitate hori interesgarria izan zen benetan ikusleentzat.

Soineko beltz luzeak, alkandora zuriak, botoiak kremaileren ordez, tiranteak gerrikoen ordez, elektrizitaterik, autorik, mugikorrik, telebistarik ezta musikarik ere ez... Elementu horiek oso ongi erakutsi zituen Weirek filmean, baita amishen nekazaritza eta abeltzaintza bizimodua eta pertsonen arteko harreman oso kontserbadoreak ere bai.

Rachelen eta Booken arteko begiraden bitartez (eta garajeko dantza eszena famatuaren bitartez ere bai), zuzendariak ongi adierazi zituen bien arteko ezberdintasun sozialak eta kulturalak. Eta, poliziaren eta haurraren arteko ezberdintasunak txikiagoak ziruditen arren, bi munduen arteko aldeak gero eta nabariagoak dira istorioa aurrera doan heinean.

Filmaren alderdi antropologiko hau oso ongi lotuta dago alderdi poliziakoarekin. Horretan, liskarra Harrison Forden eta Danny Gloverren artekoa da gorengo puntua garautegi batean era bikainean filmatutako jazarpena da.

Ondorioa: Weiren ordura arteko pelikula ikusiena (ondoren El club de los poetas muertos (Dead poets society), El show de Truman (The Truman show) eta Master and Commander filmek gainditu dute) eta Oskarretarako zortzi izendapen.

Film honek bitxikeria bat ere badu, izan ere, Único testigo Vigo Mortensenen lehen aktore lana izan zen.

(Argazkiak: 1, 3, 4 y 8: Paramount Pictures; 2, 5, 6, 7: IMDb)