Itzuli orri osora
Al Pacino, erronken maitale sutsua (II)
vie, 07 ago 2009 18:32:00 +0200

Bere ibilbide luzean zehar, Al Pacino aktore estatubatuarra beti saiatu da bere bi zaletasunik maiteenak (zinema eta antzerkia) bateratzen. Bere filmek arrakasta ikaragarria izan badute ere, Pacinok ez du inoiz agertokia alde batera utzi. Antzezpenaren benetako izaera antzerkian delakoaren ustea du eta mundu honi zenbat zor dion ederki daki bere aktore gisako hasierako lanak antzerkian egin baitzituen. Etorkizunean esparru biak batzen jarraituko duela dio eta zinea antzerkiagatik inoiz ez lukeela utziko ezta alderantziz ere.

Gorabehera arinak

Normala denez, ez dira guztiak arrakastak izan, zenbait lanen porrotek zikindu dute nola ez Al Pacinoren ibilbidea. 80ko hamarkadaren hasieran, bere ospea goranzko bidean zenean, atzera pausu txiki batzuk eman zituen Cruising eta Author, author filmeak direla eta; lan hauek kritika gogorrak jaso zituzten. Dena den, Brian de Palmak 1983an zuzendu zuen Scarface pelikulan izandako paperak arrakastaren bidea erakutsi zion berriro. Bi urte beranduago, Revolution filmean egin zuen lanagatik ez zituen espero bezain besteko laudorioak jaso eta proiektuak bildutako diru kopurua ere espero baino askoz baxuagoa izan zela medio, artistak alde batera utzi zuen zinea lau urtez. Denboraldi hau antzerkiari eskaini zion.

Atsedenaldi hau amaitutzat eman ostean, 90. hamarkadatik aurrera, bere lanen kalitateak gora egin du. Azken hilabeteotan egin duan lan bati baino ez diogu erreparatu behar bere filmografia luzean beste erdipurdiko paper bat aurkitu nahi izatekotan. 2008an estreinatu zen 88 Minutes ia oharkabean igaro zen zinemetatik eta kritikei dagokienean, zine adituek aurrekontu gutxiko filmetzat jo zuten eta zioten bere bi protagonistek (Al Pacino eta Robert de Niro) azkenaldian irabaziengatik lan egiten dutela eta ez diotela batere garrantzirik ematen hartzen dituzten paperen kalitateari.

"Heriotza doktorea" izango da

Dena den, Al Pacinok pantaila handira aurki itzultzeko asmoa du Jack Kevorkianen doktore estatubatuarrari bizia emateko. Lanbidez medikua zen eta gaizkile bilakatu zen gizonezko honek 90. hamarkadan zehar 130 pertsona ingururi bere buruaz beste egiten lagundu ziela adierazi zuen; "Heriotza ez dela krimena" zioen.

Barry Levinsonek (Rain Man, 1988) zuzenduko duen film honek kevorkianen izaeran oinarrituko da eta era berean, aipatutako hilketa guzti horiek egiteko erabili zituen teknika ezberdinak erakutsiko ditu. "Suizidio makina" izenekoa asmatu zuen, makina honi esker, bere buruaz beste egiteko asmoa zuen gaixo batek bere kabuz xiringatu zezakeen hiltzen lagunduko zion potasio eta kloruro dosi bat.

Gidoia Adam Mazerrena (Breach, 2007) izango da eta Neal Nicol idazlearen Between the Dying and the Dead: Dr. Jack Kevorkian, the Assisted Suicide Machine and the Battle to Legalize Eutanasia liburuan oinarrituko da.

Errealitate ankerraren isla

Kevorkian eutanasiaren babesle amorratua zen eta bere pentsaera erradikalak direla eta, "heriotza Doktorea" ezizena jarri zioten; ez zegoen bere ustez esperimentu gupidagaberik. Izatez, 60. hamarkadaren hasieran hildakoen odola erabiliz bizirik zeuden pertsonei transfusioak egiten esperimentatu ohi zuen. Presoekin ere saiakerak egin nahi izan zituen eta horretarako baimenak lortzen saiatu zen, "nolanahi ere hilik bukatuko duen pertsona batekin esperimentuak egitea aukera bikaina zela" uste zuelako. Antzeko saiakerak egin nahi izan zituen hiltzear zegoen edozein pertsonarekin ere.

Heriotzarekiko zuen obsesioa erabatekoa zen. Denborarekin, atxikimendu hau bere beste zaletasunetako batean (pintura) ere nabarmentzen hasi zen. Hilketen eta burua mozturik zuten hildakoen irudiak margotzen zituen etengabe. Gainera, Genozidioa izeneko obra apaintzeko bere odola tintatzat erabili zuen.

1999an Kevorkiani 10 eta 25 urte bitarteko kartzela zigorra ezarri zioten Thomas Youken (52 urte) hilketa leporatuta. Albo-esklerosi amiotrofikoa izeneko gaixotasuna zuen biktimak; gaixotasuna izatez hilgarria zen baina Kevorkianek droga dosia xiringatuz hil omen zuen.

Medikuak gertakari honen irudiak grabatu egin zituen eta telebistaz ere eman zituen Estatu Batuetako CBS kateak "60 Minutes" saioan. Kevorkian 2007ko ekainean aske utzi zuten, kartzelan zortzi urte igaro eta gero.

(Argazkiak: imdb)