Itzuli orri osora
Alex de la Iglesia, piztiaren istorioa
vie, 05 jun 2009 18:32:00 +0200

Sari zerrenda luze batek Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarraren ibilbide arrakastatsua bermatzen du. Horrela, hamabost lan baino gehiago egin ditu eta nazioarteko ospea lortu du. Piztiaren eguna bere lehen lan garrantzitsua izan zen eta horren ostean Komunitatea, Crimen perfecto eta Los crímenes de Oxford bezalako altxorrak aurkeztu ditu. Orain, bi pelikula berritan lanean aritzeaz gain, erronka profesional berri bati aurre egingo dio. Izan ere, 2009ko ekainaren 22an Espainiako Arteen eta Zinema Zientzien Akademiako lehendakari berria izango da.

Alex de la Iglesia Bilbon jaio zen, 1965. urtean. Filosofia ikasi zuen eta 1988an bere ikus-entzunezko ibilbideari ekin zion. Mamá izeneko film laburra izan zen parte hartu zuen lehen proiektua. Pablo Bergerrek zuzendutako zinta horretan bizkaitarra dekoradorea eta zuzendari artistikoa izan zen. Horrez gain, lan berdina egin zuen Enrique Urbizuren Todo por la pasta (1991) pelikulan.

Lehen urratsak

Mirindas asesinas zinemagilearen lehen film laburraren izena da. De la Iglesia zintaren gidoilaria eta zuzendaria izan zen eta, horrekin, Pedro Almodovarren arreta erakarri zuen. Horrela, El Deseo Films-ek, mantxako zinemagilearen ekoitzetxeak, De la Iglesiaren lehen filmean parte hartu zuen; Acción mutante zintan, hain zuzen ere. Bere opera priman "ciberpunk" estetika aukeratu zuen eta horrekin estilo propio bat bereganatu zuen. Emaitza ordutik bere lanen ezaugarri izan den umoredun komedia bat izan zen. Lana, mezu iraultzaile bateko zientzia fikzioa, Montrealeko Zinemaldi Fantastikoan saritua izan zen eta, gainera, hiru Goya jaso zituen.

Ondoren, Piztiaren eguna (1995) iritsi zen. Filmak zuzendari arrakastatsuenetako bat bilakatu zuen. Horrez gain, zintak Santiago Segura ezagutzera eman zuen eta Terele Pavez aktorea berreskuratu zuen. Horrela, pelikulak sei Goya sari eraman zituen (horien artean zuzendari onenarena) eta Geradmar eta Bruselako jaialdietan ere zenbait golardo irabazi zituen. Gainera, Venezian, Toronton eta Sitgesen ere izan zen. Horrez gain, denboraldi hartako lanik ikusienetako bat izatea lortu zen.

Bere hurrengo arrakasta iritsi zen arte, De la Iglesiak beste film batzuk zuzendu zituen. Proiektu horien artean dira Perdita Durango (1997) eta Muertos de risa (1999).

Arrakasta gehiago

Ondoren, Komunitatea iritsi zen. Lana umore beltzeko komedia bat da. Madrileko erdiguneko eraikin batean, Julia (Carmen Maura) izeneko etxe saltzaile argi batek baldosa baten azpian 300 milioi pezeta aurkitzen dituela kontatzen du. Protagonistak bizilagunei aurre egin beharko die, beraiek ere dirua hartu nahi dutelako. Aktoreen zerrendari eta De la Iglesiaren lan onari esker, filma benetako tranpolina izan zen zinemagilearentzat. Horrez gain, emaitza bikain hori 12 golardorekin saritu zuten, horien artean 3 Goya eta Maurak jasotako Donostiako Zinemaldiko aktore onenaren Urrezko Maskorra.

Bere hurrengo pausua ekoiztetxe bar sortzea izan zen: Panico Films. Etapa berri horretako lehen filma 800 balas izan zen. Ondoren, besteak beste, Crimen perfecto eta Los crímenes de Oxford (2008) bere azken arrakasta handia iritsi ziren. Zinta horretan Elijah Wood, Leonor Watling eta John Hurt bezalako aktoreek parte hartu zuten. Guillermo Martinez idazle argentinarraren Crímenes imperceptibles eleberrian oinarritua, istorioak Martin, idazle amerikar bat, Oxfordeko Unibertsitatera bere tesia egitera iristen dela kontatzen du. Bere tutorearekin duen lehen bileran, eraildako agure baten gorpua aurkituko dute, baina hori beste hainbat erailketen lehena besterik ez da izango. Ikasleak eta irakasleak egiaren bila lan egingo dute.

Beste proiektu batzuk

De la Iglesiak telebistarako ere lan egin du. Horrez gain, Payasos en la lavadora (1997) izeneko eleberria eta egunkarietan hainbat entsegu publikatu ditu.

Orain bi lan berritan ari da lanean: The Yellow Mark, 1953an argitaratutako izen bereko komikiaren moldaketa, eta Think About Disney, beste pelikula bat.

Gainera, 2009ko ekainaren 22tik aurrera Espainiako Arteen eta Zinema Zientzien Akademiako lehendakari berria izango da. Kargua hiru urtetan beteko du bilbotarrak eta erakundearentzat etapa berri bat irekiko du. Izan ere, zuzendariak "nortasun borrokalariagoa batekin" iritsiko dela eta bere asmoa "sektore sozial guztiak eta zinema ikusteko modu guztiak ordezkatzea" dela adierazi du.

(Argazkiak: 1 EFE, 4 www.imdb.com, 5, 6 www.loscrimenesdeoxford.com eta 7 www.parroquianos.com)