Itzuli orri osora
The Godfather, mafia agertokian (III)
vie, 08 may 2009 18:31:00 +0200

Kritikek The Godfather film sortaren pelikularik okerrena dela dioten arren, trilogiaren azken filma bikaina da Corleone familiaren istorioari amaiera emateko. Oraingo honetan, zintak Michaelek bere inperioa legitimatzeko egiten duen saiakera kontatzen du. Lana ez zen oso arrakastatsua izan eta aurreko emanaldiek ez bezala ez zuen Oscar saririk irabazi, beharbada zintaren zuzendariak behin baino gehiagotan adierazi duen bezala lehenengo bi pelikulekin istorioa jada kontatua zegoelako. Hala ere, The Godfather proiektuak bere mitorik txalotuenetako bat eman dio zinemari.

1990. urtean iritsi zen The Godfather trilogiaren hirugarren zatia. Hirugarren aldiz, Mario Puzok eta Francis Ford Coppolak idatzi zuten filmaren gidoia. Gainera, azken hori zuzendaria izan zen berriz ere. Zintak Michael Corleoneren (Al Pacino) istorioa ixten zuen, 80ko hamarkadako mafiaren aitajauna bere inperioa legitimatzen saiatzen den unea. Hala ere, protagonista iraganean egin dituen gauzez damutzen dela erakusten du pelikulak eta istorioari moral kutsua ematen dio. Azken finean, "zintzoa zen eta maltzurra bihurtu den gizon baten istorioa da", hiru zinten zuzendariak behin baino gehiagotan adierazi duen bezala.

Al Pacinok eta Diane Keatonek aurreko lanetako pertsonaia berak interpretatu zituzten, Andy Garcia izan zen lan horretan parte hartu zuten aktore berrietako bat. Vincenten, Michael Corleoneren ilobaren, papera zuen artistak, aitajaunaren alabarekin amodio istorio bat biziko duen gizona.

Errealitatezko islak zituen fikzioa

Corleonetarren historiaren azken filma 1979. urtean kokatzen da. Michaelek jada 50 urte inguru ditu. Lehen eszenan iraganean egindakoak garbitzeko eta bere familiaren ekintzak legalizatzeko eliza Katolikoari emandakoagatik omenaldia egiten diotela ikusten da. Horrez gain, kontuan izan beharrekoa da bere semeak jada helduak direla eta zortzi urte daramatzala bere emaztea zen Kay Adams (Diane Keaton) ikusi gabe. Pelikula honetan Michaelek klana gidatuko duen bere ordezko bat aukeratu beharko du.

Gainera, gidoiaren autoreek, lehen aldiz, errealitatean oinarritutako gertaerak sartu zituzten filmean. Horien artean da Juan Pablo I.a aita santuaren heriotza.

Michael, Anthonyren, Kayrekin izan zuen semearen, debut artistikora joaten denean lortzen du filmak bere klimaxa. Obra Siziliako Operaren Etxean eskaintzen ari diren bitartean, aita santu berria arriskuan dagoela jakinaraziko diote, baina aitajaunaren titulua Vincent bere ilobari eman ostean berak ezin duela ezer egin erantzungo du. Ikuskizuna amaitzean, Mary bere aitarekin eztabaidatzen hasiko da ez duelako alabak Vincentekin duen harreman sentimentala onartzen. Une horretan, mafiako beste buru batek kontratatutako soldatapeko hiltzaile bat Michael hiltzen saiatuko da, baina tiroak Maryri emango dio eta bere bizitzarekin amaituko du. Al Pacinok bere ibilbide profesionalean egin duen eszenarik hunkigarrienetako bat da hori. Michael bere alabaren gorpuaren gainean negarrez eta abailduta erakusten du kamerak. Filmak trilogia hurrengo eszenarekin ixten du: zahartuta dagoen Michael Corleone Siziliako etxe batetako lorategi batean eserita dago eta, bertan, azkenean, hil egingo da.

Parte hartzeak

Zintaren zuzendariak bere senide batzuk sartu zituen aktore zerrendan. Sofia bere alaba Michaelen alabaren papera egitera behartu zuten, filmaketa hasi baino egun batzuk lehenago Winona Ryderrek ezezkoa eman zuelako. Hala ere, ez zen gazteak trilogian parte hartzen zuen lehen aldia izan. Izan ere, Michael Corleoneren iloba jaioberriaren papera ere egin zuen lehen pelikularen amaieran. Horrez gain, Talia Shire, Coppolaren arreba, aitajaunaren arrebaren papera egiten duena da. Pelikulan parte hartu zuten beste senideetako batzuk zuzendariaren ama, biloba eta aita dira. Azken horrek, gainera, soinu banda konposatu zuen.

Golardorik ez

Batzutan bigarren zatiak ez dira onak izaten. Hala ere, The Godfather trilogiak froga hori gainditu zuen. Hirugarrenak, berriz, ez zuen aurrekoen arrakasta lortu. Zinta zazpi Oscar saritara izendatua izan zen arren, film onenarena eta bigarren gizonezko aktore onenarena barne, ez zuen estatuatxorik irabaztea lortu. Urte horretan, Dances with Wolves lanak jaso zuen.

Historiarako mito bat

The Godfather IV laugarren filma izango litzateke Mario Puzo bere egilea hil egin izan ez balitz. Pelikula Sizilian eta New Yorken grabatu behar zuten, 1999an, eta Coppolak zuzendu behar zuen. Lanaren filmaketa hasi behar zutenean, idazlea gaixotu egin zen. Orduan, gidoiaren idazketa eten egin zuten Puzo sendatu arte, baina 1999ko uztailaren 2an hil zen.

The Godfather trilogia zinemako klasikoetako bat da jada. Bai liburuak eta baita filmak ere Cosa Nostra bezalako italierazko terminoak hedatu zituzten. Gainera, betirako geldituko zaigu maisulan honen izpiritua laburbiltzen duen esaldi bat: "Ukatu ezingo duzun eskaintza egingo dizut". Eta horrela da, The Godfather ikusleek inoiz ukatu ezingo duten zinema proposamena baita.

(Argazkiak: www.imdb.com)