Itzuli orri osora
The Godfather, mafia agertokian (II)
jue, 30 abr 2009 18:31:00 +0200

Francis Ford Coppolaren trilogiaren lehen zatiak zinemaren historiako filmik txalotuenetako eta esanguratsuenetako bat izatea lortu bazuen, bigarren emanaldiak ez zuen arrakasta gutxiago izan. Coppolak eta Puzok osatutako bikoak berriz ere funtzionatu zuen eta askorentzat bigarren pelikula honek, Marlon Brandoren parte hartzea ez izan arren, lehenengoa gainditu zuen. Zintak egitura konplexuagoa du, batez ere, bi istorio era paraleloan kontatzen dituelako. Alde batetik, lehen argumentuak aurreko pelikulako istorioa jarraitzen du, XX. mendeko 50eko hamarkadan Michael Corleone aita jaun berria denean. Bestean, lanaren autoreek Corleone familiaren jatorria azaltzea erabaki zuten eta, horretarako, patriarkak klana New Yorken nola sortu zuen kontatzen dute. Zintak sei Oscar sari irabazi zituen.

1974. urtean estreinatu zuten The Godfather II filma, bere aurrekoa baino bi urte beranduago. Lehenengo lana Francis Ford Coppolaren onentzat jotzen bada, bigarren hau ez zen gutxiago izan. Istorioa Michael Corleone pertsonaiaren, Vitoren semerik gazteenaren, ikuspuntutik kontatua dago. Gidoia, oraingoan ere, Coppolak eta Mario Puzok (eleberriaren idazlea) idatzi zuten eta berriz ere sarituak izan ziren. Beste behin, filmak emozio-erretratu bat egiten du harreman sentimentalei eta familiakoei buruz. Horrez gain, AEBetako gizarteko hainbat alderdiri kritika egiten die; ustelkeriari, immigrazioari edo "amerikar ametsari", besteak beste. Azken finean, moralki interesgarriagoa den lan bat da.

Horrela, kontaketa era paraleloan garatutako bi istoriotan banatzen da. Lehenengoa aurreko filmekoaren jarraipena da. 50eko hamarkadan kokatua, zintak Michael Corleone aita jaun berria bihurtu dela eta, orain, familiaren kontuen arduraduna dela azaltzen du. Al Pacinok interpretatzen duen pertsonaiak bere sendiaren kalterako den prozesu bat hasiko du, bere helburua, hain zuzen ere, hori salbatzea bada ere. Michaelen interesa familiaren ekintzak Las Vegas edo Kuba bezalako beste lurralde batzuetara zabaltzea da, baina saiakera horretan gizon hotz eta kalkulatzaile batean bihurtuko da eta, azkenean, bere sendia galtzen bukatuko du. Bere ospea gorenera igotzeko balio izan zion pelikula honek Al Pacinori.

Aldi berean, zintak beste istorio bat aurkezten du, aurrekoarekin guztiz lotuta dagoena gainera. Sepia tonuko filtro baten laguntzarekin, filmean sagaren genesia azaltzen da eta baita familiako patriarkak XX. mendearen hasierako kupula kriminalean sartzeko egindako ibilbidea ere. Gidoiaren zati hau idaztea ez zen lan erraza izan, izan ere, Puzok eleberrian kapitulu bakarra eskaintzen zion Vitoren gaztetako garaiari.

Aurpegi berriak

Aktore berrien artean, Robert De Nirok Vito gaztearen papera egitea izan zen parte hartze berririk garrantzitsuena. Lanak ospea lortzeko balio izan zion, ordura arte ez baitzuen hedapen handiko proiekturik egin. Gainera, zintako beste pertsonaietako bat egiteko castingean ez zuten aukeratu. Hala ere, patriarkaren interpretazio bikainagatik bigarren gizonezko onenaren Oscarra jaso zuen. Meritu handiko saria izan zen gainera, pertsonaiak zituen elkarrizketa gehienak italiarrez baitziren.

Bitxikeriak

Bigarren zati honetako eszena asko borratu egin zituzten. Horrez gain, hasiera batean grabatutako amaiera, Michaelen emaztea, Kay (Diane keaton), bere senarraren arimaren alde errezatzen ari dena, beste baten ordez aldatu zuten. Azkenean, aita jaun berriak bere anaia den Fredoren (John Calzale) exekuzioa agintzen duenean etortzen zaion familiaren burutapena azaltzen duen eszenagatik ordeztu zuten.

Guztira, The Godfather II pelikulak sei Oscar irabazi zituen: film onena, zuzendari onena (Francis Ford Coppola), bigarren gizonezko aktore onena (Robert De Niro), gidoi egokitu onena (Mario Puzo eta Francis Ford Coppola) eta zuzendaritza artistiko onena ((Dean Tavoularis, Angelo Graham y George R. Nelson).

(Argazkiak: www.imdb.com)