Itzuli orri osora
The Godfather, mafia agertokian (I)
vie, 24 abr 2009 18:31:00 +0200

Mario Puzoren obraren moldaketa 1972. urtean iritsi zen zinemara. Proiektuak aurrera egiten zuen heinean izandako zailtasunek emaitza onik iragartzen ez zuten arren, filma, gaur egun, kultuzko pelikula bat da eta, azkenean, bigarren eta hirugarren zati bat izan zituen. The Godfather AEBetako gizarteari, familiako harremanei, politikari eta horren jokaera moralei buruzko kritika bat da. Mafia, azken finean, ikuslea istorio horretako epaile bihurtzeko erreminta bat besterik ez da. Filma, gainera, Francis Ford Coppola ospetsu bilakatzeko tranpolina izan zen. Zuzendariak, Marlon Brando eta Al Pacino bezalako aktoreen eskutik Hollywood konkistatu zuen.

Liburua eta Francis Ford Coppolak zuzendutako hiru filma krimen istorio bat baino gehiago dira. Puzoren lana eleberri beltzaren klasikoetako bat dela diote askok eta argitaratu eta hiru urtetara, Coppolak bere zinemarako moldaketa zuzendu zuen. Istorio honek (hiru filmek osatutakoa) garai baten eta giro baten erretratu zehatza egiten du.

Ezusteko arrakasta

Argitaratu bezain laster Puzoren eleberriak arrakasta handia izan zuen, eta ironikoa izan arren, idazleak ez zuen emaitza gustuko eta dirua irabazteko helburuarekin idatzi zuela ere esan zuen. 1968an, liburuaren egileak Robert Evans Paramount Pictureseko ekoizle nagusia ezagutu zuen eta Mafia izeneko proiektu baten lehen zirriborroak proposatu zizkion. Evansek, bere aldetik, eleberriaren eskubideak 12.500 dolarren truke erosi zizkion. Urtebete beranduago, ekoiztetxeak obra pantaila handira eramatea erabaki zuen eta, hasiera batean, asmoa gangsterren ohiko pelikula bat egitea zen. Baina, proiektua aurkeztu zutenetik lanak polemika sustatu zuen. Izan ere, hainbat talde italiar-amerikarrek kexuak aurkeztu zituzten eta filmaketa aurrera ez eramateko meatsuak ere jaso zituen lan taldea.

Hasiera batean, filma aurrekontu gutxiko proiektu bat izan behar zen eta, horregatik, zuzendari gazte eta ezezagun bat aukeratu zuten: Francis Ford Coppola.

Zinemagileak Mario Puzorekin lan egin zuen eleberriaren moldaketan. Bakoitzak bere aldetik gidoi bana idatzi zuen, beti kontaktua mantentzen zuten arren. Emaitza hiru orduko film bat egiteko 163 orrialdetako gidoi bat izan zen. Arazoak ekiditeko, mafia hitzari erreferentzia egiten zion guztia kentzea erabaki zuten.

Filmak nobelaren gertakizun garrantzitsuenak biltzen ditu. Horretarako, Coppolak gertaera horiek azaltzen ziren orrialdeak kendu eta koaderno batean itsatsi zituen. Liburuan ez bezala, autoreak eta zuzendariak ez zuten pelikulan denboran saltorik gertatzea nahi eta, horregatik, kontatutako zenbait gauza pertsonaien berreskuratzea ematea erabaki zuten. Garrantzi gutxiagoko istorioak eta bigarren mailako pertsonaiak murriztean, ikusleak bere arreta guztia Corleone familian izatea lortu zuten.

Saioak hasi zituztenean, Puzo proiektutik bota zuten eta Paramountek ez zion idazleari istorioaren azken muntaketa ikusten ere utzi.

Ekoizpen handi bat

Filmaketak 77 egun iraun zituen, Coppolak zinta grabatzeko eskatu zituenak baino bost gutxiago. Zinemagileak eleberriarekin fidel izan nahi zuen eta horregatik Paramountek 6 milioi dolar inbertitu behar izan zituen proiektuan, hasiera batean hitzartutakoa baino sei aldiz gehiago, eta ekoizleei ez zitzaien batere gustatu. Hala ere, irabaziak ere izugarriak izan ziren. Guztira, trilogiaren lehen zati honek 245.066.411 dolar irabazi zituen.

The Godfather filmean, gainera, momentuko izar handi batzuk eta pelikula honekin ospea lortu zuten beste aktore batzuk parte hartu zuten. Marlon Brando izan zen Coppolak Vito Corleoneren papera egiteko aukeratu zuena. Zuzendaria eta Puzo bera ados zeuden arren, ekoizleek ez zituzten aktorearen nabarmenkeriak jasan nahi. Hala ere, zenbait baldintza onartu ostean, Brandok proiektuaren arduradunak txundituta utzi zituen froga bat egin zuen. Izan ere, bere antzezpenerako gaitasunez gain, aktoreak algodoiak sartu zituen masailezurretan eta Vito Corleoneren interpretazio bikaina egin eta ekipo osoa konkistatu zuen.

Al Pacino aktore lanetan hasi berria zen eta Michaelen, Vito Corleoneren seme gazteenaren, pertsonaia egiten zuen. Diane Keatonek, bestalde, Michaelen neska-lagunarena egiten zuen. Horiek, pelikula honi esker ezagun bihurtu ziren aktoreetako batzuk besterik ez dira.

Pelikularen soinu banda, bestalde, Nino Rota konposatzailearena da.

Garaipen preziatu bat

The Godfather AEBko eta munduko zinemaren historiako ekoizpen txalotuenetako bat da. Zinta inoiz egin den film onenen artean dago eta Francis Ford Coppolaren onena da.

1973an, hiru Oscar sari irabazi zituen: aktore onena (Marlon Brando), film onena eta gidoi egokitu onena (Mario Puzo eta Francis Ford Coppola). Horrez gain, bost urrezko globo jaso zituen: drama film onena, zuzendari onena, drama aktore onena, abesti onena eta gidoi onena.

Hala ere, The Godfather I beranduago osatuko zen trilogia baten lehen zati izan zen. Horrela, 1974an The Godfather II iritsi zen eta 1990an, The Godfather III.

(Argazkiak: www.imdb.com)