Itzuli orri osora
2009ko estreinaldiak (III)
vie, 20 feb 2009 18:31:00 +0100

2009a zuzendari handien itzulera urtea izango da. Izan ere, denboraldi batez lanik aurkeztu gabe egon ostean, Francis Ford Coppola edo James Cameron bezalako izenak aurtengo film batzuetako kredituetan berriro azalduko dira. Hala ere, ez dira karteleratik pasako diren zinema zuzendari handi bakarrak. Horrela, Clint Eastwoodek, Martin Scorsesek eta Quentin Tarantinok ere beraien produkzio berriak aurkeztuko dituzte.

Gran Torino

Walt Kowalski erretiratutako mekanikoak bere egunak etxeko konponketa txikiak eginez, zerbeza edanez eta bizarginari hileroko bisita eginez igarotzen ditu. Emaztearen heriotzaren ondoren Koreako Gerrako beterano ozpinduak ez du inorengan konfiantza, Daisy txakurra da bere babes bakarra. Garai bateko bizilagunak hil edota beste hiri batera mugitu dira. Horien ordez, gutxiesten dituen hmong immigranteak iritsi dira. Walti hil arteko egunaren zain egotea besterik ez zaio falta, norbait bere Gran Torinoa lapurtzen saiatzen den arte.

Clint Eastwood alargun erretxindua auzoko gazte baten eta horren familiaren lagun egingo da. Pertsonaia bere karrera profesionalean interpretatu dituen zenbait pertsonaien sintesia da. Izan ere, Walt Kowalskik Unforgiveneko William Munnyren, Pale Ridereko Predikariaren eta Dirty Harry sagako Harry Callahanen antza du. Filma Hegoaldeko zinema-aretoetan ikusgai izango da datorren martxoaren 6an.

Tetro

Hainbat urtez filmik estreinatu gabe egon ondoren, Francis Ford Coppolak Youth Withoyt Youth kaleratu zuen 2007an. Aurten iritsiko da film hori Espainiako Estatura, eta horrekin batera, zinegile handi horren azken lana: Tetro. Bere esanetan, pelikula autobiografiko bat izango da. Argentinara emigratzen duen Italiako artista-familia baten istorioa kontatzen du, hainbat belaunalditan zehar.

Tetron, 18 urteko argiztatzaile batek AEBetatik Argentinara joatea erabakitzen du bere arbaso italiarrak bilatzeko. Bidaia horrekin hasten da filma.

Shutter Island

Shutter Island, Martin Scorseseren lan berria, Dennis Lehaneren eleberriaren moldaketa da. Bi ikertzailek ospitale psikiatriko batetik ihes egin duen hiltzaile baten bila hasi beharko dute. Ikerketaren baitan, irla bakarti batera joko dute, eta han, arazo meteorologikoak medio, inolako laguntzarik jaso ezinik geratuko dira.

Martin Scorseseren lan berria urteko bigarren seihilekoan iritsiko da, baina oraindik ez da ezagutzera eman data zehatza.

Inglorious bastards

Bigarren Mundu Gerran giroturik dago Inglorious bastards filma. Soldadu aliatuek zenbait kriminal exekuzio lekura mugiaraziko dituzte. Nazien enboskada batekin egingo dute topo eta guztiak hilko dira, kriminalak izan ezik. Presoek Suitza herrialde neutralera mugitzea erabakitzen dute, baina aurretik nazien eta aliatuen atzaparretatik ihes egin beharko dute. Filma 2009an estreinatuko bada ere, Quentin Tarantinoren lanaren estreinaldiaren data zehatzik ez dago.

Avatar

Zenbait urtez fikziozko filmik egin gabe egon eta gero, James Cameron Avatar film berriarekin dator. 200 milioi dolarretako aurrekontua du filmak eta James Cameron zuzendariaren apustu ausartenetako bat da. Titanic filmaren zuzendariak humanoideak bizi diren 3 dimentsiotako planeta bat egin du. Zauritutako marine ohi bat bere borondatearen kontra bioaniztasunean aberatsa den planeta batera bizitzen jartzera behartuta egongo da. Planeta berrian bizirauteko indigenen lider bihurtuko da. Datorren abenduaren 18an iritsiko da filma zinema-aretoetara.

(Argazkiak: www.imdb.com)