Itzuli orri osora
2009ko estreinaldiak (II)
vie, 13 feb 2009 18:31:00 +0100

Zinemagintzak ere teknologia berrien garapenarekin bat egiten du eta hobetzeko aukerarik ez du galtzen. Horregatik, filmak egiteko teknika berri horiek ere urte honetan zinema-aretoetako pantailetara iritsiko diren estreinaldiekin bat egingo dute. Horrela, "3Da iraultza bat izango da", adierazi du Jeffrey Katzenberg DreamWorks Animationeko zuzendari exekutiboak. Zuri-beltzeko irudietatik koloreko pelikuletara aldatu zen garaiko matxinadarekin parekatu daitekeena.

The Curious Case of Benjamin Button

Brad Pitten berriena F. Scott Fitzgeraldek XX. mendeko hogeiko hamarkadan idatzitako istorioaren egokitzapena da. Brad Pittek antzezten duen gizona 80 urterekin jaio da eta urteek aurrera egin ahala gaztetuz joango da, horrek eragingo dizkion ondorio guztiekin. Protagonistaren bizitza ezohiko bidaia da, I. Mundu Gerratik hasi eta XXI. mendera arte. Filmean ezohiko gizon horren bizitza kontatzen da, bidean ezagutzen dituen lagunak, amodioak, bizitzako tristurak eta pozak tartean.

Filma 13 sailetan izendatuta dago Oscar sarietan, tartean Film onenaren, Zuzendari onenaren, Aktore onenaren eta Emakumezko Bigarren Aktore onenaren sarirako. Brad Pittek filma prestatzeko egindako eraldaketa joan den ostiraletik ikusi daiteke zinema-aretoetan.

Slumdog Millionaire

Jamal Malik Bombayko auzune txiro batean bizi den umezurtz gazteak "¿Quién quiere ser millonario?" lehiaketaren bertsio indiarrean parte hartzea erabakitzen du. Guztien harridurarako Jamalek galdera guztiak zuzentasunez erantzungo ditu. Jamal azken galdera erantzun eta 20 milioi errupia irabazteko prest dagoenean, atxilotu eta galdeketa egingo diote. Jamalek galdera guztien erantzuna nola zekien azaldu beharko dio poliziari eta, horretarako, bere bizitzako zenbait momentu kontatu beharko ditu. Bide batez, lehiaketan parte hartzeko benetako arrazoia zein den argituko da.

Gaur bertan iritsiko da Hegoaldeko zinema-aretoetara Indian hainbesteko eztabaida eragin duen filma. Txabolisten Babeserako Batzordeak auzitara eraman ditu filmean parte hartzen duten indiarrak. Salatzaileak Indiako auzune txiroetako egoiliarrak modu txarrean deskribatzen dituela eta titulua indiarrentzat iraingarria dela arrazoitu du. Indian kritika gogorrak jaso baditu ere, nazioartean zenbait sari jaso ditu, besteak beste, 4 Urrezko Globo irabazi ditu eta Oscar sarietarako 10 izendapen jaso ditu.

The Reader

Egiaren eta adiskidetzearen inguruko istorio kezkagarria da eta aurreko belaunaldiaren hilketak onartzen dituen ondorengo belaunaldiaz ere dihardu. The Reader II. Mundu Gerraren ondorengo Alemanian hasten da. Ikastetxetik etxera dihoala Michael Berg nerabea ondoezik sentitzen da eta Hanna adina bikoizten dion emakumeak etxeraino lagunduko du. Sendatzean Michael Hannaren bila hasiko da eskerrak emateko. Horrela bien arteko amodio istorio gartsu eta eztia hasiko da. Hannak gogoko du Michaelek berari liburuak irakurtzea eta honela euren arteko erlazioa sakonagoa egingo da. Hala ere, egun batez Hanna desagertu egingo da eta Michael nahasita eta atsekabetuta geratuko da. Zortzi urte beranduago, Zuzenbideko ikasle dela epaiketara joango da eta harrituta geldituko da akusatuen aulkian Hanna ikustean.

Kate Winsletek dramazko emakumezko aktore onenaren Urrezko Globoa eta Bafta golardoa eskuratu ditu film horretan eginiko lanarengatik. Horrez gain, emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako izendatuta dago eta filmak orotara bost izendapen jaso ditu, horien artean, film eta zuzendari onenarena. Filma gaur bertan estreinatuko da Hegoaldeko zinema-aretoetan.

Watchmen

Alan Moore eta Dave Gibbons britainiarren komikian oinarrituta dago. 80ko hamarkadako mendebaldeko gizarteari eta egungo gizarteari eginiko kritika bat da filma. Misterio eta abenturaren arteko nahasketa konplexua da. 1985eko AEBetako gizartean superheroiak gizarteko egiturako parte dira. Bere lagun ohietako bat erailtzen dutenean, Rorschach maskaradun zaindariak ondorio hondagarriak izango dituen konspirazio kezkagarria du buruan. Bere helburua gizateria zaintzea da, baina nork zelatatuko ditu Watchmen deituriko horiek? Superheroiak datorren gaur iritsiko dira Hegoaldeko zinema-aretoetara.

Monsters vs. Aliens

DreamWorks Animation etxeak eginiko azken filma datorren apirilaren 3an helduko da zinema-aretoetara eta 2009an estreinatuko den 3 dimentsioko lehen filma izango da. Berritasun hori zinemaren historiako mugarri bihurtuko da.

Susan Murphy kaliforniarrari espazioko zaborraz beteriko meteorito bat erortzen zaionean, atzeman eta gobernuko euspen eremu sekretu batera eramango dute. Susan moduan beste hainbat monstruo daude kartzelaratuta. Hala ere, Provoker jeneralak aske utziko ditu herrialdea suntsitzen ari den robot bati aurre egiteko. Bataila irabazi ostean robotaren ontzi inudeari egin beharko die aurre. Galaxhar maltzurrak ordea, bere ontzia itzultzeko eskatuko du edota Lurra suntsituko du bestela. Beraz, monstruoen esku dago mundua suntsipenetik libratzea.

Up

Wall-E filmarekin lorturiko arrakastaren ostean, Disney Pixar hiru dimentsioko animaziozko film honekin dator. Carl Fredricksen 78 urteko globo saltzaileak bere bizitzako ametsa egia bihurtzea lortzen du milaka globo bere etxeari lotu eta hegan irtetea lortzen duenean. Hala ere, beranduegi ohartuko da bere amesgaiztoetako bat bide lagun izango duela. Russell 8 urteko oihaneko esploratzailea ere berarekin doa. Hegoaldeko zinema-aretoetan estreinatuko da filma datorren ekainaren 12an.

Film horren bitartez Disney Pixar binomioak gure gizarteko zaharrek zer kontatu eta erakutsi badutela adierazi nahi dute.

Coraline

"Slow motion" teknika hiru dimentsioekin uztartzen duen lehen produkzioa da. Zine zaleek ekainaren 26ra arte itxaron beharko dute filma ikusteko.

Neskato batek bere etxe berrian unibertso paralelo batera sartzeko ate bat aurkitzen du. Hasieran, haurra oso gustura dago unibertso horretako bizimodua hobea baita, baina guztia okertuko da amak betirako geratzeko eskatzen dionean. Coraline bere lehenagoko bizimodura itzultzen saiatuko da bizilagunen, hitz egiten duen katu baten eta bere ausardiaren laguntzarekin.

(Fotos: www.imdb.com)