Itzuli orri osora
2009ko estreinaldiak (I)
vie, 06 feb 2009 18:31:00 +0100

Bigarren zatiak onak ez direla esaten den arren, egia da azken denboraldian zineak hauei esker aurrera egin duela. Horrela, aurten zinemaren industriak arrakasta ziurtatua duten isotorioak luzatzearen alde egingo du. 2009an, beraz, saga berrien atal berriak edota aurretiazkoen atal berriak izango dira nagusi karteldegian. Gerrilari iraultzaile bat, botere ezkutu bat duen mutil bat, ongiaren eta gaizkiaren arteko dualtasuna, mago nerabeak eta animaziozko pertsonaiak pantaila handiaren jaun eta jabe egingo dira.

Che, guerrilla

Che, el argentino iaz estreinatu ostean Steven Soderbergh eta Benicio del Toro Cheren bigarren eta azken atalarekin datoz.

Kubako iraultzaren ostean Che ospe eta botere gorenean dago. Gerrillariak diskurtso sutsua emango du Nazio Batuen erakundearen egoitzan Hirugarren munduak AEBen inperialismoaren kontrako borrokan duen konpromisoa berresteko. Bat-batean arrastorik utzi gabe desagertu egingo da. Inkognito gisa berragertuko da Bolivian isilpeko operazioak eginez. Latinoamerikako Iraultza Handiari hasiera emateko Kubako erkide eta Boliviako soldadugaiekin talde txiki bat osatuko du.

Cheren Boliviako kanpaina heriotzara eramango duen irmotasunez, sakrifizio< eta idealismoz beteriko abentura bat da. Filma datorren otsailaren 27an estreinatuko da.

Dragonball Evolution

Dragonball Evolution balizko trilogia baten lehen zatia da eta Akira Toriyamaren manga japoniarrean oinarritu dago. James Wong zinegileak zuzendu eta Justin Chatwin zein James Marsters aktoreen parte hartzea izan du lagun. Milioika zalek itxarondako emaitza datorren apirilaren 8an iritsiko da Hegoaldeko zinema-aretoetara.

Goku gainerako mutikoengandik ezberdina da. Ezkutuko botere bat eta iragan misteriotsua ezkutatzen du bere atzean. Bere aitonaordea eta maisuarekin batera bizi da mendian. Bere aitonaren erailketaren ondoren, Gokuk bidaia bati ekingo dio Mutenroshi maisua aurkitu eta 7 dragoi bolak biltzeko. Izan ere, bola magikook biltzea da Piccoloren asmo maltzurrak saihesteko bide bakarra. Bidaian zehar maisu handien eskolak jasoko ditu Lurraren etorkizuna erabakiko duen Piccoloren kontrako azken borroka prestatzeko.

Ángeles y demonios

El codigo DaVinciren egileak Ángeles y Demonios deituriko bigarren zati batekin datoz. Aipaturiko filmea Dan Brown idazlearen izen bereko best-selleraren egokitzapena da. El código DaVinci eleberriaren aurretik idatzitako liburua da eta, beraz, filma bigarren zati bat baino, iraganerako atzera buelta bat izango da.

Tom Hanks aukeratu dute egileek beste behin fikzioan Robert Langdon Harvardeko erlijio aditua errepresentatzeko. Doktorea konturatuko da aitzinako indarrak ezeren aurrean ez direla geldituko, ezta erailketa baten aurrean ere. Datorren maiatzearen 15ean helduko da filma Hegoaldeko zinema-aretoetara.

Terminator Salvation

2018. urtean girotuta dago filma, apokalipsiaren ondoren, hain zuzen ere. John Connor gizona aukeratu dute Skynet eta bere Terminators ejertzitoaren aurkako giza erresistentziaren buru izateko. Guztia hankaz gora ipiniko da Marcus Wright azken oroitzapen gisa heriotzaren korridorean egon izana gogoratzen den atzerritarra agertzen denean. Connorrek erabaki beharko du Marcus iraganetik ala etorkizunetik bidalia izan den. Skynetek azken erasoa prestatzen duen bitartean, Connor eta Marcus Skyneten operazio zentroaren berri izango dute. Bide batez, giza arrazaren deuseztapenaren atzean ezkutatzen den sekretuaren berri izango dute. Terminatoren azken atala datorren ekainaren 5ean helduko da.

Ice Age 3: el origen de los dinosaurios

Guztiz hiru dimentsiotan egina dagoen hirugarren atal horretan Mafred, Sid, Diego eta Elliek bizitzako mehatxu handienari egin beharko diete aurre: dinosaurioei, hain zuzen ere.

Ellieren haurdunaldiak arazoak sortuko ditu taldean. Diego gutxietsita sentituko da eta alde egitea pentsatuko du. Sid, betiko moduan, taldea batuta mantentzen ahaleginduko da. Indiana Jonesen tankera duen pertsonaia bakarti batek bere agerpena egingo du taldeari dinosaurioei aurre egiten laguntzeko. Filma datorren uztailaren 3an estreinatuko da.

Harry Potter y el misterio del Príncipe

Jada gutxiago falta da Harry Potterren seigarren atala zinema-aretoetara heltzeko. Datorren uztailaren 17ra arte itxaron beharko da Harry Potter pantaila handian berriz ikusteko.

Voldemortek Muggle zein magiaren munduaren kontrola hartu du eta Hogwarts ez da lehengo toki segurua. Harryk gaztelua ere arriskutsua izan daitekeela susmatzen du. Dumbledorek badaki azken borroka gerturatzen ari dela eta horregatik Harry prestatu nahi du. Eskolaren hormen artean hormonak nahasita dabiltza. Ginnyk Harry zein Dean Thomas erakartzen ditu. Amodioak ugaritzen ari dira, baina ikasleetako bat inguru horretatik aparte geratu da. Aipaturiko ikaslea bere helburu maltzurra betetzeko asmotan dabil. Maitasuna nagusi da Hogwartseko txoko guztietan, baina zorigaitza helduko da erreinura.

Star Trek 11

Zientzia fikziozko hamaikagarren atala datorren uztailaren 20an iritsiko da zinema-aretoetara. Hala ere, ez da Star Trek film sailaren jarraipena, denboran atzera egin eta Capitan Kirk eta Spocken hasierako urteak kontatzera baitatoz filmeko protagonistak.

(Argazkiak: www.imdb.com)