Itzuli orri osora
Agur Jean Delannoy zinemagile frantses handiari
vie, 24 oct 2008 18:30:00 +0200

Pasaden ekainean zinema frantsesak bere historiako pertsonaiarik hoberenetarikoa eta polifazetikoenetarikoa galdu zuen. Jean Delannoyk utzi duen hutsa nekez bete ahal izango dute berriro.

Jean Delannoy gidoilaria, elkarrizketagilea, muntatzailea, egokitzailea eta, batez ere, zuzendaria 100 urte zituela hil zen ekainaren 18an bere Guainvilleko etxean, Frantziako ipar-ekialdean. Arrakasten zerrenda luze bat utzi digu, zinemaren ikuspegi guztiak probatu baitzituen.

1908ko urtarrilaren 12an jaio zen Moisy-le-Secen, Pariseko iparraldean, eta oso gaztetik ikuskizunen munduan murgildu zen. Bere karrera 1926an hasi zuen figurante moduan Alexandre Volkoffen Casanova lanean, baina 30eko hamarkadaren hasierara arte ez zuen grabatu bere lehenengo filma. Interpretazioa muntaiagatik alboratu zuen eta Paramount Joinvilleko muntatzaile nagusi izatera heldu zen.

1938an soilik obra propioak muntatzea erabaki zuen, eta 1942an Frantziako publikoarengana hurbiltzea lortu zuen nazien okupazioaren aurka erresistentziari ekiteko deialdia egiten zuen pelikula batekin. Pontcarral, colonel d'empire zen zinta hura, eta garai napoleonikoan oinarrituta zegoen. Bere lehenengo garaipen handia, L'Eternel Retour, 1943an ailegatu zen, Frantzia alemaniarren okupazioaren mende zegoenean.

Dellanoy ez zen horrekin ase, gehiago behar zuen. Zazpigarren artearekiko sentitzen zuen grinak muntaia uztera bultzatu zuen bere pelikulen gidoilari ere bihurtzeko. Horrela, 1946an, Canneseko Jaialdiko sari nagusia lortu zuen La Symphonie pastorale zintarengatik, eta bertako emakumezko protagonistak, Michelle Morganek, emakumezko interpretazio hoberenaren saria.

Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, 1947. urtean, Jean-Paul Sartre filosofoak bere beste film luze famatuenetariko baten gidoia sinatu zuen, Le jeux sont faites, gizon baten eta emakume baten heriotzaz haragoko amodioari buruzkoa.

Nouvelle Vague mugimenduko artistak, Francois Truffaut buru zutela, oso kritikoak ziren harenlanarekin. Horrek ez zuen inondik inora Jeann Delannoyrengan eragin, eta 1956an Marie-Antoinette reine de France eta bere lan goraipatuenetako bat, Notre Dame de ParĂ­s, sortu zituen.

60ko hamarkadan ez zuen gelditu lanen produkzioa; arrakastak lortzen jarraitu zuen azkartasun harrigarriarekin: Venus imperial (1962), Les sultans (1966) edo Le Soleil des voyous.

Bere azken bi errealizazioak La passion de Bernadette (1989) eta Marie de Nazareth (1994) izan ziren. Frantziako Zinematekak eskaini dituen datuen arabera, egun oraindik bere filmetako bat Lourdeseko (Frantzia) zinemetan ikus daiteke: Bernadette (1987)

Bere ibilbide ezin hobeari esker, 1982.urtean Frantziako Zinema Akademia Nazinalaren presidente izendatu zuten. Horrez gain,, ezin dugu ahaztu telebistan ere lan egin zuela.

Nicolas Sarkozyk, Frantziako presidenteak, nabarmendu zuen moduan, "bere pelikulek beti liluratuko gaituzte". Ez Frantziak, ez mundu osoak, ezin ahaztuko dute ikuskizunen munduari hainbeste eman eta irakatsi dion artista handi hau.

(Argazkiak: 1: www.frenchfilms.com; 2: www.daily.greencine.com; 3: www.jornadaonline.com; 4: www.affichescinema.com; 5: www.cineactu.com; 6: www.multimedia.fnac.com).