Itzuli orri osora
Ehun urte pasa dira Edward Dmytryk jaio zenetik
vie, 12 sep 2008 18:29:00 +0200

Edward Dmytryk jatorri ukraniarra zuen zinemagile estatubatuar emankorra izan zen, eta zeluloidearekin izan zuen harremana Hollywooden pairatu zuen sorgin ehizak markatu zuen. Komunismo seinaleen aurka sortu zen macartismoaren ondorioz sufritutako jazarpenez gain, Dmytrykek kalitate handiko ekarpena egin zuen. Irailaren 4an bere jaiotzatik ehun urte bete ziren.

Kanadan jaio zen 1908an eta Los Angelesen (Kalifornia), berriz, hil, 1999ko ekainaren 1ean. Dmytrykek 50 pelikula baino gehiago eman zizkion zinemari, eta asko uneko izar garrantzitsuenek protagonizatu zituzten, besteak beste, Marlon Brando, Humphrey Bogart, Spencer Tracy, Elizabeth Taylor, Bette Davis, Richard Widmark, Henry Fonda eta Clark Gable aktoreek.

Kaliforniako Teknologia Institutuan ikasi zuen eta mandatari lanetan hasi zen Paramount estudioan. Hala ere, bere ibilbidea ez zen hasi 1930eko hamarkadara arte. Urte haietan hainbat zinten muntatzaile gisa aritu zen, besteak beste, Leo McCareyren Love Affair (1939) eta George Cukorren Zaza (1939) filmak muntatu zituen. Postu hori lorbide bat izan zen zuzendaritza lanetan hasteko.

Industria zinematografikoaren kideak zalantzan jarri eta komunisten atzetik ibili zen "macartismoa" delakoa hedatu baino lehen, Dmytrykek arrakasta lortu zuen zuzendari gazte onenen artean.

Garai horretakoak dira Hitler's Children (1943) lan antifaxista, Raymond Chandlerren eleberri batean oinarritutako My Sweet Murder (1944) eta Crossfire (1948), antisemitismoa jorratu zuen lehen lanetarikoa eta Oscar sarietan zuzendari onenaren izendapena lortu zuena. Dmytryken garai onena izan zen hori.

1948an, Till the End of Time (1946) filmean ezagutu zuen Jean Porter aktorearekin ezkondu zen eta berarekin hiru seme-alaba izan zituen. Hori bere bigarren ezkontza izan zen, Madeleine Robinsonekin 15 urte pasatu baitzituen aurretik.

"Hollywoodeko hamarretako" bat

Denbora gutxira Amerikarren kontrako Ekintzen Komitearen aurrean agertu behar izan zuen, baina ez zituenez Alderdi Komunistako adiskideak salatu, Virginia mendebaldeko Mill Point kartzelan espetxeratu zuten.

Salatari bat izateari uko egin ostean, "Hollywoodeko hamarretako" taldean sartu eta urte bateko espetxe zigorrera kondenatu zuten, lanpostua galtzeaz eta industriako baztertuen artean kokatzeaz gain.

Ingalaterran jarraitu zuen lanean, baina arazo ekonomikoek AEBetara itzultzera behartu zuten. Bigarren Mundu Gudan Alderdi Komunistako kide izatea aitortu eta adiskide batzuen izenak eman zituen, baina, beranduago azaldu zuenez, komiteak dagoeneko eskuetan zituen izenak izan ziren. "Izendatu nituen pertsona guztiak zerrenda beltzean zeuden jadanik", esan zuen 1973an egindako elkarrizketa batean.

The End of the Affair (1955) lanagatik Canneseko Jaialdian Urrezko Palmondora izendatua izan zen Dmytrykek jarrera aproposena hartu zuela pentsatu zuen arren, industriako adiskide askok ez zioten keinu hori barkatu eta salataritzat hartu zuten, bere ibilbide profesionala ilunduz.

1965ean Donostiako Zinemaldiko pelikula onenaren Urrezko Maskorra jaso zuen Mirage filmarengatik eta saria Otakar Vavraren Zlatá reneta lanarekin partekatu zuen. Baina bere ibilbidea gainbeheraldi batean sartu zen eta zazpi zinta gehiago filmatu zituen bakarrik. Azkena He is my Brother (1976) izan zen.

Haren ondoren, Dmytrykek irakaskuntzara bideratu zituen bere urratsak. Austineko Unibertsitatean (Texas) Zinemaren Teoria eta Ekoizpena irakatsi zuen bost urtez eta 1981ean Hego Kaliforniako Unibertsitatera joan zen eta bertan egon zen.

Irakasle gisa lanean egon zenean, zinemaren inguruko hainbat liburu argitaratu zituen, besteak beste, On Screen Directing eta On Film Editing. Azken horretan muntaia "filmetako errealitatearen sortze indarra" dela azaltzen du.

(Argazkiak: 1: IMDb; 2: frank-diario.blogspot.com/2008/03/motn.html; 3, 4, 5, 6: IMDb)