Itzuli orri osora
Anne Bancroft, Mrs. Robinson
vie, 11 jul 2008 18:29:00 +0200

Anne Bancroftek arrakasta handia lortu du bai zineman bai antzerkian; hala ere, El Graduado (Mike Nichols, 1967) filmean egin zuen antzezpen morbosoarengatik gogoratzen dute bereziki, Robinson andrearen pertsonaiak mito erotiko bihurtu baitzuen.

Niebla en el alma (Roy Baker, 1952) eta Demetrio y los gladiadores (Delmer Daves, 1954) lanetan, ia-ia B seriekoak ziren pelikulatan, parte hartu ondoren, Bancroftek Broadwayen Two for the Seesaw obrarekin egin zuen debuta, Henry Fondarekin batera.

Taulen gainean izan zuen arrakasta berehalakoa izan zen. 1960an El milagro de Ana Sullivan obran paper nagusia antzeztu zuen eta publikoak eta kritikak bere lana goraipatu ondoren, Tony saria irabazi zuen.

Zineman ere paper bera egin zuen El milagro de Ana Sullivan (Arthur Penn, 1962) lanean eta aktore onenaren Oscar saria jaso zuen honengatik. Sari horrek hamarkada bateko lan gogorra aitortu zion, ezbehar eta frustrazio bat edo beste izan zuen hamarkada, hain zuzen. Horrez gain, bere ospea bat-batean hazi zen, bere ibilbide profesionalaren erritmo frenetikoa jaitsi zen arren.

1960ko hamarkadan antzezpen gogoangarriak egin zituen film hauetan: Siempre estoy sola (Jack Clayton, 1964), La vida vale más (Sidney Pollack, 1965) eta Siete mujeres (John Ford, 1966). Hala ere, bere filmografiako pertsonaiarik ezagunena Robinson andrearena izan da, El Graduado lanean; Dustin Hoffmanekin aritu zen bertan.

Hortik aurrera, Bancroft aktore kontsakratua izan da, baina, bere pertsonaiak aukeratzeko orduan, beste irizpide batzuk mantentzea nahiago izan du. Horregatik, paper nagusi asko egin dituen arren, denboraren poderioz, bigarren mailako pertsonaiak aukeratu ditu eta telebistarako zenbait ekoizpenetan ere parte hartu du. Modu honetan, El joven Winston (Richard Attenborough, 1972), Hindenburg (Robert Wise, 1975), Jesús de Nazaret (Franco Zeffirelli, 1977) eta Paso decisivo (Herbert Ross, 1977) lanetan ikus dezakegu.

80ko hamarkadan Fatso komedia zuzendu zuen, berak idatzitako gidoi batetik abiatuta. Horrez gain, El hombre elefante (David Lynch, 1980), Soy o no soy (Alan Johnson, 1983), Agnes de Dios (Norman Jewison, 1985), Buenas noches, madre (Tom Moore, 1987) eta Trilogía de Nueva York (Paul Bogart, 1988) pelikuletan parte hartu zuen.

Hurrengo hamarkadan, berriz, Mr. Jones (Mike Figgis, 1993), Donde reside el amor (Jocelyn Moorhouse, 1995), La teniente O'Neal (Ridley Scott, 1997), Las seductoras (David Mirkin, 2001) eta La primavera romana de la señorita Stone (Robert Allan Ackerman, 2003) filmetan ere hartu zuen parte.

Bancroft 1953an ezkondu zen lehen aldiz eta lau urteren ondoren dibortziatu zen. 1964an Mel Brooks komediako aktore eta zuzendariarekin ezkondu zen eta, 1972an, seme bat izan zuten: Max.

2005eko ekainaren 7an hil zen New Yorkeko Mount Sinai ospitalean, uteroko minbiziak jota.

(Argazkiak: IMBD)