Itzuli orri osora
Antoni Ribas, galtzaileei hitza eman zien zinemagilea
jue, 11 oct 2007 18:28:00 +0200

Duela gutxi hil den Antoni Ribasen ibilbide profesionala Franco zendu ostean trantsizio demokratikoari esker beren ideiak aditzera eman ahal izan zituzten Espainiako Gerra Zibileko galtzaileen aldarrikapenei lotuta egon zen. Horixe erakusten dute La ciutat cremada (La ciudad quemada) eta Terra de canons (Tierra de cañones) bezalako lanek. Erabat inkonformista eta ezin kritikoagoa, Generalitateari pelikula bat filmatzeko diru-laguntza eske 1993an Sant Jaume plazan kanpatuta egin zituen 10 hilabeteetan bizitako gorabeheren inguruko film autobiografiko batean ari zen lanean heriotzak ezustean harrapatu zuenean.

Ribas Bartzelonan jaio zen 1935ean. Zuzenbidean lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean, eta, Madrilen, berriz, Ekonomi Zientziak ikasi zituen. 1976ko La ciutat cremada (La ciudad quemada) filma izan zen bere zinemagile ibilbideko lanik arrakastatsuena. Bartzelonako Aste Tragikoa oinarritzat hartuta XX. mende hasierako Kataluniako gizartearen margolan horrekin Biarritzeko Latinoamerikako Zinema eta Kulturen Jaialdian sari nagusia irabazi zuen Ribasek.

Arrakasta horren ostean, Ribas zortzi orduko Victòria film ikaragarrian lanean hasi zen buru-belarri. Azkenean, hiru ataletan bereizi zuen, zinema-aretoetan eman zezaten. Kataluniako historiako unerik esanguratsuenen inguruko pelikula horrek ez zuen aurrekoaren arrakastarik lortu, eta arazo ekonomiko larriak eragin zizkion gainera.

Ribasek Terra de canons (Tierra de cañones) pelikularen filmazio zailari ekin zion gero, 1993an. Gerra Zibilean familia batek bizitako gorabeherak jorratzen zituen film hori aurrera eramateko, hamar hilabete egin zituen Ribasek San Jaume plazan kanpatuta, Kataluniako Gobernuari diru-laguntza eske. Ez zuen laguntzarik jaso ordea.

Halere, filmarekin jarraitu ahal izan zuen handik bost urtera, 350.000 elkartasun-sinadura lortu eta hirurehun produktore ingururen laguntza jaso ostean. Generalitateko diputatu eta conseller izandako zenbait pertsonak ere laguntasuna eskaini zioten, Josep Gomisek esaterako. Horrekin guztiarekin eta Anthony Quinn aktoreak ekoizpenean eginiko lanarekin, filma zinema-aretoetan estreinatu zen.

Ribasen hastapenak

Antoni Ribas zinemagile kataluniarrak El vacío eta Jaque al rey y a la reina antzezlanekin ekin zion bere ibilbide artistikoari, 1964an. Halere, aurrez, 1958an, Luis Lucía, Rafael Gil eta Luis García Berlangaren zuzendari-laguntzaile gisa eman zituen aurreneko urratsak zinemagintzan, Plácido filmean hain justu.

Las salvajes en Puente San Gil izan zen bere lehenengo film luzea, 1967an. Hurrengo urtean, berriz, Palabras de amor egin zuen. Joan Manuel Serrat abeslaria izan zuen protagonista Ribasek eta Terenci Moixek elkarlanean idatzitako gidoian oinarritutako lan horrek.

90eko hamarkadan, Terra de canons (Tierra de cañones) filmaz gainera, Dalí estreinatu zuen Ribasek, margolari kataluniarraren bizitzaren inguruko lana. Film horretan, Lorenzo Quinnek, Anthony Quinnen semeak, egin zuen Dalirena.

Azken egitasmoak

Zinemagile kataluniarrak Centenari egin zuen 2002an, bere taldean hauteskundeak bultzatu nahi dituen futbol jokalari baten ustelkeriaz mintzo den filma. Aurten bertan estreinatu da Gàbies d'or (Jaulas de oro) izeneko bere azken lana. Pelikula horrek animaliek pairatzen dituzten tratu txarrak salatzen ditu.

Ribasen bihotza, ordea, gelditu egin zen iragan urriaren 3an. Generalitateari film bat egiteko diru-laguntza eske 1993an hamar hilabetez Sant Jaume plazan eginiko kanpaldiari buruzko pelikula autobiografiko batean ari zen lanean. 71 urte zituen.

Frantziako Kultura Ministerioak Arte eta Letren Ordena eman zion, urte luzez eginiko lana eskertzeko.

(1. argazkia: EFE / 2, 3, 4 eta 5. argazkiak: http://www.nuestrocine.com)