Itzuli orri osora
Agustin Gonzalez, filosofo izan nahi zuen aktorea
vie, 31 ago 2007 18:28:00 +0200

Madrildarra oso ezagun egin zen gure artean "La Regenta", "La escopeta nacional" edo "Los ladrones van a la oficina" telesailetan parte hartu ondoren. Pantaila handian Luis Garcia Berlanga, Fernando Fernan Gomez eta Jose Luis Garci zuzendarien gidaritzapean aritu zen.

Agustin Gonzalez Martinez 1930. urteko martxoaren 24an jaio zen Madrilen. Nahiz eta aparejadore ikasketak egiten hasi, eta bere nahia ingenieru industrial eta filosofo izatea bazen ere, aktoreak ez zituen ikasketak bukatu eta, 50eko hamarkadako hasieran, unibertsitateko antzerkian hasi zen. Azkenean, interpretazioan aritu zen Gonzalez bere bizitza osoan.

Garai horretan bikote harremana hasi zuen Maria Luisa Ponte aktorearekin. Luis Prendesen eskutik antzerkian debuta egin ondoren, zineman egin zuen debuta madrildarrak. Bere lehen filma Felices Pascuas (1954, J.A. Bardem) komedia izan zen. Hamarkada horretan antzerkian aritu zen batez ere, baina beste bi pelikula ere egin ahal izan zituen: Carmen la de Ronda (1959, S. Montielekin), eta La vida alrededor (1959), Fernando Fernan Gomezen gidaritzapean.

Antzerkia utzi gabe, 60ko hamarkadatik aurrera lan ugari egin zituen zinemarako, eta Luis Garcia Berlanga, Fernando Fernan Gomez eta Jose Luis Garci zuzendariekin egin zuen lan, besteak beste.

Crimen para recien casados (1960, Pedro L. Ramirez), O91 Policia al habla (1960, J.M. Forque), Placido (1961, Luis G. Berlanga), Atraco a las tres (1962, Forque), La gran familia (1962, F. Palacios), El Verdugo (1963, Berlanga), Llanto por un bandido (1964, C. Saura), Los que fuimos a la guerra (1965, J. Diamante) eta Nuevo en esta plaza (1966, P. Lazaga) filmak dira, beste askoren artean, 60ko hamarkadan egindako lan ezagunenak.

Telebistan ere aritu zen Gonzalez: Chicho I. Serradorren eskutik "Historias de la Frivolidad" (1968) telesaila egin zuen, eta 70eko hamarkadan "Me debes un muerto" (1971, J.L. Saenz de Heredia), "Don Quijote cabalga de nuevo" (1973, R. Gavaldon), "Tamaño natural" (1974, Berlanga), "La Regenta" (1974, G. Suarez), "La escopeta nacional" (1978, Berlanga), "El Diputado" (1979, E. de la Iglesia), eta "Cinco tenedores" (1979, Fernan Gomez). Antonio Mercerorekin "La Cabina"-n aritu zen.

80ko hamarkadan, berriz, ondorengo filmetan hartu zuen parte: Gary Cooper que estas en los cielos (1980, P. Miro), Es peligroso casarse a los 60 (1981, M. Ozores), La Vaquilla (1985), Moros y Cristianos (1987, Berlanga), Volver a empezar (1982, J.L. Garci), El Crack II (1983, Garci), La Colmena (1982, M. Camus), Los Santos Inocentes (1984, Camus), Mambru se fue a la guerra (1986, Fernaán Gomez) eta El viaje a ninguna parte (1986, Fernaán Gomez).

Mambru se fue a la guerra pelikulagatik bigarren mailako aktore onenaren golardorako izendatu zuten Goya sarietan. Urte batzuk geroago berriro izendatu zuten, Moros y Cristianos, Los peores años de nuestra vida (1994) eta El abuelo filmetan egindako lanagatik oraingoan. Gainera, antzerkiaren munduak Ricardo Calvo saria eman zion Las bicicletas son para el verano antzezlanean egindako paperagatik.

Maria Luisa Ponterekin harremana utzi ondoren, maitasun harrmeana hasi zuen Maite de la Cruzekin. 90ko hamarkadan Solo o en compañía de otros (1990, S. San Miguel), La Marrana (1992, J.L: Cuerda), Belle Epoque (1993, F. Trueba), Todos a la carcel (1993, Berlanga) eta aipatutako Los peores años de nuestra vida (1994, Emilio M. Lazaro) eta El abuelo (1998, Garci) filmatu zituen.

1993. urtean telebistara itzuli zen eta arrakasta handia lortu zuen "Los ladrones van a la oficina" telesailarekin. Zinemarako egin zituen azken proiektuak Lazaro de Tormes (2001, Fernan Gomez), Historia de un beso (2002, Garci) eta Tiovivo c. 1950 (2004, Garci) izan ziren.

Tres hombres y un destino antzezlanean Jose Luis Lopez Vazquez eta Manuel Aleixandre aktoreekin lanean ari zen bitartean, pneumoniak jo zion eta, gaixotasun horren ondorioz, 2005.eko urtarrilaren 16an zendu egin zen Gonzalez. 74 urte zituen aktoreak.

Argazkiak: alohacriticon.com, blogdecine.com, cervantesvirtual.com, elmundo.es