Itzuli orri osora
Buster Keaton, ahaztutako jenioa
vie, 20 jul 2007 18:27:00 +0200

Joseph eta Myra Keaton izeneko komiko ibiltarien semea, zineko jeniorik bikainenetako bat izan zen; zine mutuko aktore komikorik onena, Charles Chaplin eta Harold Lloydekin batera. Sherlock Jr. eta The General bezalako maisulanek egundoko ospea eman zioten nazioartean.

1895eko urriaren 4an jaio zen Piquan, Kansasen (Ameriketako Estatu Batuak) Joseph Frank Keaton. Ikuskizun ezberdinetan (vaudeville) lan egiten zuten akrobaten semea izaki, ez zuen bere gurasoekin batera antzezten hastea beste aukerarik izan.

Zoritxarrez, alkoholaren eraginez aita gaixo jarri zenean hirukoteak bukatutzat jo zuen aurreneko aro hori. Buster Keatonek orduan zineman saiakera egitea erabaki zuen.

1917an Roscoe "Fatty" Arbuckle komiko ezaguna ezagutu zuen. Berak eman zion Keatoni, Joe Schenk produktorearekin batera, The Butcher Boy filmarekin debuta egiteko aukera. Agerraldi horri eta beste batzuei esker, Keaton komikoen artean bere lekua egiten hasi zen.

Adiera horretan, lau urte geroago, 1921ean, bere aurreneko film luzea egin zuen, Herbert Blachek zuzendutako The Saphead, alegia. Halere, bere lehenengo arrakasta handia urtebete lehenago erdietsi zuen, berak idatzi eta zuzendutako One Week film laburrari esker.

Ez zen Charles Chaplin eta Harold Lloyd bezain komertziala, bere lanek ukitu ia surrealista baitzeukaten.

20ko hamarkadan bere ibilbide arrakastatsuarekin jarraitu zuen Keaton handiak. Garai horretan, gainera, "Buster Keaton Productions" izeneko konpainia sortu zuen. Urte horietan The Paleface, Cops, Our Hospitality, Three Ages, The Navigator, Sherlock Jr., The General (bere pelikularik ezagunena), The Cameraman eta Steamboat Bill Jr. bezalako filmak egin zituen. Ezinbestekoak guztiak ere.

Azken biak bere konpainia berriarekin egin zituen, hots, Metro Goldwyn Mayer-ekin. Soinudun zineak eta estudioak etengabe muturra sartzeak kalte nabarmena egin zioten Keatoni, eta bere beheranzko ibilbidea hasi zen.

Metro Goldwyn Mayer-ekin lanean hastea arras kaltegarria izan zen Keatonentzat. Bere proiektuetan autonomiarik ez izateak eragiten zion ezinegonari aurre egiteko alkohola edaten hasi zen, bere aita bezala. Epe horretan, gainera, Natalie Talmadge emaztearengandik bereizi zen, Mae Scribbensekin ezkontzeko. Edonola ere pozak ez zion asko iraun, bigarrenez bereizi baitzen 1936an.

Film kaxkarretan parte hartzen hasi zen orduan Keaton. Jenioaren gainbehera zen. Ikusleen miresmena galduta, Metro Goldwing Mayer-ek kaleratu egin zuen 30eko hamarkadaren erdialdean. Harrezkero, konpainia batetik bestera noraezean ibili zen, zenbait film labur eginez eta batzuetan bigarren mailako aktore gisa esku hartuz.

50eko hamarkadan zorte hobea izan zuen, urte horietan telebista eta antzerki ikuskizunetan parte hartu baitzuen. Zineman, lanean arerio zuzena zuen arren betidanik lagun-mina zuen Charles Chaplinekin egin zuen lan Limelight filmean (1952).

Sunset Boulevard edota Around the world in eighty days bezalako pelikuletan eginiko agerraldi txikiak 1959an Ameriketako Estatu Batuetako zine akademiak emango zion Ohorezko Oscarraren atarikoa izan ziren.

60ko hamarkadan, Buster Keatonek Pajama Party eta A funny thing hapenned on the way to the Forum bezalako pelikuletan parte hartu zuen, minbizia tarteko 1966ko otsailaren 1ean zendu aurretik. Hirugarrenez ezkonduta zegoen, Elaonor Norrisekin hain justu. 65 urte zituen.

Argazkiak: http://imdb.com