Itzuli orri osora
Burt Lancaster, zirkutik zinemara
vie, 15 jun 2007 18:27:00 +0200

Abenturazko pelikulekin identifikatzen da gehienbat Burt Lancaster, baina genero desberdinetako filmak egin zituen. Bi garai desberdintzen dira Burt Lancasterren ibilbidean. Hasieran, abenturazko pelikuletako izarra zen, El halcon y la flecha eta El temible burlon lanetan esaterako. Geroago interpretazio konplexuagoak egin zituen, El gatopardo eta Novecento filmetan adibidez.

Burton Spencer Lancaster 1913ko azaroaren 2an jaio zen New Yorken. Baldintza fisiko onak zituela eta, unibertsitateko ikasketak utzi eta zirkuan lan egin zuen. Akrobaziak egiten abila zen eta lagun batekin trapezista talde bat osatu zuen. Gerora zineman lan egiteko balio izan zion gaitasun horrek. Bigarren Mundu Gerran ejertzitoarentzat ikuskizunak antolatu eta antzeztu zituen, soldaduei animuak emateko. Gerraostean, 1945ean, ez zeukan aktore lanetan aritzeko asmo berezirik, baina Broadwayko ikuskizun batean lan egiteko eskaintza jaso eta baietz esan zuen.

Hurrengo urtean egin zuen zinemara jauzia, produktore batek protagonista papera eman zion Forajido (1946) pelikulan. Robert Siodmakek zuzendutako pelikulak arrakasta handia izan zuen. Hasiera ezin hobea izan zuen Lancasterrek zineman. Ava Gardner zen emakumezko protagonista eta pelikula hau zinema beltzaren onenetakotzat hartua da.

Ordutik film askotan lan egin zuen Burt Lancasterrek dramatikoak, intrigazkoak, belikoak, eta noski, abenturazkoak. 40ko hamarkada bukatu baino lehen hainbat pelikula egin zituen: Brute Force (Jules Dassin, 1947), All my sons (Irving Reis, 1948), Voces de muerte (Anatole Litvak, 1948), El abrazo de la muerte (Robert Siodmak, 1949) eta Soga de arena (William Dieterle, 1949).

1950ean El halcon y la flecha abenturazko pelikula egin zuen, Jacques Tourneurren aginduetara. Hamarkada honetan mitikoak bihurtu diren beste pelikula asko egin zituen, Burt Lancaster izar bihurtu zutenak: El temible burlon (Robert Siodmak, 1953), De aqui a la eternidad ( Fred Zinneman, 1953), Veracruz (Robert Aldrich, 1954) eta Duelo de titanes (John Struges, 1957), adibidez.

Oscar bat

60ko hamarkada ezin hobe hasi zuen Burt Lancasterrek. Bere ibilbideko Oscar bakarra irabazi zuen El fuego y la palabra (Richard Brooks, 1960) filmean egindako lanagatik, Urrezko Globoa ere irabazi zuen. Beste hiru aldiz ere egon zen Oscarretarako izendatua: De aquí a la eternidad (1953), El hombre de Alcatraz (1962) eta Atlantic City (1980) pelikulengatik.

John Huston handiarekin ere egin zuen lan, Sin perdon (1960) eta El ultimo de la lista filmetan. Eta baita John Frankenheimer zuzendariarekin ere, Los jovenes salvajes (1961) pelikulan. Frankenheimerrek eta Lancasterrek gehiagotan ere egin zuten lan elkarrekin: El hombre de Alcatraz (1962), Siete dias de mayo (1964), El tren (1965) eta Los temerarios del aire (1969).

Aktore moduan, benetako prestigioa Europan, 60ko eta 70eko hamarkadetan, egin zituen pelikulek eman zioten. Lucciano Viscontik El Gatopardo (1963) filmean paper bat eman zion, Claudia Cardinale eta Alain Delon gazteekin batera. Pelikula klasiko bihurtu zen, Italiako garai hartako zinemaren isla. Beste bat ere egin zuen Viscontirekin, Confidencias (1974). Bernardo Bertolucciren aginduetara beste klasiko batean parte hartu zuen Lancasterrek: Novecento (1976).

Burt Lancaster hiru aldiz egon zen ezkonduta eta bost seme-alaba izan zituen. Azkeneko aldiz 1994an ezkondu zen, bere bizitzaren amaiera aldera.

Osasun arazoak zirela eta zinema utzi zuen Lancasterrek, parte hartu zuen azken filma Campo de sueños (Phil Alden Robinson, 1989) izan zen. Burt Lancaster 1994ko urriaren 20an hil zen Los Angelesen (AEB). Lau urte zeramatzan gurpildun aulkian eta bihotzekoak jota zendu zen 80 urterekin.

(Argazkien iturria: IMBd).