Itzuli orri osora
Carole Lombard, komedia erromantikoen erregina
vie, 29 dic 2006 18:27:00 +0100

Indianako aktorea 30eko hamarkadan izar bihurtu zen zentzugabeko komedien protagonista izan ondoren. Bere ibilbidean zehar istripu larri bi pairatu zituen, eta zendu baino lehen La comedia de la vida, Al servicio de las damas, Ser o no ser eta Matrimonio original filmak egin zituen, beste batzuen artean.

Jane Alice Peters zen Carole Lombard aktorearen benetako izena. 1908.eko urriaren 6an jaio zen Fort Waynen (Indiana, AEB), eta bere gurasoak banandu zirenean, Kaliforniara joan zen, Los Angelesera hain zuzen.

Oso goiz egin zuen debuta zineman Lombardek: 1921.ean A perfect crime Allan Dwanek zuzendutako pelikulan hartu zuen parte. Geroago, antzerki talde batean hasi zen lanean, eta AEBetatik bira desberdinak egin zituen.

1925ean zinemara itzuli zen, 20Th Century Fox etxearekin kontratua sinatu ondoren. 20ko hamarkadaren bukaera emankorra izan zen aktorearentzat eta, besteak beste, Marriage in transit (1925, Roy William Neill) eta Gold and the girl (1925, Edmund Mortimer) pelikuletan egin zuen lan. 1926. urtean auto-istripu larri bat izan ondoren, kirurgia egin behar izan zioten aurpegian, hainbat orbain geratu zitzaizkiolako.

Sendatu zenean, Mack Sennettekin lan egitea lortu zuen, eta film ugari egin zituen berarekin. 30eko hamarkadan benetan egin zen ezagun Lombard, screwball comedies motako pelikuletan izar bilakatu zenean. La comedia de la vida (1934, Howard Hawks) filmarekin arrakasta handia lortu zuen, eta aipatzekoak dira Ahora y siempre (1934, Henry Hathaway), Candidata a millonaria (1935, Mitchell Leisen), Al servicio de las damas (1936, Gregory La Cava), -Oscarrerako izendatu zuten film horretan egindako paperagatik-, La reina de Nueva York (1937, William Wellman), eta Dos mujeres y un amor (1939, John Cromwell). Azken horretan Cary Grantekin egin zuen lan.

1931. urtean William Powell aktorearekin ezkondu zen. LadieĀ“s man (1931), Man of the world (1931) eta Al servicio de las damas (1936) pelikuletan egin zuten lan elkarrekin. 1933an banandu egin ziren, eta 1939an Clark Gablerekin ezkondu zen Indianakoa.

40ko hamarkadan They knew what they wanted (1941, Garson Kanin) eta Ser o no ser (1942, Ernst Lubitsch) filmen protagonista izan zen, besteak beste. Alfred Hitchcockekin ere egin zuen lan, Matrimonio original (1941) komedian hain zuzen.

1942.eko urtarrilaren 16an hegazkin-istripu bat izan zuen eta hil egin zen. 33 urte zituen eta Clark Gable aktore ezaguna alargun utzi zuen.