Itzuli orri osora
Budd Boetticher, zuzendari toreatzailea
vie, 01 dic 2006 18:26:00 +0100

Zezenketak oso gustuko zituen zuzendaria gidoi original onenaren Oscar sarirako izendatu zuten Bullfighter and the lady pelikulan egin zuen lanagatik. Besteak beste, Los Cautivos eta El desertor de El Alamo filmak zuzendu zituen eta, gainera, aktore lanak burutu zituen Conexion Tequila-n.

Oscar Boetticher Jr. 1916.eko uztailaren 29an jaio zen Chicagon (AEB). 1936. urtean, Ohioko Unibertsitatean eta Culver akademia militarrean ikasi ondoren, Mexikora joan zen toreatzera. Gainera, urte batzuk lehenago futbol amerikarra utzi behar izan zuen lesio baten ondorioz. Antza denez, kirolari ona izan zen eskola garaian.

Hal Roach ikaskideari esker, zinemaren munduan gero eta lan gehiagotan parte hartzea lortu zuen Boetticherrek. Hollywooden egin zuen lehen filma Sangre y arena (1941, Rouben Mamoulian) izan zen; zuzendari laguntzaile aritu zen pelikula horretan Chicagokoa, eta zezenketari buruz zekiena oso baliagarria izan zitzaion zuzendariari filma egiteko. Tyrone Power, Linda Darnell eta Rita Hayworth izan ziren protagonistak.

40ko hamarkadako lehen urteetan, zinemaren zoko guztiak ondo ezagutu ahal izan zituen, laguntzaile lanak egin baitzituen El amor llama dos veces (George Stevens), Los desesperados eta Las modelos (Charles Vidorrenak biak) pelikuletan.

1944an zuzendu zuen bere lehen filma Boetticherrek. Aurrekontu murritzarekin, One mysterious night (1944) eta The missing juror (1944) filmak egin zituen.

Bere lanik ospetsuena Bullfighter and the lady (1951) izan zen. John Wayne ezagunak ekoitzi zuen filma, eta Robert Stack eta Joy Page izan ziren protagonista nagusiak. Lan honi esker, jatorrizko gidoi onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.

Budd Boetticher zuzendariak eta Randolph Scott aktoreak elkarrekin egin zituzten film garrantzitsuenak hauek izan ziren: Seven men from now (1956, Gail Russell eta Lee Marvin aktoreekin), Los Cautivos (1957, Maureen O'Sullivanekin), Cita en Sundown (1957, Karen Steelerekin), Buchanan cabalga de nuevo (1958, Craig Stevensekin), Cabalgar en solitario (1959, Karen Steelerekin), Nacida en el oeste (1959, Virginia Mayo eta Karen Steelerekin) eta Estacion Comanche (1960, Nancy Gatesekin).

Western horiez gain, El desertor de El Alamo (1953, Glenn Ford eta Julie Adams), Al este de Sumatra (1953, Jeff Chandler eta Marilyn Maxwell), Santos, el magnifico (1955, Anthony Quinn eta Maureen O'Sullivan) eta La ley del hampa (1960, Ray Danton, Karen Steele eta Elaine Stewart) izan ziren Boetticherrek egindako filmik esanguratsuenak.

60ko hamarkadan bere ibilbideak atzerapauso handia eman zuen, buruan sartu baitzitzaion Carlos Arruza toreatzaileari buruzko dokumental bat egitea. Filmaketa ezbeharrean bukatu zen: toreatzaile mexikarra zirkulazio-istripu batean hil zen eta Boetticher ospitaleratu egin zuten, nerbio-arazoak izan zituelako. Istorio guztia When in disgrace liburuan kontatu zuen zuzendariak. Horrez gain, dokumentala, Arruza izenburupean, 1972an estreinatu zuten.

60ko hamarkadatik aurrera, ia ez zuen lanik estreinatu zuzendari estatubatuarrak. Geroago, 1070. urtean, bere istorio bat erabili zuten Dos mulas y una mujer Don Siegelen filma egiteko. 80ko hamarkadaren bukaeran aktore lanak burutu zituen Conexion Tequila-n (1988, Robert Towne) Michelle Pfeiffer, Mel Gibson eta Kurt Russellekin batera.

Budd Boetticher 2001eko azaroaren 29an hil zen minbizi baten eraginez. 85 urte zituen zuzendariak.