Itzuli orri osora
Barbara Stanwyck, izen handiko zuzendarien aktorea
vie, 06 oct 2006 18:26:00 +0200

New Yorkeko aktoreak 30eko eta 40ko hamarkadetako zuzendari onenekin egin zuen lan. Robert Taylorren emaztea Frank Capra, John Ford eta Billy Wilderren gidaritzapean aritu zen urte horietan, eta arrakasta ugari lortu zituen.

Ruby Stevens (bere benetako izena) 1907. urteko uztailaren 16an jaio zen New Yorken (AEB), Brooklyn auzoan. Interprete izateko itxaropenarekin, telefonista lanak burutu zituen bere ibilbidearen hasieran, eta korista ere aritu zen komediaren munduan. Hortik Broadwayra egin zuen salto, eta bertan burutu zituen lehen antzezlanak. Frank Fay ezagutu zuen han, eta elkarrekin ezkondu ziren 1928an.

Handik gutxira, Kaliforniara joan zen Barbara Stanwyck, Hollywooden lana bilatzeko asmoz. Los Angelesen kokatu baino urtebete lehenago, El dueto errante (1927) Joseph C. Boyleren filmean egin zuen debuta New Yorkeko aktoreak.

30eko eta 40ko hamarkadetan maila goreneko zuzendarien gidaritzapean aritu zen Stanwyck. Fran Capraren eskutik, Mujeres ligeras (1930) pelikulan hartu zuen parte, arrakasta handiz gainera. Zuzendari berarekin, The Miracle Woman (1931), Amor prohibido (1932), La amargura del general Yen (1933) eta Juan Nadie (1941) filmak egin zituen aktoreak.

Gainera, The Plough and the stars (1936) John Forden pelikulan, Bola de fuego (1941) Howard Hawksen lanean, Union Pacifico (1939) Cecil B. De Milleren filmean, Stella Dallas-en (1937, King Vidor), Las tres noches de Eva-n (1941, Preston Sturges), Clash by night-en (1952, Fritz Lang) eta Perdicion (1944) Billy Wilderren pelikulan ere aritu zen Barbara Stanwyck hogei urte horietan.

Interpretatzeko zuen abileziari esker, hainbat generotan egin zuen lan; komedietan, zinema beltzean, melodrametan eta westernetan aritu zen Brooklyngoa.

Bere bizitzari dagokionez, Fay eta Stanwyck 1935.ean dibortziatu ziren, eta 1939. urtean Robert Taylorrekin ezkondu zen. His brother's wife (1936), La contraseƱa (1937) eta The Night Walker (1964) pelikuletan elkarrekin egin zuten lan Stanwyckek eta aktore dotoreak.

50eko hamarkadaren amieratik aurrera, gero eta lan gutxiago egin zituen zinemarako baina maila handiko arrakasta lortu zuen telebistan. 60ko hamarkadan "The big valley" telesaileko protagonista izan zen eta, geroago, El pajaro espino eta Los Colby lanetan hartu zuen parte.

Lau aldiz izendatu zuten oscar sarirako Stella Dallas, Bola de fuego, Perdicion eta Voces de muerte filmetan egindako lanagatik, baina ez zuen golardo ezaguna eskuratu. 1981.ean Ohorezko Oscarra eman zioten bere ibilbideagatik.

Stanwyck eta Robert Taylor 1051. urtean banandu ziren, eta ez zen berriro ezkondu. 1990.eko urtarrilaren 20an zendu zen aktorea Santa Monican (Kalifornia). 82 urte zituen.