Itzuli orri osora
Barbara Bates, bigarren mailako aktore bikaina
vie, 21 jul 2006 18:26:00 +0200

Bigarren mailako paperak egin zituen arren, aktore garratzitsuen alboan aritu zen zinemaren munduan Dengerko aktorea. Besteak beste, Bette Davisekin (June Bride pelikulan), Danny Kayerekin (El inspector general lanean) eta Jerry Lewisekin (Que par de golfantes filmean) egin zuen lan.

Barbara Bates 1925. urteko abuztuaren 6an jaio zen Denverren (Colorado). Aktorea 40 eta 50eko hamarkadetan aritu zen zineman, eta bigarren mailako paperak egin zituen.

Modelo eta dantzari lanekin eman zion hasiera bere ibilbideari aktoreak eta, edertasun lehiaketa bat irabazi ondoren, Los Angelesera joan zen. 40ko hamarkadaren erdialdean Hollywooden egin zuen debuta Salome la Embrujadora (1945, Charles Lamont) eta This love of ours (1945, William Dieterle) filmetan, besteak beste.

Belinda (1948, Jean Negulesco), -Jane Wymanek Oscarra irabazi zuen lan horrekin- June Bride (1948), -Bette Davisek eta Robert Montgomeryk egin zuten aktore protagonistarena- eta El inspector general (1949, Henry Koster) komedia izan ziren hamarkada horren bukaeran egin zituen pelikula esanguratsuenak. Azken film horretan (Nicolai Gogolen lan batean dago oinarrituta) Danny Kaye aktorearekin egin zuen lan Batesek.

1945.ean, Cecil Coan United Artists enpresako publizistarekin ezkondu zen aktorea. Bera baino askoz nagusiagoa zen, baina ez zuen zalantzarik izan emaztea utzi eta Denverkoarekin ezkontzeko.

Eva al desnudo (1950) pelikularen azken eszenan parte hartzeak ospe handia ekarri zion, baina ez zuen aukera baliatzea lortu, osasun arazoak zituelako eta pertsona depresiboa zelako. Oso maiteminduta zegoen eta, 1967. urtean, alargun geratu zenean beheraldi nabarmena izan zuen bizitza sentimentalari dagokionez.

50eko hamarkadan egin zituen filmen artean Bellezas por casar (1952, Henry Levin), Que par de golfantes (1953, Norman Taurog), -Dean Martin eta Jerry Lewisekin egindako komedia- Marino al agua (1953, Richard Quine), -Mickey Rooney izan zen protagonista- eta Rapsodia (1954, Charles Vidor) dira aipagarrienak. Elizabeth Taylorrekin egin zuen lan azken pelikula horretan Batesek.

1968. urtean bigarrenez ezkondu zen Barbara Bates, William Reed kirol-kazetariarekin. Zinema alde batera utzita zuen aktoreak ordurako eta ezkondu eta hilabete batzuk geroago, 1969.eko martxoaren 18an, garajean aurkitu zuten hilda. Bere ibilgailuko karbono monoxidoa arnastu zuen bere buruaz beste egiteko. 43 urte zituen.