Itzuli orri osora
Walter Pidgeon, kantutik zinemara
vie, 07 jul 2006 18:26:00 +0200

Militar izan nahi zuen arrren, azkenean Hollywoodera iritsi zen, kantua ikasi eta Broadwayn debuta egin ondoren. Bereak dira, besteak beste, Flight Command, Que verde era mi valle eta Tres soldados pelikulak.

Walter Pidgeon 1897. urteko irailaren 23an jaio zen East St. Johnen (New Brunswick). Hasiera batean militar izan nahi zuen arren, 20ko hamarkadan, New England Bostongo musika kontserbatorioan matrikulatu zen kantua ikasteko.

Geroxeago, Broadwayn hasi zen lanean eta komedia musikaletan hartu zuen parte Elsie Janesen alboan. 1925. urtean Hollywoodera heldu zen eta film mutuetan egin zuen debuta. Orquidea, la modelo (1926, James Cruze) -Dolores Costellorekin-, El tango fatal (1927, Tom Terriss), El gorila (1927, Alfred Santell) eta La virgen del Amazonas (1928), -Dolores del Riorekin- dira garai hartan egin zituen pelikulak.

Walter Pidgeon 25 urterekin gelditu zen alargun, Edna Pickels emaztea ezkondu eta urtebetera (1923) hil baitzen, izan zuten alaba bakarraz erditzen ari zela. 1931. urtean Ruth Walkerrekin ezkondu zen.

30eko hamarkadan, bigarren mailako lanak burutu zituen Hollywooden baina ez zuen antzerkia alde batera utzi. Gainera, kontratu luzea sinatu zuen 1937.ean Metro Goldwyn Mayer etxearekin. Hamarkada horretan, besteak beste, ondorengo filmak egin zituen: El beso ante el espejo (1933, James Whale), Big brown eyes (1936, Raoul Walsh) -Cary Grant eta Joan Bennetten alboan-, Saratoga (1937, Jack Conway) -Clark Gable eta Jean Harlowekin-, eta Sucedio en China (1937, Jack Conway) -Myrna Loy zen emakumezko protagonista nagusia-.

40ko hamarkadaren hasieran izar handi bihurtu zen, La señora Miniver (1942, William Wyler) eta Madame Curie (1943, Mervyn LeRoy) pelikulatan Greer Garsonekin lan egin ostean. Bi film horietan egindako paperengatik, Oscar sarirako izendatu zuten birritan. Hala ere, ez zuen golardorik lortu; James Cagneyk (Yanqui Dandy, 1942) eta Paul Lukasek (Watch on the rhine, 1943) eraman zituzten sariak.

Beste hainbat pelikulatan ere Greer Garsonen alboan aritu zen aktore amerikarra. Aipatzekoak dira, besteak beste, De corazon a corazon (1941, Mervyn LeRoy), La señora Parkington (1944, Tay Garnett), Julia se porta mal (1948, Jack Conway), La dinastía de los Forsyte (1949, Compton Bennett), La historia de los Miniver (1950, H. C. Potter) eta La señora Chesney (1953, Jean Negulesco) lanak.

Flight Command (1940, Frank Borzage) gerra-film erromantikoan eta Que verde era mi valle (1941) John Forden pelikulan hartu zuen parte aktoreak 40ko hamarkadan. Meatzarien bizitza jorratzen du azken lan horrek.

1950. urtean telebista iritsi zenean, zenbait aktorek zinema alde batera utzi zuten eta pantaila txikian lan egiteari ekin zioten. Pidgeonek telebistan egin zuen lan, baina pelikulak filmatzen ere jarraitu zuen. Bere ibilbidearen azken zatian egindako lanen artean, Tres soldados (1951, Tay Garnett), Cautivos del mal (1952, Vincente Minnelli), La torre de los ambiciosos (1954, Rober Wise), La ultima vez que vi Paris (1954, Richard Brooks), Planeta Prohibido (1956, Fred M. Wilcox), Viaje al fondo del mar (1961, Irwin Allen), Tempestad sobre Washington (1962, Otto Preminger), Homicidio justificado (1967, Buzz Kulik), Funny Girl (1968, William Wyler) eta Alarma: Vuelo 502 secuestrado (1972, John Guillermin) izan ziren esanguratsuenak.

Walter Pidgeonek 70eko hamarkadaren amaieran utzi zuen zinema, eta 1984ko irailaren 25ean zendu zen bihotzekoak jota. 87 urte zituen aktoreak.