Itzuli orri osora
Arthur Kennedy, bigarren mailako aktore handia
vie, 09 jun 2006 18:26:00 +0200

1940an egin zuen debuta zineman eta, 70eko amaieran erretiroa hartu zuen arte, Hollywoodeko aktore esanguratsua izan zen, batez ere bigarren mailako paperetan. Bost alditan izendatu zuten Oscar sarirako, baina ez zuen inoiz golardo preziatua lortu.

John Arthur Kennedy Worcesterren (Massachusetts, AEB) jaio zen 1914. urteko otsailaren 17an. Carnegie Pittsburgheko institutuan interpretazioa ikasi ondoren, 30eko hamarkadan antzerkiaren munduan egin zuen debuta Globe Theatre Companyren eskutik, eta William Shakespeare handiaren antzezlan klasikoetan egin zuen lan batez ere.

Los Angeles hirian antzezten ari zen aldietako batean, James Cagneyk ikusi eta Anatole Litvaki gomendatu zion, Ciudad de conquista (1940) filmean zinemako bere lehen papera eskain ziezaion. Ann Sheridan eta Cagneyrekin egin zuen lan film horretan gainera Kennedyk.

Warner etxearekin kontratua sinatu ondoren, besteak beste, Air Force (1943, Howard Hawks), El ultimo refugio (1941, Raoul Walsh), Murieron con las botas puestas (1941, Raoul Walsh) eta Desperate Journey (1942, Raoul Walsh) pelikuletan egin zuen lan aktoreak 40ko hamarkadaren erdialdean.

Zineman lan egiteaz gain, Broadwayn jarraitu zuen, Arthur Miller dramaturgoaren lanetan parte hartzen batez ere. Muerte de un viajante antzezlanean egindako paperagatik Tony sari entzutetsua irabazi zuen.

Zinemari dagokionez, 40ko hamarkadako bigarren erdialdean El justiciero (1947, Elia Kazan), Too late for tears (1949, Byron Haskin), La ventana (1949, Ted Tetzlaff) eta El idolo de barro (1949) filmetan egin zuen lan Massachusettseko aktoreak. Azken lan horretan (boxeoari buruzkoa) Kirk Douglasen anaiaren papera bete zuen eta, interpretazio horregatik, bigarren mailako gizonezko aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. Hala ere, Dean Jaggerrek (Almas en la hoguera) irabazi zuen golardoa.

50eko hamarkadan beste lau aldiz izendatu zuten Oscarrerako: hirutan bigarren aktore onenaren sarirako -La furia de los justos (1955), Vidas borrascosas (1957) eta Como un torrente (1958) filmetan egindako paperengatik- eta behin Nuevo amanecer (1951, Mark Robson) pelikulagatik (aktore onenaren atalean), baina ez zuen inoiz golardorik lortu. Humphrey Bogart (La reina de Africa, Jack Lemmon (Escala en Hawaii), Red Buttons (Sayonara) eta Burl Ives (Horizontes de grandeza) izan ziren sarituak.

Pelikula horiez gain, 50 eta 60ko hamarkadetan Horizontes lejanos (1952, Anthony Mann), Encubridora (1952, Fritz Lang), The Lusty Men (1952, Nicholas Ray), Horas desesperadas (1955, William Wyler), El hombre de Laramie (1955, Anthony Mann), En una isla tranquila al sur (1959, Delmer Daves), El fuego y la palabra (1960, Richard Brooks), Barrabas (1962, Richard Fleischer), Lawrence de Arabia (1962, David Lean), El gran combate (1964, John Ford), Viaje alucinante (1966, Richard Fleischer) eta Nevada Smith(1966, Henry Hathaway) filmetan hartu zuen parte.

Urte horietatik aurrera, telebistan eta zineman egin zuen lan Kennedyk, baina burutu zituen filmak maila eskasagokoak izan ziren, batzuk europarrak gainera. 70eko hamarkadan pantaila handirako lanak egiteari utzi zion, 1989an Sings of life (1989) filma egin zuen arren.

1990.eko urtarrilaren 5ean hil zen Arthur Kennedy, buruko tumore baten eraginez.