Itzuli orri osora
Bela Lugosi, Drakula kondea
vie, 12 may 2006 18:25:00 +0200

Bram Stokerrek sortutako pertsonaiaren paperean egin zen ezagun Hungariako aktorea. The silent comand (1923) izan zen Hollywooden egin zuen lehen filma, eta besteak beste, El doble asesinato de la calle Morgue, La isla de las almas perdidas, Satanas (1934, Edgar G. Ulmer) eta La sombra de Frankenstein beldurrezko pelikuletan ere egin zuen lan.

Bela Blasko 1882. urteko urriaren 20an jaio zen Lugosen (Hungaria). Bere aita bankaria zen eta hil egin zenean, meatzari lanak egin behar izan zituen Lugosik. Geroxeago, interpretazioa ikasten hasi zen Budapesteko antzerki-akademian.

19 urterekin Arisztid Olt izenarekin ezaguna, Hungariako eszenako izar bilakatu zen eta 1915. urtean zineman egin zuen debuta. Garai horretan, Lehen Mundu Gerran hartu zuen parte aktoreak, eta Hungariako monarkia agintetik kendu zutenean, bere burua ezker mugimenduko lider bezala aurkeztu zuen, aktoreen sindikatua sortuz. 1917.ean Ilona Szmikekin ezkondu zen, baina 1920. urtean banandu egin ziren.

Erregimen komunista gain behera etorri zenean, Lugosi Alemaniara joan zen eta AEBetara geroago. Ingelesa jakin gabe eta hungariera kutsu nabarmenarekin, Belak (bere jaioterriaren omenez hartu zuen Lugosi abizena) Hollywooden egin zuen debuta The silent comand (1923) filmarekin. Desengorkotasun aldi baten ostean, 1927.ean, Drakularen papera lortu zuen antzezlan batean aktoreak. Broadwayn antzeztuko zen lan hori. Antzezlanak arrakasta handia izan zuen eta, oraindik izen handirik izan ez arren, bere tokia hartu zuen zinemaren munduan.

Breatrice Week dirudunarekin ezkondu zenean, publizitate handia lortu zuen Lugosik. Izan ere, bikoteak gutxi iraun zuen elkarrekin, aktoreak Clara Bow zinema mutuaren izarrarekin harreman bat izan baitzuen. Zineman izan zuen lan eskaintza handiena Drakularen papera egiteko aukera heldu zitzaionean izan zen. Lon Chaney beldurrezko zinemaren mitoak ezin izan zuen paper hori egin gaixotasun baten ondorioz eta Universal etxeak filmatu nahi zuen pelikularen paper nagusia Lugosik egin zezakeela esan zuen Tod Browning zuzendariak. Lan horri esker mundu osoan egin zen famatu Hungariako aktorea. Beranduago, Frankenstein-en lan egiteari uko egin zion, filmak elkarrizketa gutxi eta makillaje asko baitzituen, eta Boris Karloffi eman zioten papera. 30 eta 40ko hamarkadetan Lugosiren fantasiazko eta beldurrezko zinemaren etsaia izan zen Karloff. 1933. urtean Lillian Archekin ezkondu zen Lugosi eta 1953.erarte egon ziren elkarrekin.

30eko hamarkada osoan eta 40koaren lehen erdialdean film ugaritan hartu zuen parte Lugosik. El doble asesinato de la calle Morgue (1932, Robert Florey), La isla de las almas perdidas (1932, Erle C. Kenton), Satanas (1934, Edgar G. Ulmer), El cuervo (1935, Louis Friedlander), La sombra de Frankenstein (1939, Rowland V. Lee) eta Asesinato por television (1939, Clifford Staniforth) dira, besteak beste, urte horietako bere pelikularik aipagarrienak. Gainera, garai berean, Ninotchka komedian (1939, Ernst Lubitsch) egin zuen lan hungariarrak.

40ko hamarkadan aktorearen gainbehera etorri zen: drogazale amorratua bilakatu zen eta ez zituen film askorik egin. Frankenstein y el hombre lobo (1943, Roy William Neill) da garai horretako pelikularik ezagunena.

Produkzio-etxe handiek alde batera utzi zuten eta drogek guztiz harrapatu zuten. Hala ere, Ed Wood Jr. zuzendariak (zinemaren historiako zuzedari txarrena) filmatzeko aukera berri bat eman zion, eta bere zuzendaritzapean Glenn or Glenda? (1953), Bride of the monster (1955) eta Plan 9 from outer space (1956) pelikulak egin zituen.

1955. urtean laugarren aldiz ezkondu zen Lugosi, oraingoan Hope Liningerrekin. 1956. urteko abuztuaren 16an hil zen aktorea Los Angelesen bihotzekoak jota. 73 urte zituen. Ezagun egin zuen pertsonaiaren kaparekin lurperatu zuten Lugosi, Drakularen kaparekin hain zuen.