Itzuli orri osora
Bee Gees, historiako soinu-banda salduenaren egileak
vie, 03 feb 2006 18:25:00 +0100

Gibb anaiek musikaren historian duten ohorezko lekua ez da kasualitatea. Taldearen ospeak konposatzeko talentuan eta 1963tik grabatu dituzten ehunka arrakastetan ditu oinarriak. Bandak 110 milioi disko baino gehiago saldu ditu 40 urtetan eta Saturday night fever historiako lanik salduena izan da.

Hugh Gibb musikariaren eta Barbara Gibb abeslariaren semeek sortu zuten taldea 1955. urtean Ingalaterran. Barry Gibb (abeslaria, gitarrista eta konpositorea), Robbin Gibb eta Maurice Gibb bikiek osatzen zuten banda.

1958. urtean Gibb familia Australiara joan zen eta hiru anaiek osatutako The Bee Gees taldea ezagun egin zen Bill Gates izeneko D.J bati esker. Festival zigiluarekin kontratu bat sinatu zuen bandak eta telesail batean parte hartu zuten.

The Bee Gees 1 St diskoa kaleratu

Beatles taldea nagusi zen Britainia Handira bueltatu ziren, "Spics and specks" abestiarekin Australian arrakasta handia lortu ondoren. Garai horretan, Vince Melouney gitarristarekin eta Colin Peterson bateriarekin taldea handitu egin zen. 1967. urtean The Bee Gees 1 St publikatu zuten. Urte bete beranduago, Horizontal eta 1969an Odessa lanak kaleratu zituzten. Diskoak kalitate handikoak izan arren ez zuten arrakasta handirik lortu. Dena den, "I've git it get a message to you" singleak zerrenda komertzialetan gorengo postua eskuratu zuen.

60ko hamarkadaren amaieran taldea denboraldi baterako banandu egin zen. Barryk eta Mauricek Cucumber castle publikatu zuten eta Robinek Robin's reign.

70eko hamarkadaren hasieran boskoteak hurrengo diskoak argitaratu zituen: Trafalgar (1971), To whon it may concern (1972), Life in a tin can (1973) eta Mr. Natural (1974). Lan horiek ez zuten oihartzun handirik lortu baina 1975. urtean Main course lana kaleratu zuten eta "Night on Broadway" eta "Jive talking" abestiekin disko salduenen zerrendan gorengo postuak eskuratu zituzten.

Saturday night fever musikaren historiako diskorik salduenetakoa

Children of the world (1976), taldearen hurrengo lanak, izugarrizko arrakasta lortu zuen AEBetan. 1977. urtean Saturday night fever, filmaren soinu-banda kaleratu zuten eta musikaren historiako diskorik salduenetakoa izan zen. "Stayin' alive", "How deep is your love", "Night fever", "More than a woman" eta "If I can't have you" abesti arrakastatsuak, besteak beste, lan horretan daude.

80ko hamarkadan zenbait artista ezagunentzat konposizioak egin zituzten: Barbra Streisand ("Guilty"), Diana Ross ("Chain reaction") eta Kenny Rogers ("Eyes can see in the dark"). 1987. urtean ESP eta hiru urte beranduago, One kaleratu zuten eta disko salduenen zerrendan lehenengo postuetara iritsi ziren Britainia Handian. Beste lan batzuk kaleratu zituzten, ondoren, baina ez zuten iraganeko arrakastarik lortu. 2003ko urtarrilean hil zen Maurice bihotzekoak jota.