Itzuli orri osora
Carlinhos Brown, musikari solidarioa
vie, 13 ene 2006 18:25:00 +0100

Carlinhos Brownek musika pobreziari eta indarkeriari aurre egiteko bultzagarri bat izan daitekeela erakutsi du. Brasileko musikariaren diskoak abesti onen bildumak baino zerbait gehiago dira, musika eta elkartasuna eskutik joan daitezkeela erakusten dute.

1962ko azaroaren 23an jaio zen Antonio Carlos Santos de Freitas Candeal auzoan, Salvadorren. Carlinhos Brown, bere izen artistikoa, James Brown maisuaren omenez bereganatu zuen artistak.

Osvaldo Alves da Silvari esker hasi zen Brown musika munduan. "El maestro del Bongo" bezala ezaguna den musikariak Brasileko perkusiozko instrumentu guztiak jotzen erakutsi zion Carlinhosi.

1985. urtean "Visâo do ciclope" abestia grabatu zuen Luis Caldas Brasileko musikariarekin eta abesti horrek izugarrizko arrakasta izan zuen. Garai horretan, "Brasileiro" Sergio Mendesen abestian parte hartu zuen Carlinhosek eta lortutako oihartzuna handia izan zen ere. Bati eta besteari abestiak eginez urte bukaeran 25 konposizio zituen merkatuan artistak eta Troféu Caymmi, Bahiako musikari bati eman dakiokeen saririk garrantzitsuena, eskuratu zuen egindako lanagatik.

1986. urtean, Caetano Velosok Carlinhos Brown deitu zuen Estangeiro diskoan parte hartzeko. Brownek "Meia Lua Inteira" konposizioa egin zuen lan horretarako.

Nazioarteko birak egiten ditu Brasileko musikari entzutetsuekin

Carlinhos Joao Gilberto, Joao Bosco eta Djavan Brasileko musikari handiekin batera nazioarteko birak egiten hasi zen garai horretan. Gal Costa, Maria Bethânia, Daniel Mercury eta Herbert Vianna musikariek, bestalde, Brownen abestiak interpretatu zituzten.

90eko hamarkadan, "Timbala" taldearen buru izan zen artista brasildarra. 100 perkusionista eta abeslari baino gehiagok osatzen zuten taldea, gehienak Candeal auzokoak.

1996. urtean, bakarkako bideari ekin zion musikariak eta Alfagamabetizado diskoa publikatu zuen, kritikak eta publikoak txalotutako lana. Bi urte beranduago, Omelete man lana kaleratu zuen Brownek eta lehenengo aldiz, ingelesez abestu zituen zenbait kanta musikariak disko horretan.

Amigo saria eta Grammy latindarra >Tribalistas diskoarentzat

2001. urtean Bahia do mondo, mito e verdade argitaratu zuen, rocka, jazza, erritmo brasildarrak eta afrikarrak fusionatzen duen lana. Bi urte beranduago, Tribalistas diskoarekin Amigo saria eta Grammy latindarra eskuratu zituen.

2003. urtean Carlinhos Brown es Carlitos Marron eta urte bete beranduago, El milagro de Candeal publikatu zituen. El milagro de Candeal diskoa Fernando Truebak zuzendutako izen bereko filmetik sortu zen. Filmean, Bebo Valdesek bere jatorri afrikarrean sakontzeko Salvadorrera egin zuen bidaia islatu da.

El milagro de Candeal diskoaren protagonistak Carlinhos Brown, Bebo Valdes eta Candealeko musikariak dira. Caetano Veloso eta Marisa Monte abeslari ezagunek ere parte hartu zuten lan horretan.

Diskoan agertzen diren musikari eta talde guztiek Candealeko favela munduko auzorik musikalena bihurtu dute. Auzoan musika kontserbatorioak, auditorioak, entsegu-aretoak eta grabazio-estudioak daude. Diskoa abesti bikainen bilduma bat baino gehiago da, eta musika eta elkartasuna eskutik joan daitezkeela erakutsi du Carlinhos Brownen lan horrek.

Carlinhosen inauteria 2004ean heldu zen Espainiako Estatura Bartzelonako Kulturen Forumarekin. Musikari brasildarraren ustez "inauteriak ospatzen dituen ororenak" dira eta haren hitzetan, ikuskizuna "herriarena" da eta "begirunez, poztasunez eta bakean" denak elkarrekin egotea da helburu nagusia. Carlinhos Brown y Dj Dero presentan Candyall Beat musikariaren azken lana da.