Itzuli orri osora
AC/DC, talde elektrikoa
jue, 05 ene 2006 18:25:00 +0100

AC/DC taldea, bere izenak dioen bezala (korronte alternoa/korronte zuzena), elektrizitatea da oholtza gainean. Energia, indarra, berezkoa duen soinua, Angus Youngen duckwalk-a (ahateen ibileraren imitazioa) eta eskola-umearen mozorroa Australiako taldearen elementurik bereizgarrienak dira.

Angus eta Malcom Young anaiak izan dira AC/DC taldearen liderrak, beti. 1963. urtean Young familia Britainia Handia utzi eta Sydneyra joan zen, Angus eta Malcolm haurrak zirela.

Australian bluesa, Chuck Berryren rock'n'rolla eta Rolling Stones, Who edo The Kinks bezalako talde britainiarren musika ezagutzeko aukera izan zuten. 1973. urtean AC/DC taldea sortu zuen Malcom Youngek. Malcomekin batera Dave Evans abeslariak, Larry Ban Kriedt baxu-joleak, Colin Burgess bateriak eta Angus Young gitarristak osatu zuten banda.

AC/DC taldeak lehenengo zuzenekoa eskaintzen du Sydneyn

Urte horretan, abenduaren 31an, lehenengo kontzertua eskaini zuten Sydneyn eta Chuck Berry, The Beatles eta Rolling Stones taldeen abestiak jo zituzten.

Zenbait aldaketa izan ziren taldean lehenengo hilabeteetan. Larry Van Kriedtek eta Colin Burgessek banda utzi zuten eta Rob Baley eta Ron Carpenter sartu ziren. Ron Carperterrek gutxira utzi zuen taldea eta bere ordez Russel Coleman sartu zen. Azken horrek ere taldea utzi eta Peter Clarkek hartu zuen bere lekua. David Evans abeslaria azkeneko baja izan zen eta Bon Scott eskoziarra sartu zen bere ordez.

High Voltage urrezko diskoa Australian

High Voltage, taldearen lehenengo diskoa eta Australian argitaratutakoa, 1975ko urtarrilaren 25ean Melbourneko jaialdi batean aurkeztu zuten. High Voltage urrezko diskoa izan zen Australian urte horretan. Garai horretan, bestalde, TNT, bigarren diskoa, grabatu zuten.

1976. urtean Dirty deeds done dirt cheap publikatu zuten eta TNT diskoak bigarren postua lortu zuen disko salduenen zerrendan. Urte horretako martxoan, Europara joan zen lehenengo aldiz boskotea eta Londres izan zuten helburu nagusi. AC/DC taldeak arrakasta izan zuen punka nagusi zen Ingalaterran eta oso kritika onak jaso zituen prentsan.

Let ther be rock (1977), Powerage (1978) eta If you want blood, you've got it (1978) lanek ezagun egin zuten taldea AEBetan eta Highway to hell (1979) albumarekin disko salduenen zerrendan lehenengo postuetara iritsi ziren.

Bon Scotten heriotza

Taldea garai onenean zegoenean, Bon Scott hil egin zen bere okarekin itota 1980ko otsailaren 19an, parranda handi baten ondoren. Brian Johnson abeslaria bere ordezkoa izan zen.

Back in black (1980), Johnsonen lehenengo lanak, izugarrizko arrakasta izan zuen. Scotten heriotzak AC/DC taldeak sortzeko zuen gaitasunean eraginik izan ez zuela erakutsi zuen disko horrek, gainera. For those about to rock we salute you (1981) taldearen hurrengo disko arrakastatsua izan zen.

Flick the switch (1983), Fly on the wall (1985)edo Blow up your video (1988) diskoek aurreko lanen hard rock soinua errepikatu zuten. The Razor's edge diskoak, azkenean, arrakasta berreskuratu zuen.

Live (1992), Ballbreaker (1995) eta Stiff upper lip (2000) Australiako taldearen azken lanak dira.