Itzuli orri osora
Bruce Springsteen, Ipar Amerikako rockaren ordezkari nagusia
vie, 30 dic 2005 18:24:00 +0100

Bruce Springsteen Ipar Amerikako rockaren ordezkari nagusia izan da azken hamarkadetan. Arrakasta handiak eduki ditu bere ibilbide artistikoan eta AEBetako musikaren izar nagusienetako bat da. Horregatik, The Boss (Nagusia) izenarekin ezagutzen dute askok.

1949ko irailaren 23an jaio zen New Jerseyn Bruce Springsteen. Ama italiarra zuen eta aita irlandarra. Zazpi urte zituela gitarra bat erosi zuen Elvis Presley kasualki telebistan ikusi eta gero. Nerabezaroan, berriz, gitarra klaseak jaso zituen.

1965. urtean The Castilles taldea osatu zuen Springsteenek Tex Vinyar eta George Theiss lagunekin batera. Banda horrek ez zuen arrakastarik izan, baina urte batzuk beranduago, Child hirukotea sortu zuten Danny Federicik, Vini Lopezek eta Bruce Sprinsteenek. 1972. urtean lehenengo kontratua sinatu zuten CBS diskoetxearekin eta Clarence Clemons saxofonista ezagutu zuen abeslari estatubatuarrak.

1973. urtea oparoa izan zen artistarentzat. Urtarrilean Greetings from Ausbury Park merkaturatu zuen eta The wild innocent & The E Street shuffle hilabete batzuk beranduago.

Born to run diskoa kaleratzen du

1975. urtean Born to run, zortzi abestiz osatutako diskoa, kaleratu zuen. Hiru urtera, 1978. urtean Darkness on the edge of town lanak argia ikusi zuen. Entzuteko zaila zen disko hori kritikari batzuentzat eta artistak printzipioei ospeari baino garrantzi handiagoa ematen ziola pentsatzen zuten.

1980. urtean, The river, 20 abestiz osatutako disko bikoitza publikatu zuen. Springsteenek musikariak aldatu zituen lan horretan Clarence Clemons saxofonista izan ezik. "Hungry heart" eta "The river" abesti ezagunak, bestalde, lan horretan agertzen ziren. Bi urte beranduago, Nebraska kaleratu zuen, letra ezkorra eta iluna zuten abestiez osatutako lana.

Born in the U.S.A, bere ibilbideko lanik garrantzitsuenetakoa

1984. urtean Born in the U.S.A, bere ibilbideko lanik garrantzitsuenetakoa, merkaturatu zuen. Diskoak izugarrizko arrakasta lortu zuen eta hamar milioi kopia saldu ziren. Urte bete beranduago, Live 1975-1985 lanak argia ikusi zuen, ordu arte egindako kontzertu guztien errepasoa.

Musikariak Tunnel of Love argitaratu zuen 1987. urtean, emazteaz banandu eta gutxira. 90eko hamarkadaren hasieran, bestalde, bi disko kaleratu zituen egun berean, Human touch eta Lucky town.

"Streets of Philadelphia" kantarentzat Abesti Onenaren Oscarra

1995. urtean The ghost of Tom Joan publikatu zuen, bere ibilbideko lanik intimistena. Urte berean, Greatest hits diskoak argia ikusi zuen, abesti arrakastatsuez osatutako albuma. "Streets of Philadelphia" Philadelphia filmaren soinu-banda lan horretan zegoen. Abesti Onenaren Oscarra eskuratu zuen Bruce Springsteenek abesti horrekin.

2002. urtean The rising lanarekin bueltatu zen musikaria, zenbait zuzeneko eta bildumen ondoren. 2001eko irailaren 11n AEBetan izandako eraso terrorista da disko horren gai nagusia. Devils and dust, folk ukituak dituen albuma, artistaren azken lana da.