Itzuli orri osora
Aretha Franklin, soularen erregina
vie, 10 jun 2005 18:23:00 +0200

Elizan gospel abestuz hasi zuen musika-ibilbidea Aretha Franklinek, bere aita hango parrokoa baitzen. 60ko hamarkadako urteak ospe handikoak izan ziren eta orduantxe egin zen ezaguna ¿Soularen Erregina¿ izenarekin. 70ko hamarkadaren hasieran, ostera, nabarmen jaitsi zen kantariaren arrakasta. Hala ere, 30 urteko ibilbidean, 60 bat lan argitaratu ditu Aretha Franklinek, betiere gospelaren eragin nabaria duen soul musika landuz.

Aretha Louise Franklin Memphis (Tennesse) hirian jaio zen 1942ko martxoaren 25ean, baina Detroiten hazi zen. Barbar Siggers gospel abeslariaren eta Clarence LaVaughn Franklin New Bethel Baptist Church elizako parrokoaren alaba izanik, eliza hartako abesbatzean hasi zen abesten 9 urte zituela. Bere kabuz ikasi zuen pianoa jotzen 8-9 urterekin, eta aparteko gospel abeslaria zen ordurako, bere ahots erakargarriari esker.

1956 eta 1960. urteen artean erlijioaren inguruko kantuak soilik abestu zituen, eta hain zuzen ere, 1956. urte horretan grabatu zuen bere estreinako diskoa, gospel estiloan, 14 urte zituela. 1960. urtean, Manhattanera joan zen bizitzera, eta hango produktoreek laster jarri zuten arreta Franklinen ahotsean. RCA eta Motown etxeen eskaintzak baztertu ondoren, Columbia Records diskoetxearekin hasi zen lanean, John Hammond produktorearen eskutik. Hala ere, diskoetxe honek pop abeslari bilakatu nahi zuen Franklin, eta Billy Hollidayren ordezko gisa hartu zuen. Aretha Franklinentzat, ordea, arrotza zen musika mota hura, eta, hori zela eta, Columbia Records etxearekin grabatutako 10 diskoetatik bakarra egin zen ezagun: Rock a bye your baby with a dixie melody.

1966an, diskoetxe harekin zuen kontratua bukatzean, Atlantic Records etxearekin sinatu zuen Arethak, Jerry Wexler produktorearen bitartez, eta etapa berri bat hasi zuen bere ibilbide musikalean. Berehala itzuli zen bere sustraietara rithm & blues estiloarekin, eta bete-betean sartu zen bere musikan. Une hartantxe iritsi zen I've never loved a man (1967) milioi bat kopia baino gehiago saldu zituen diskoa, arrakasten zerrenda luze bateko lehenbiziko lana. Soul, gospel, rock eta pop estiloak modu berezian nahastuz, Aretha Franklin bere unerik gorenera heldu zen. Ondorengo urteetan bere lanik onenak ekoitzi zituen, hala nola, "Respect", "Baby I love you", "Chain of fools" eta "Since you've been gone". Lanok soularen eta jazzaren urrezko garaien ikur gisa ezagutzen dira, eta Aretha Franklin "Soularen Erregina" bihurtu zuten behin-betiko.

1969tik 1975era zazpi Grammy sari irabazi zituen, bat urte bakoitzeko, eta arrakasta gehiago lortu zuen ondorengo urteetan ere, harik eta 70eko hamarkadaren bigarren erdian salmentek beherako joera hartu zuten arte. Bizitza pertsonalean arazo ugari izan arren, Franklinek sekula ez zuen nahi izan musikari buruzkoak ez ziren kontuak ezagutaraztea. Aktore lanak ere egin zituen sasoi hartan, The Blues Brothers . Gainera, Atlantic Records etxea utzi eta Arista diskoetxearekin sinatu zuen 1979an. Aldaketa honek, hala ere, arrakasta bakarra ekarri zion: Who's zoomin' who? lana; Franklinen diskorik arrakastatsuena da hori, eta "Free way of love" kantu ezaguna bertan agertzen da.

Ordutik, Aretharen arrakastak gainbehera ezagutu ez duen arren, ez du lortu 70eko hamarkadaren hasierako urteetan eskuratutako salmenta-kopurua berdintzea ere. Hala eta guztiz ere, lan arrakastatsuak izan ditu noizbehinka, tartean One love, one faith, one baptism (1987) diskoa, soul eta gospel abeslaririk onenaren Grammy saria ekarri ziona. Aretha Franklinek 1988an alboratu zituen eszenatokiak, eta, harrezkero, noizean behin baino ez ditu egiten agerraldi publikoak. Esaterako, 1989an egin zuen agerpena Elton John, James Brown eta Whitney Houstonekin. Azpimarratzekoa da, bestalde, "So damn happy" (2003) bere diskorik berriena, Aretha Franklinek inoiz egin duen diskorik onenetakotzat jo dutela hainbat adituk.

Aretha Franklin ez ezik, soulak andrazko artista garrantzitsu asko izan ditu, besteak beste, Dinah Washington, Roberta Flack, Donna Summer, Gloria Gaynor, Diana Ross, Natalie Cole, Oleta Adams, Stephanie Mills eta Tina Turner. Dena dela, Aretha Franklin ohore handiarekin bilakatu zen "Soularen erregina", eta halaxe da egun ere, 40 urte eta gero.