Itzuli orri osora
Foo Fighters: bazegoen bizitza Nirvanaren ondoren (I)
vie, 11 feb 2011 17:30:00 +0100

1994an Kurt Cobainen heriotzak mundua astindu zuenean, grunge mugimendua maila gorenera eraman zuen Nirvana taldearen soinu berezia harekin hil behar zela zirudien. Halere, Dave Grohl, Seattleko talde mitikoaren bateria-jotzailea, horri aurre egiteko prest zegoen. Bateriako makilak alde batera utzi eta gitarrari eutsi ondoren, talde berri bat sortu zuen: Foo Fighters. Nirvanak baino soinu leunago bat eginda, Grohl buru duen laukoteak estudioko 6 disko kaleratu ditu eta industria eta publikoaren harrera paregabea izan du beti, agertoki gainean eman dituen 15 urteetan. 2011n, Foo Fightersek zazpigarren lana merkaturatuko du eta, dagoeneko, ikusmin handia piztu du, Nirvana zenaren hiru kidek hartuko baitute parte disko horretan: Dave Grohlek, Krist Novoselicek (baxua) eta Butch Vigek (produktorea).

Banda 90eko hamarkadaren erdialdean jaio zen, grunge mugimenduaren goraldian. Hamarkadaren lehen zatian, Nirvana zen mugimendu horretako burua, 1991n Nevermind kaleratu zuenetik. Arrakasta eta gehiegikeri handiko hainbat urteren ondoren, 1994an amaitu zen bandaren ibilbidea, Kurt Cobain liderra hil zenean.

Heriotzaren zartakoa gainditu ostean, Dave Grohlek, Nirvanaren bateria-jotzailea zenak, bakarkako ibilbideari ekin zion, Foo Fighters taldea abiatuz. Musikari estatubatuarrak Nirvanako kide izandako garaian idatzitako hainbat pieza berreskuratu eta beste batzuk konposatu zituen. 1994an, grabazio-estudioan sartu zen eta Foo Fighters bere lehen lana grabatu zuen, instrumentu guztiak berak jota. Diskoaren arrakastak aurreikuspen guztiak gainditu zuenez, Grohl azkar mugitu behar izan zen musikariak biltzeko eta, hala, bira bati ekiteko. Modu horretan, Foo Fightersen jatorrizko laukotea osatu zuen: Nate Mendel (baxua), William Goldsmith (bateria), Pat Smear Nirvanako gitarrista ohia (gitarra) eta Dave Grohl bera (ahotsa eta gitarra).

AEBetan eta Europan barrena bira luze bat egin ostean, 1996 urte amaieran Foo Fightersek estudioko bigarren lana grabatu zuen: The Colour And The Shape, talde gisa grabatzen zuten lehenbizikoa, alegia. Grabazio-prozesua gogorra izan zen. Dave Grohlek erabaki zuen William Goldsmithek bi abesti baino ez zituela grabatu behar eta, horren ondorioz, bateria-jotzaileak banda uztea erabaki zuen. Halaber, grabazioa amaitu bezain laster, Pat Smear gitarristak laukotea utzi zuen, atseden hartu nahi omen zuelako.

The Colour And The Shape lanak 1997an ikusi zuen argia eta arrakasta itzela izan zen. "Monkey Wrench", "My Hero", "Hey", "Johnny Park!" eta "Everlong" abestien eskutik, Foo Fightersen lana Erresuma Batuko eta AEBetako disko salduenen zerrendetako lehen postuetan sartu zen. Publikoaren erantzun bikaina lortzeaz gain, laukoteak kritikaren babesa ere bereganatu zuen; hain zuzen, hamarkadako lanik onenen artean sartu zuten aditu askok.

Lanaren arrakastak bultzatuta, Grohl azkartasunez jokatu behar izan zuen Goldsmith eta Smear musikariek utzitako hutsuneak betetzeko. Baketak Taylor Hawkinsen esku utzi zituen eta gitarrista lanak egiteko, berriz, Franz Stahl kontratatu zuen. Dena dela, barealdiak ez zuen asko iraun. Bira amaitu ostean, Stahlek laukotea utzi zuen, Grohlekin ondo eramaten ez zelako.

1999an, Grohlek atseden hartzea erabaki zuen. Hainbat hilabetetako atsedenaldiaren ostean, musikariak etxeko sotoa grabazio-estudio bilakatu zuen eta bandako kideak bildu zituen. Hala, gitarrista gabe jarraitzen bazuten ere, Foo Fighters hirugarren diskoan hasi zen lanean: There is Nothing Left to Lose.

Urte horretan bertan kaleratuta, There is Nothing Left to Lose diskoak aldaketa ekarri zuen laukotearen estiloan, izan ere, euren soinua leundu egin zuten eta melankoliaren bidea jarraitu zuten. Grabazioa ia amaituta zutenean, gitarrista berri bat kontratatzeari ekin zioten. Izen asko kontuan hartu ostean, Chris Shiflett, No Use for a Name taldeko gitarrista ohia, izan zen aukeratua.

Proposamen berriak emaitza onak izan zituen eta, "Next Year", "Generator", "Stacked Actors" eta "Learn to Fly" kantuei esker, disko salduenen zerrendetako lehen postuetan sartu zen. Gainera, There is Nothing Left to Lose lanari esker, laukoteak Grammy sari bat irabazi zuen, 2000. urtean.

(Argazkiak: Lastfm )