Itzuli orri osora
Billie Holiday, jazzak eman duen ahotsik hunkigarriena
vie, 17 dic 2010 19:30:00 +0100
Jazz kantari onenetakoa izan zen bere garaian Billie Holiday eta oraindik ere, egungo beste abeslari askoren inspirazio izaten jarraitzen du. Bere ahotsa benetan berezia zen, zertxobait mugatua beharbada erresgistroari dagokionean baina swing eta emozioz betea; gainera, erritmoaren zentzu ikaragarria zuen. Night and Day bezalako kantu gogoangarriak uzteaz gain, jazzaren alde egin zuen God Bless the Child eta bestelako abestiak eginez; gerora kantu hau Aretha Franklin eta Stevie Wonderren mailako izarrek egingo zuten ezagun.

Billie Holiday bezala famatu egin zen Eleanora Fagan Gough ¿Lady Day ezizena ere jarri izan zioten- Philadelphian (AEB) jaio zen 1915eko apirilaren 7an. Hamar urte zituela Bessie Smith edo Louis Armstrong bezalako artisten musika entzun ohi zuen etxeko gramofonoan eta hortik etorri zitzaion musikarekiko interesa.

1930ean, New Yorkeko Harlem auzunean lan bila ari zela, "Pod's and Jerry's" izeneko klub txiki batean sartu zen dantzaria zela esanez. Bertan lan egiteko proba bat egin zioten baina oso gaizki egin zuen. Nolanahi ere, piano-jotzaileak abesteko eskatu zion eta Trav'lin All Alone kantatzen hasi bezain laster, taberna osoa mutu geratu zen neskatoaren ahotsarekin txundituta; horrela hasi zen Billie Holidayren musika ibilbidea. 1933an, John Hammond musika produktoreak "Log Cabin" izeneko klubean abesten ikusi zuen Billie. Erabat liluratuta geratu zen eta berari buruz idatzi zuen egunkari batean. Artikulu hari esker, Benny Goodman musikariak zuzendutako musika talde txiki bateko kide egitea lortu zuen eta 1933ko azaroaren 7an egin zuen debuta merkatuan Your Mother's Son-In-Law kantuarekin.

New Yorkeko Apolo antzokian abestu zuen lehen aldiz 1934ko azaroaren 23an. Oso kritika onak jaso zituen emanaldi harengatik eta handik gutxira Joe Galserrekin, Louis Armstrongen ordezkariarekin, lan egiten hasi zen. Hurrengo urtean, Duke Ellingtonen orkestrarekin batera abesten azaldu zen Simphony in Black film luzean eta gerora oso emaitza onak emango zion lankidetza harreman bat hasi zuen Teddy Wilson piano-jotzailearekin. Hainbat abesti grabatu zituzten batera eta aldi berean, Billie Holidayk garai hartako bakarlari onenetakoak ziren Ben Webster, Johnny Hodges, Bunny Berigan, Roy Eldridge edo Lester Youngekin jotzeko aukera izan zuen. Azken honekin aparteko arrakasta izan zuen; jazzaren historian bikote gutxi izan dira Holidayk eta Youngek osatzen zutena bezain bikaina.

1939an Strange Fruit izeneko kantua grabatu zuen. Eskubide zibilen alde Estatu Batuetan egin zen mugimenduaren lehen leloa bilakatu zen eta horrek mundu mailan ezagutzera eman zuen abestia; AEBko "Time" aldizkariak XX. mendeko kanturik onena bezala aukeratu zuen 1999an. Billie Holidayk tinko eutsi zion arrastari, Count Basie, Artie Show eta Lester Youngekin lanean jarraitu zuen eta guztira berrehun abesti inguru grabatu zituen 40. hamarkadan. Lady Day ezizena jarri zion Lester Youngek garai hartan.

Infernura bidean

Arrakasta hura ez zen betiko izan; zoritxarreko une asko ere ekarri zizkion. Azkenean, bere bizitzak behea jo zuen eta ezin izan zen berriz suspertu. Horrela kontatzen du berak hil baino hiru urte lehenago idatzi zuen autobiografian, Lady Sings The Blues. Bertan azaltzen ditu, besteak beste, heroinarekiko eta alkoholarekiko izan zuen menpekotasuna eta prostituzioan lan egin behar izan zuen denboraldia. Amodiozko hainbat harreman izan zituen baina zorigaiztokoak guztiak ere. Egoera horien ondorioz musikarekiko arreta galdu ohi zuen, alkoholak eta drogak pixkanaka hondamenera zeramaten bitartean. Gaztetatik izan zen drogazalea: 12 edo 13 urte zituenetik erretzen zuen marihuana baina heroina izan zen benetan suntsitu zuena. 1947an heroina edukitzeagatik atxilotu egin zuten eta 8 hilabetez egon zen kartzelan.

50. hamarkadan Norman Grazek musikan lehengo arrakasta berreskuratzen lagundu nahi izan zion eta Verve diskoetxerako ehun abestitik gora grabatzeko konbentzitu zuen. Proiektu honi esker, Coleman Hawkins, Benny Carter, Oscar Peterson, Wynton Kelly edo Ben Webster bezalako izarrekin lan egiteko aukera izan zuen. Nolanahi ere, kritiko askok uste izan zuten ordurako Billie Holidayren ahotsa kaltetuta zegoela. Nahita egon zen drogazaletasunari aurre egiteko klinika batean, musika munduan zuen izen ona salbatu nahian baina aldi labur baterako suspertzea baino ez zuen lortu.

Horrela, 1958an Lady in Satin diskoa atera zuen baina ahalegin handiak egin behar izan zituen lehen bezala abesteko. 1959ko maiatzean, Greenwich Villagen kontzertua ematen ari zela, gibeleko mina eta bihotzeko arazoak zirela eta ospitalera eraman behar izan zuten. Ospitalean zegoela, poliziak heroina edukitzea leporatu zion eta handik bi hilabetera, etxe barruko atxiloketa betetzera kondenatu zuten. Poliziaren zaintzapean egon zen Billie Holiday 1959ko uztailaren 17an, 44 urte zituela, gibeleko zirrosi batek jota hil zen arte.

Bizitza triste hau filme ere bilakatu zen. Bere autobiografia ardatz hartuta Lady Sings The Blues izeneko film luzea egin zen 1972an; Diana Ross eta Richard Pryor izan ziren protagonistak.

(Argazkiak: cmgww.com/music/holiday)