Itzuli orri osora
Biffy Clyro, kalitate handiko rocka
vie, 01 oct 2010 16:32:00 +0200

Azken urteotan rock independenteak eman duen izen handienetako bat da Biffy Clyro. Simon Neilek (ahotsa eta gitarra) eta James (baxua) eta Ben Johnston (bateria) anaiek osatzen duten hirukoteak estudioko bost disko kaleratu ditu orain arte, beti ere kritikaren erantzun paregabea lortuta. Agertokietan urte asko daramatzaten arren, hamarkada bat baino gehiago, mundu mailako arrakasta ez zitzaien 2007ra arte heldu, Puzzle izeneko euren laugarren lan ospetsuak argia ikusi zuen arte, alegia.

Iaz euren azken diskoa (Only Revolutions) merkaturatu zuten eta, aurten, Bilbo aldean ibili dira lan horretako perlak ("Many of Horror", "That Golden Rule" edo "Mountains") aurkezten.

Taldea 1995ean sortu zuten Ayrshire-ko (Eskozia) hamabost urte inguruko hiru gaztek: Simon Neilek (ahotsa eta gitarra), Ben Johnston-ek (bateria) eta Barry izeneko gazte batek (baxua); dena dela, denbora gutxira, baxu-jotzailea aldatu egin zuten, hain zuzen ere, James Johnstonek (Ben-en anaia bikia) Barry ordezkatu zuen. Taldea sortuta, hirukotea lehen urratsak ematen hasi zen musikaren munduan eta beste talde batzuen abestien bertsioak egiteari, euren abesti propioak konposatzeari eta kontzertu bat edo beste eskaintzeari ekin zioten.

1997an gazteak Glasgow hirira joan ziren, unibertsitateko ikasketak burutzeko. Euren bizitzako etapa berri bat hasi arren, hirukote eskoziarrak musikaren munduan arrakasta lortzeko ametsari eutsi zion. Kontzertuak eskaintzen eta abestiak sortzen jarraitu zuten, eta euren izena gero eta gehiago entzuten hasi zen hirian. Kontzertu horietako batean, musikako talentu berriak aurkitzeaz arduratutako gizon bat erabat liluratuta geratu zen hirukotearen zuzeneko potentearekin eta, denbora gutxira, musikari gazteek euren lehen kontratu diskografikoa sinatu zuten. 2000. urterako, oso izen bereziko EP bat kaleratu zuten: Thekidswhopoptodaywillrocktomorrow.

Bi urte geroago, 2002an, Biffy Clyrok bere lehen disko ofiziala kaleratu zuen: Blackened Sky. Hamabi abestiz osatuta, hirukotearen opera primak oso harrera ona izan zuen eta, kritikaren erantzun horri esker, bandak talde garrantzitsuekin egin zuen bira, Weezerrekin, besteak beste.

2003an euren bigarren lana merkaturatu zuten: The Vertigo of Bliss. Aurrekoa baino esperimentalagoa zen eta, disko hau aurkezteko, taldeak bere bakarkako lehen birari ekin zion. Bira amaitu ostean, 2004an, grabazio estudioan sartu ziren berriz hirugarren lana grabatzeko: Infinity Land. Diskoak urte horretan bertan, urrian, ikusi zuen argia.

Puzzle, inflexio-puntua

2006 urteak sekulako aurrerapausoa ekarri zuen bandaren ibilbidean. Irailean diskoetxez aldatu zuten. Warner handiaren filial batekin (14th Floor) kontratua sinatu eta, urte horretan bertan, bandaren historia betirako aldatuko zuen diskoa grabatu zuten: Puzzle. Lanak 2007ko ekainean ikusi zuen argia eta arrakasta ikusgarria izan zuen. Bai kritikak bai publikoak erantzun ikusgarria eman zioten hirukotearen laugarren lanari; hala, merkaturatutako lehen astean Erresuma Batuan gehien saldu zen bigarren diskoa izan zen.

"Saturday Superhouse", "Living Is a Problem Because Everything Dies" edo "Semi-Mental" bezalako abestiei esker, taldeak mundu mailako oihartzuna izan zuen eta The Who, Red Hot Chili Peppers edo The Rolling Stones bezalako izen handiekin batera igo zen agertokietara.

Hurrengo urtean Singles 2001-2005 izeneko bilduma-lana kaleratu zuten. Bertan, taldearen lehen hiru diskoetako (Blackened Sky, The Vertigo of Bliss eta Infinity Land) abesti onenak bildu zituzten.

Iaz orain arte kaleratu duten azken lana merkaturatu zuten: Only Revolutions. Oso zaila izan arren, aurrekoarekin baino arrakasta komertzial handiagoa izan zuten; hain zuzen ere, 300.000 kopiatik gora saldu dituzte orain arte Erresuma Batuan. "Many of Horror", "That Golden Rule" edo "Mountains" kantu apartek baieztatu egin zuten Biffy Clyro azken urteotako rock bandarik garrantzitsuenetako bat dela.

Disko berria aurkezteko bira bati ekin zioten eta, horren baitan, Bilbo aldean izan dira aurtengo uztailean, Bilbao BBK Live 2010 jaialdian. Bertan emandako kontzertuan Only Revolutions laneko abesti ezagunak jo zituzten, Kobetamendin bertaratutakoen gozamenerako.

(Argazkiak: Lastfm )