Itzuli orri osora
Adam Faith, ibilbide heterogeneodun artista
vie, 16 jul 2010 16:31:00 +0200

Britainia Handiko musikagintzan sekulako garrantzia izan zuen 50eko hamarkadaren bigarren erdian eta 60koaren lehen zatian. Bere lehen zazpi singleak Britainia Handiko musika zerrendetako lehen bost postuetan kokatzea lortu zuen Erresuma Batuko aurreneko artista izan zen. The Beatles eta Inbasio Britainiarraren garaiko beste zenbait talde agertu zirenean, telebistara eta zinemara jauzi egin zuen. Arrakasta handia izan zuen finantza aholkulari gisa ere.

Terence Nelhams-Wright 1940ko ekainaren 23an jaio zen Actonen, Londresen, familia xume batean. Aita autobus gidaria zuen eta ama garbitzailea. Bost anai-arrebetan hirugarrena zen. 12 urterekin, oraindik eskolan ari zela, egunkariak saltzen eta banatzen hasi zen.

Lehen urratsak musika munduan

Les Vandyke eta John Barry musikagileei esker lortu zuen neurri handi batean arrakasta musikagintzan hasierako urteetan. Antzezle izatearekin amets egiten zuen arren, 1957an filmak mozten ari zen Londresen, eta, denbora zuenean, The Worried Men izeneko skiffle taldean abesten zuen. Londresko Soho auzoko lokal askotan aritu ostean, Jack Good telebistako ekoizlearen eskaintza onartu zuen. Goodek Adam Faith izen artistikoa eman zion, eta, gero, John Barryren eskuetan utzi zuen.

Bi horien laguntzaz, Drumbeat telesailean (1959) lan egin ahal izan zuen Faith gazteak, egundoko sona lortuz, gainera. Urte berean, musika zerrendetako lehen postura iritsi zen Les Vandykek idatzi eta John Barryk musikatutako "What Do You Want?" abestiarekin.

1959an, Beat Girl filmean eta No Hiding Place telesaileko atal batean agertu zen. Urtebete geroago, Never Let Go pelikulan lan egin zuen, Peter Sellersekin batera.

Faithen urrezko urteak

Urte horretan argitaratutako bost kantuk Faithen ospea areagotu zuten: "Poor Me" (zerrendetako lehen postua), "Somebody Else's Baby" (zerrendetan bigarrena), "Johnny Comes Marching Home" (bosgarrena), "How About That!" (laugarrena) eta "Lonely Pup" (hau ere laugarrena).

Hurrengo bi urteetan ere bide beretik segitu zuen, abesti bikainak lagun. "Who Am I?" (zerrendetan bosgarrena), "Easy Going Me" (hamabigarrena), "Don't You Know It?" (hau ere hamabigarrena), "The Time Has Come" (laugarrena), "Lonesome" (hamabigarrena), "As You Like It" (bosgarrena) eta "Don't That Beat All" (zortzigarrena) dira garai horretako kanturik azpimarragarrienak.

Baina 1962aren hondarrean The Beatles taldeak "Love Me Do" abestiarekin mundua txunditu zuenean, ordura arte Cliff Richardekin eta Billy Furyrekin batera Britainiar Uharteetako musikaririk ezagunena zenaren distira itzaltzen hasi zen.

Halere, Adam Faithek beste bi kantu sartu zituen Britainia Handiko zerrendetan 1963an: "The First Time" (bosgarren lekuan) eta "We Are In Love" (zerrendetan hamaikagarrena).

"A Message to Martha" izan zen hurrengo urtean argitaratu zuen abestirik arrakastatsuena (zerrendetan hamabigarrena). Baina 1965etik aurrera, jarraitzaileen babesa galduz joan zen. Gainera, 1963tik bidelagun izan zuen taldeak, The Roulettesek, bakarrik segitzea erabaki zuen.

Beste bide batzuk

1967an, Jackie Irving dantzariarekin ezkondu zen, eta, handik urte batzuetara, Katya alaba izan zuten.

1968an, abesteari uztea erabaki zuen. Halere, musikaren munduan jarraitu zuen. Leo Sayerren eta Roger Daltreyren agentea eta ekoizlea izan zen, besteak beste. Antzezle lana ere egin zuen, telebistan zein zineman. Adibidez, Budgie (1971-1972), Minder ("Minder on the Orient Express" atala, 1985), Love Hurts (1992-1994), The House that Jack Built (2002) eta Murder in Mind (2003) telesailetan eta Stardust (1974), McVicar (1980) eta Foxes (1980) filmetan lan egin zuen. Azken horretan artean oso gaztea zen Jodie Fosterrekin batera aritu zen. Enpresa munduan ere jardun zuen, eta arrakasta handia lortu zuen finantza aholkulari gisa.

Adam Faith 2003ko martxoaren 8an hil zen, bihotzekoak jota. 62 urte zituen.

(Argazkiak: Adam Faith )