Itzuli orri osora
Bo Diddley: The Originator
vie, 04 jun 2010 15:44:00 +0200

Bere estilo gordinak salmenta handien ateak itxi zizkion arren, letra larriz idatzita geratu zen bere izena bluesetik rock-and-rollerako trantsizioan. Diddleyren gitarra angeluzuzenaren erritmoak liluratuta utzi zituen punta-puntako artista asko, Buddy Holly, Jimi Hendrix eta Eric Clapton, besteak beste. Artista estatubatuarraren riff distortsionatu eta indartsuak gurtzen eta imitatzen zituzten. Belaunaldi berriengan izan zuen eragin itzel horri zor dio musikazaleek jarri zioten goitizena: "The Originator".

Ellas Otho Bates 1928ko abenduaren 30ean jaio zen McComb herrian, Mississippin, Ameriketako Estatu Batuetan. Ethel Wilson eta Eugene Bates senar-emazteen semea, amaren lehengusinaren, Gussie McDanielen, alboan hazi zen, eta haren abizena hartu zuen. Ellas McDaniel izango zen aurrerantzean.

Amaordearekin Chicagora bizitzera joan zenean, blues musika barneratu zuen. Haurra zela, tronboia eta biolina jotzen ikasi zuen eliza baptista batean. Baina 12 urterekin, gitarra bat oparitu zion Lucille arrebak. Gertaera esanguratsua izan zen, ez Ellas gaztearen bizitzan soilik, baita rock musikaren bilakaeran ere. John Lee Hooker izan zuen eredu eta jarraibide.

Ellas McDanielek Bo Diddley izena hartu zuen 40ko hamarkadan, eta 1945ean bere lehen taldea sortu zuen, The Hipsters. Hamarkada amaitu orduko, bi aldiz ezkondu zen.

Kalean, azoketan eta garai hartan oso ezaguna zen 708 klubean jotzen hasi zen. Ondoren, 1954an, Chess Records diskoetxearentzat "Bo Diddley" eta "I'm a man" abestiak grabatu zituen Billy Boy Arnold abeslariarekin, Otis Spann piano-jotzailearekin, Jerome Green maraka-jotzailearekin, Frank Kirkland bateria-jotzailearekin eta Lester Davenport harmonika-jotzailearekin. Kantu horiek 1955ean argitaratu zituzten, eta egundoko arrakasta lortu zuten.

1958an, Bo Diddleyren izen bereko lehen disko gogoangarria kaleratu zuten. Goian aipatutako "Bo Diddley" eta "I'm a man" klasikoez gain, beste hainbat abesti esanguratsu biltzen zituen, "Before you accused me", "Who do you love?" eta "Pretty Thing" ahaztezinak, adibidez.

Bo Diddley beat izenez ezagun egin zen estiloak eta berak egindako gitarra angeluzuzenetik irteten zen jungle sound soinuak liluratuta utzi zituzten musikari ugari. Pretty Things, The Rolling Stones, The Yardbirds, The Animals eta The Sonics taldeek eta Eric Clapton eta Buddy Holly bakarlariek, beste askoen artean, Diddleyren abestien bertsioak egin zituzten.

50eko hamarkadaren hondarrean eta 60koaren hasieran gorantz jarraitu zuen "Road Runner", "Say Man" (1959), "Cadillac" (1960), "You Can't Judge a Book By the Cover" (1962) eta beste hainbat kanturi esker. 1958 eta 1963 bitartean, Checker Recordsek, Chess Records diskoetxearen filialak, Bo Diddleyren 11 disko argitaratu zituen. Alan Freeden kontzertuetan parte hartu zuen, eta horrek kulturen arteko mugak gainditzeko bidea eman zuen. Halere, oso gutxitan jorratu zituen nerabeen arazoak bere abestietan.

Bere eraginpean hazi ziren taldeak (The Rolling Stones eta The Animals, adibidez) 60ko hamarkadako AEBetan ezagun egiten ziren heinean, Diddleyren musika itzaliz zihoan, maila artistikoan ez ezik, baita salmentetan ere.

70eko hamarkadan, Bo Diddleyk ("The Originator" ezizena zuen) The Clash taldearen bira batean parte hartu zuen, baina ez zuen garai bateko estudioko lanen arrakasta errepikatzerik lortu. Kantu horiek rock-and-rollaren historiaren ezinbesteko zati dira beste hainbat artista handiren (Chuck Berry, Elvis Presley, Buddy Holly eta Jerry Lee Lewis, besteak beste) lanekin batera. Bo Diddley 1987an sartu zuten rock-and-rollaren munduko ospetsuenen aretoan.

2008ko ekainaren 2an hil zen gutxiegitasun kardiako baten ondorioz. 79 urte zituen.

(Argazkiak: bodiddley.com)