Itzuli orri osora
Artic Monkeys, oso ibilbide azkarra izandako taldea
vie, 19 feb 2010 15:40:00 +0100

2001eko Gabonetan, Santa Klausek Sheffield-eko (Ingalaterra) aldiriko auzo berean bizi ziren Alex Turner eta Jamie Cook nerabeen desirak bete zituen: gitarra bana oparitu zien. Gazteak jo eta ke hasi ziren instrumentuak astintzen eta, hainbat hilabetez jotzen ikasten ibili ostean, Artic Monkeys rock banda osatu zuten bi ikaskiderekin batera. Urte gutxi geroago, 2006an, Erresuma Batuko disko salduenen zerrendak astindu zituzten beren lehen lanarekin, eta herrialde horretako musika industriaren sari handienak lortzeaz gain, indie rockaren ikurretako bat bilakatu ziren.

Laukotea milurteko berriarekin jaio zen, Sheffield (Ingalaterra) hiriko aldiri batean. 2001ean Alex Turner (gitarrista eta abeslaria) eta Jamie Cook (gitarrista) gazteek gitarra bana jaso zuten Gabonetako opari gisa. Une hartan hasi zen, hain zuzen, oso emankorra izango zen euren eta musikaren arteko harremana. Jotzen ikasi ostean, Artic Monkeys taldea osatu zuten, Matt Helders bateria-jolearekin eta Andy Nicholson baxu-jolearekin batera. The Clash edo The Smiths talde historikoen eta Oasis edo The Strokes bezalako banda modernoagoen eraginekin, laukotearen musika gero eta ezagunagoa egiten hasi zen Sheffield-eko areto eta lokaletan.

Internet, eta bereziki Myspace, bidez egindako hedapen bikain bati esker, Artic Monkeys-en soinua indarra irabazten hasi zen Ingalaterrako musika munduan. Hala, 2005ean, euren lehen EPa kaleratu zuten: Five Minutes with Arctic Monkeys. Bi kantuz ("Fake Tales of San Francisco" eta "From the Ritz to the Rubble") osatuta, 100 CD eta binilozko 500 disko kaleratu zituzten. Diskoetxeek laukotearen atea jo zuten, baina taldeko kideek uko egin zieten, sormen prozesuan jasan zitzaketen esku hartzeak saihesteko.

Produkzio-etxeak albo batera uzteko erabakiak taldearen ospea indartu egin zuen eta garai hartan eman zituzten kontzertu guztietarako txartelak agortu egin ziren. Zurrumurruek ziotenez, taldeak EMI edo Epic enpresa handiek egindako milioi askoko eskaintzei uko egin zien. 2005eko ekainean, laukoteak Domino Records diskoetxe independentearekin sinatu zuen.

Markak hausten

Urte bereko irailerako, taldeak bukatuta zuen bere lehen lanaren grabaketa. Hala, bai taldeak bai disko berriak ikusmin handia piztu zuten eta, 2006ko urtarrilean, laukoteak bere lehen lana kaleratu zuen: Whatever People Say I Am, That's What I'm Not.

Artic Monkeysen opera prima Erresuma Batuko historian azkarren saldu zen estreinako lana izan zen; hain zuzen, 120.000 kopia inguru saldu ziren merkaturatutako lehen egunean, eta lehen asterako, 363.735 salduta zituzten jada. Publikoaz gain, kritikak ere gogo biziz hartu zuen laukotearen lehen lana, eta Whatever People Say I Am, That's What I'm Not diskoak Erresuma Batuko musika industriaren sari potoloenak bereganatu zituen. "I Bet You Look Good on the Dancefloor" eta "When the Sun Goes Down" bezalako arrakastek laukotea indie rockaren maila goreneraino eraman zuten.

Aldaketa

Urte bereko apirilean, 5 abestiz osatutako EP bat merkaturatu zuten, Who the Fuck Are Arctic Monkeys? izenarekin. Kaleratze horren ondoren, Andy Nicholsonek taldea utzi egin zuen, ospearen eta arrakastaren presioak eraginda. Nick O'Malley The Dodgems taldeko baxu-jole ohiak ordezkatu zuen.

2007ko apirilean Artic Monkeysen bigarren diskoa heldu zen saltokietara: Favourite Worst Nightmare. Soinu azkar eta gogorrekoa, kritikak bigarren lan hori ere goraipatu egin zuen eta taldeak arrakastaren bideari eutsi zion. "Brianstorm", "If You Were There, Beware" edo "Fluorescent Adolescent" kantuek Erresuma Batuko bandarik sendoenetako bat bezala finkatu zuten Artic Monkeys.

2008an, laukoteak hirugarren diskoaren (Humbug) lanari ekin zion eta, hil batzuk geroago, 2009ko abuztuan, ikusi zuen argia. "Cornerstone" eta "Crying Lightning" bezalako abesti ezagunez osatuta, taldearen azken lanak aldaketak ekarri zituen laukotearen estiloan, soinua leunagoa baitzen. Agian, hori dela eta, ez kritikak ezta publikoak ere ez zioten aurreko bi diskoei egindako harrerarik egin azken lanari. Gaur egun, bandak azken lan horren aurkezpen biran dihardu buru-belarri.

(Argazkiak: Lastfm)