Itzuli orri osora
Alice in Chains, grunge musikaren fenixa (II)
vie, 09 oct 2009 18:33:00 +0200

1994an Jar of Files izeneko EP akustiko arrakastatsua grabatu ostean, banda estudioko hirugarren diskoan lan egiten hasi zen. Hala, urte bat geroago, 1995ean, Alice in Chains lana kaleratu zuten. Dirt diskoaren salmenten mailara iritsi gabe, album berriak arrakasta handia izan zuen eta Ameriketako Estatu Batuetako zerrendetako lehen postuan estreinatu zen. Zaleen erantzunak aurreikuspenak gainditu zituen, izan ere, hirugarren lan honetan laukoteak bere musika leundu eta findu zuen.

Dena dela, ustekabeko arrakasta horren eskutik etorritako ospea eta bere neska lagunaren gaixotasuna eta ondorengo heriotza 1996. urtean, trantze latzegiak izan ziren Staleyrentzat eta erabat hondoratu zen drogaren zuloan. Hori izan zen, hain zuzen, abeslariaren ibilbidearen amaieraren hasiera; izan ere, Alice in Chains Seattleko laukoteak gaur arte kaleratutako estudioko azken lana da.

Ondorengo urteetan, Staleyren osasun egoera kaskarrak lehen mailako musika talde bati zegokion jarduera egitea eragotzi zion laukoteari. Ondorioz, ez zuten ekarpen berririk egin, eta arrakasta bilduma eta zuzenean grabatutako disko andana kaleratu zuten. 1996an, MTV Unplugged merkaturatu zuten, taldearen azken kontzertua izango zen emanaldi akustiko baten diskoa. Ondoren, 1999an, arrakasta-bilduma bi kaleratu zituzten: Nothing Safe: Best of the Box eta Music Bank. Lehenengoa taldearen abesti ezagunenek osatzen zuten, eta bigarrenean, berriz, Staleyk grabatutako azken bi abestiak ("Get Born Again" eta "Died") zeuden, besteak beste. Urte bat geroago, Live merkaturatu zuten, taldearen zuzeneko emanaldi onenak biltzen zituen diskoa, alegia.

Staleyren heriotza

2002ko apirilaren 5ean, aurreikusi zitekeen zorigaiztoko ezbeharra etorri zen: Layne Staley hil zen, gaindosi baten ondorioz. Gertakaria bandaren akabera izan zen. Alice in Chains banandu egin zen, nahiz eta erabakia ez zuten inoiz ere ohar ofizial baten bidez jakinarazi.

Zazpi urte geroago, 2005ean, Alice in Chains agertokira igo zen berriz, ordurako hirukote gisa. Ongintzazko kontzertu batean izan zen, eta Wes Scantli (Puddle of Mudd) eta Maynard James Keenan (Tool) bezalako artistek jarri zioten ahotsa hirukotearen musikari. Ekitaldi honen ondorioz, hiru musikariak William DuVallekin, Comes With The Fall taldearen abeslari ohiarekin, harremanetan jarri ziren, hiru urte lehenago Staleyren heriotzaren ondorioz bertan behera geratu zen proiektua berrabiatzeko. Hala, laukote berriak Europa, Asia eta Amerika zeharkatu zuten bira erraldoiei ekin zion.

Lan berria

Azkenean, musika munduko azken urteotako albisterik desiratuena berretsi da: Alice in Chainsek disko berria kaleratu du. Black Gives Way to Blue izenburupean, diskoa irailaren amaieran ikusi zuen argia. Albisteak sekulako ikusmina sortu zuen; izan ere, Staley gabe disko berria kaleratzea zalantza handiak sortu zituen jarraitzaileen artean. Aurki jakin ahal izango dugu lan hau marketin maniobra bat baino ez den, edo bestalde, rockak emandako banda garrantzitsuenetako baten azken altxorraren aurrean gauden.

(Argazkiak: Lastfm )