Itzuli orri osora
Alice in Chains, grunge musikaren fenixa (I)
vie, 02 oct 2009 18:33:00 +0200

Grunge mugimenduaren goraldian, 80 hamarkada amaieran eta 90eko hasieran, arrakasta lortu nahian zebiltzan rock alternatiboko talde gehienen topaleku bihurtu zen Seattle; izan ere, distortsionatutako gitarrek eta letra axolagabeek erakarrita, geroz eta jendetza handiagoa biltzen zuen azpigenero horretako sorburua zen hiria. Pearl Jam, Mudhoney, Nirvana, Soundgarden. Mugimenduko banda entzutetsu guztiak lehia bizian aritzen ziren, talde ugari eta berdintsuak barne hartzen zituen musika eskaintza hartan ezberdindu nahian. Guztiak bat izan ezik. Alice in Chainsek ez zuen horren beharrik. Bere musika proposamena grunge mugimenduko ezberdinena zen, bere soinu astunari eta metal eragin handiari esker. Hala, bere estilo bereizgarriari helduta, Seattleko laukotea azpigenero honetako erreferenteetako bat bilakatu zen, eta soilik AEBetan, 14 milioi disko saltzea lortu zuen. Baina, ia beti bezala, ospeak eta arrakastak prezio bat izan zuten, kasu honetan, gainera, oso handia: Layne Staley abeslariaren heriotza, gaindosi baten ondorioz. Gertakari horrek bandaren ibilbidea hainbat urtez eten egin zuen. Gaur egun, euren estudioko azken diskoa publikatu zutenetik 14 urte igaro direnean eta mikrofonoan William DuVall abeslaria dutela, Seattleko laukotea bere errautsetatik birsortu da eta disko berria kaleratu du irailaren amaieran: Black Gives Way to Blue.

1987an abiatu zen abentura, Layne Staley abeslariak eta Jerry Cantrell gitarristak festa batean topo egin zutenean. Bi musikariak adiskide egin ziren eta talde bat osatzeari ekin zioten. Denbora gutxira, Mike Starr baxu-jolea bikotearekin elkartu zen eta, hain zuzen, Starren arrebaren mutil-lagunak, Sean Kinney bateria-jotzaileak, osatu zuen laukotea. Taldea sortuta zegoela, Seattleko lokaletan emanaldiak eskaintzen hasi ziren. 1989an, kontzertu horietako baten ondoren, Columbia Records zigiluak bandaren alde apustu egin zuen. Urte bakar baten ostean, Alice in Chainsek We Die Young izeneko EP bat kaleratu zuen, arrakasta handirik gabe.

1990eko udan, Seattleko laukoteak estudioko lehen diskoa kaleratu zuen: Facelift. Soinu gogorra eta 80. hamarkadako metal musikaren eragina zuen estreinako lanak, eta "We Die Young" eta "Man in the Box" bezalako kantuei esker, AEBetako zerrendetan sartzea lortzen zuen lehen grunge diskoa izan zen. Diskoaren eta bandaren arrakastak gora egin zuen nabarmen. Hala, urte horretan bertan, Facelift urrezko diskoa izan zen, eta gaur egunera arte bi milioi kopia inguru saldu dira. Grunge panoraman izandako agerpen ikusgarri hura We Die Young berriz kaleratzeko aprobetxatu zuen bandak; hori bai, kasu honetan salmentak askoz handiagoak izan ziren.

Facelift lanak taldearen ibilbidea bultzatu egin zuen. Laukotea izen handiko taldeen parera heldu eta industriaren engranajean sartu zen bete-betean. Hala, 1991n, bandak Seattleko Moore Antzokian eskainitako kontzertu baten bideoa kaleratu zuen eta, urte berean, Singles pelikulan agerraldi txikia egin zuten. Horrez gain, Iggy Pop, Megadeth, Slayer edo Antrax bezalako izen handiko taldeekin agertokia partekatu zuten.

Arrakastaren B aurpegia

Baina dena ez zen arrosa-kolorekoa. Taldearen ospea handitu ahala, kideen (bereziki Staleyren) drogamenpekotasunaren inguruko zurrumurruek ere gora egiten zuten. Depresioak eta heroinak geroz eta garrantzi handiagoa zuten abeslariaren bizitzan, urte batzuk geroago izango zuen zorigaiztoko amaieraren atariko gisa.

1992 urte amaieran, Dirt izeneko diskoa kaleratu zuten. Bandaren bigarrena zen eta, lan horren ondorioz, Staleyren drogazaletasunaren inguruko esamesak handitu egin ziren; izan ere, heroinaren ondorioak agerian zeuden diskoan, bereziki, abestien gai ilun eta depresiboetan. Halere, lanaren soinu zikinak eta lazgarriak eta abestietako hitzen existentzia-larritasunak grunge mugimenduko zaleekin primeran bat egin zuten.

"Would?" edo "Down in a Hole" grunge zaleen ezinbesteko kantuak bihurtu ziren. Hilabete batzuk geroago, diskoaren aurkezpen biran, Mike Starr baxu-joleak talde utzi eta Minek Inez-ek ordezkatu behar izan zuen. Aldaketak, ordea, ez zuen eragin handirik izan eta taldearen birak sekulako arrakasta izan zuen. Emanaldi haietan, Tool, Metallica edo Rage Against the Machine bezalako maila handiko taldeekin batera igo zen agertokietara Alice in Chains. Halere, betiko hodei berak lainotu zuen biraren arrakasta: heroinak. Egun haietan hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan zituzten Staleyren drogazaletasunaren ondorioz.

(Argazkiak: Lastfm )