Itzuli orri osora
Cindy Lauper, aldakortasuna eta talentua (I)
vie, 24 jul 2009 18:32:00 +0200

Brooklynen jaio zen eta gaztetatik gitarra jotzen zuen eta bere abestiak konposatzen zituen. 80eko hamarkada, zalantzarik gabe, bere garairik oparoena izan zen eta urte horietakoak dira oraindik gogoratzen ditugun "True Colors" edo "Girls Just Wanna Have Fun", besteak beste. Hala ere, Lauperrek zineman eta telebistan ere lan egin du. Artista askok interpretatzaile estatubatuar honen abestien moldaketak egin dituzte, baina argitaratu dituen hamabi lanek bere ibilbidea bermatzen dute, Horretan, gainera, abeslariak musikako saririk garrantzitsuenetarako izendapenak lortu ditu.

Cindy Lauper 1953ko ekainaren 22an Brooklynen, New Yorken, jaio zen. Hamabi urte zituenean, gitarra jotzen zuen eta bere abestiak sortzen zituen. Horrela, Long Islandeko Doc West izeneko banda batean hasi zuen bere ibilbide artistikoa. Urte batzuk beranduago, Flyer taldean aritu zen eta Led Zeppelin bezalako taldeen abestiak interpretatzen zituen.

1977an, Lauperrek musika denboraldi baterako utzi behar izan zuen, ahots kordetan izan zuen lesio baten ondorioz. Kalte horrek, gainera, ia ahotsik gabe utzi zuen. Arazoari aurre egiteko, abeslariak urtebeteko terapia egin behar izan zuen.

1980 bere itzulera urtea izan zen. John Turi musika-tresna asko jotzen zuen musikariarekin Blue Angel taldea sortu zuen eta urte horretan bertan beraien lehen lana argitaratu zuten, taldearen izena jarri zioten disko horri.

Bakarkako ibilbidea

Hiru urte beranduago, Lauperrek bere bakarkako lehen lana kaleratu zuen: She's So Unusual. Proiektuak artistaren irudi nabarmena azpimarratu nahi zuen. Horrela, AEBn 4,5 milioi kopia baino gehiago saltzea lortu zuen.

Garai horretarako, modako artistetako bat zen eta, horregatik, The Goonies (1985) filmeko abesti nagusia interpretatzeko kontratatu zuten.

Urtebete beranduago abeslariaren lanik esanguratsuenetako bat iritsi zen: True Colors. Album horretan Lauperrek Billy Joel, Nile Rodgers edo Bangles bezalako musikariekin lan egiteko aukera izan zuen. Diskoari izena ematen dion kantuarekin Grammyetarako izendapen bat lortu zuen.

Hirugarren lana A Night To Remember (1989) izan zen. Proiektu horrek "I Drove All Night", Grammyetarako izendapena izan zuen beste abestietako bat, biltzen zuen.

Norabide aldaketa

"The Wall" Berlingo murrua bota zutenean egin zen musika jaialdi bat izan zen, horrelako ekitaldirik jendetsuenetako bat izan zen gainera, eta horretan parte hartu zuen Cindy Lauperrek. Bere emanaldia ikuskizunaren unerik garrantzitsuenetako bat izan zen. Horren ondorioz, Yoko Onok "John Lennonen Omenaldian" parte hartzeko eskatu zion, Londresen. Ekimen honen ostean, adiskidetasun polit bat sortu zen bi emakumeen artean eta orduan Lauperrek bere ibilbidearen norabide aldaketa bat egitea erabaki zuen bere ibilbide artistikoa hasi zuen. Horrela, bere hurrengo lanean gizarte amerikarrari, bortxaketari, abortuari eta miseriari buruz hitz egin zuen.

(Argazkiak: www.cindylauper.com)