Itzuli orri osora
Benny Moré, "hirukoa" jotzen zuen autodidakta
vie, 17 jul 2009 18:32:00 +0200

Bartolome Maximiliano More, Benny More bezala ezagutzen duguna, Santa Isabel de las Lajas (Cienfuegos, Kuba) herrian jaio zen 1919ko abuztuaren 24an. Kubako musikaren historian kantari ezagunenetako bat da eta datorren abuztuan 90 urte beteko dira jaio zenetik. Autodidakta izan zen eta belarri izan zuen txikitatik. Hainbat urtetan, musika konposatu, moldatu eta "hiru" izeneko instrumentua (hiru soka bikoitzeko gitarra) jo eta bere izena izango zuen banda sortu eta zuzendu zuen. 1963ko otsailaren 19an hil zen.

Jatorri afrokubatarra zuen familia umil eta nekazari bateko semea zen, 18 haurretan zaharrena. Gaztaroan ikasi zuen gitarra jotzen eta familiako kide batzuen arabera, sei urte zituela sortu zuen lehen musika tresna; ohol bat eta hari-txirrika bat erabili zituen horretarako. Oso gaztea zela utzi zion ikastetxera joateari, izan ere, nekazaritza lanak egin behar zituen. Baina 16 urterekin, 1935ean, lehen musika taldea izan zuen.

1936an, 17 urte zeuzkala, jaioterria utzi eta La Habanara jo zuen. Barazkiak eta fruta saltzen egin zuen aurrera eta lan horretan ateratako diruarekin eta anaiak utzi zionarekin, ganorazko lehen gitarra erosi zuen.

21 urterekin tabernetan eta kafeetan eskaintzen zituen emanaldiak. Lehen arrakasta irratiko programa batean izan zuen, sariketa bat irabazita, eta ondoren, Cauto taldean lan egonkorra eskuratu ahal izan zuen. 1944an aritu zen lehen aldiz, zuzenean, Mozo Borgella buru zuen talde harekin.

Garai hartan entzun zuen Benny More Trio Matamoros taldeko Siro Rodriguezek. Gaztearen gaitasunak harrituta utzi zuen eta handik gutxira, bandako musikari baten baja zela eta, More hots egin zuten haren hutsunea betetzeko. Horrela hasi zuen Trio Matamorosekin egingo zuen bide luzea, hain zuzen, Miguel Matamoros ordezkatu baitzuen eta azken horrek, hirukoa zuzendu zuen aurrerantzean. Hainbat lan grabatu zituzten elkarrekin.

Kuba atzean utzi eta taldekideak Mexikora abiatu ziren 1945ean. Bertan, kontzertuak eskaini eta grabazioak egin zituzten. Urte hartan erabaki zuen Morék aurrerantzean zein izen artistiko izango zuen, Rafael Cueto musikariaren, lagunaren eta taldekidearen aholkuari jarraiki.

Moré 1946an ezkondu egin zen Juana Bocanegra Duran erizain mexikarrarekin eta denboraldi batez, Rio Rosan aritu zen musikari, Dueto Fantasma taldearekin. Lalo Montaney ezagutu zuen han eta hainbat abesti ezagun sortu zituzten elkarrekin, gerora, Manboaren Printzea emango ziotenak. Perez Prado musikariarekin ere aritu zen lanean eta Morek zioenez, inoiz grabatu zuen lan honena izan zen horren emaitza: "Dolor carabali".

1950 urtearen amaieran, Kubara itzuli zen, baina nahiz eta hainbat lurralde latinoamerikarretan oso ezaguna izan, adibidez, Mexikon, Panaman, Kolonbian, Brasilen eta Puerto Ricon, bere etxean zen hain famatua. Denbora batez, Cadena Oriental irratian zuzenean saioak eskaintzen aritzen zen eta, gainera, La Habanara joan eta etorri zebilen RCA estudioetan zenbait proiektu baitzituen. Kuban izan zuen lehen arrakasta handia "Bonito y sabroso" abestia izan zen eta 1951. urtean beste hamaika abesti kaleratu zituen, besteak beste, "La cholanguengue", "Candelina Ale" eta "Rabo y oreja".

Bebo Valdesen orkestrarekin ere eman zituen kontzertuak garai batean eta harekin ikasi zuen batanga estiloko musikaz gozatzen. Baina genero hura modaz pasa zenean, Radio Progresok kontratatu zuen eta Ernesto Duarte orkestrarekin hasi zen lanean. Irratiak, dantzalekuak, kabaretak eta jaialdiak girotzen zituen, 1952an, Aragon Orkestrarekin grabazio ugari egin zituen arte. Ernesto Duarterekin harremanak hautsi zuen orduan, hark ez baitzuen larunbat eta igandetako emanaldietara beltza zelako eraman nahi. Bere orkestra propioa izateko hautua une hartan hartu zuen Morek.

Banda Gigante de Benny Morek CMQ irratiko Cascabeles Candado programan eskaini zuen lehen saioa. 40 musikarik osatzen zuten orkestra eta 1954an eta 1955ean ikaragarri ezagunak egin ziren.

Hurrengo bi urteetan, Venezuelan, Jamaikan, Haitin, Kolonbian, Panaman, Mexikon eta AEBetan aritu ziren biran; Oscar sarietan ere izan ziren behin. La Habanan ere, dantzaleku entzutetsuenetatik hots egiten zituzten, La Tropical, La Sierra¿ Eta Kubako Iraultza iristean, Benny Morek, bestelako musikari eta intelektual askok ez bezala, irlan geratzea erabaki zuen.

Bizitzako azken urteetan, 60ko hamarkada inguruan, Night and Day kabaretarekin egin zuen bat. Era berean, Europan kontzertu sorta baterako proposamena egin zioten, baina ezetz erantzun zuen, hegazkinez bidaiatzeari beldurra baitzion. 1963ko otsailaren 19an hil zen Kuban bertan.

(Argazkia: www.allmusic.com)