Itzuli orri osora
U2, mugarik gabeko arrakasta duen taldea (II)
vie, 06 mar 2009 18:31:00 +0100

U2 taldea lau urte baino gehiago izan da bere musikaren mugetara eraman duen bidaia batean murgilduta eta orain No line on the horizon lanarekin itzuli da. Aste honetan bertan kaleratu dute proiektu berri hori eta bandak bere markak hautsi nahi ditu. Horrez gain, laukoteak "Get on your boots" aurkezpen singlearekin bere alderik pipertsuena erakutsi du azken aste hauetan. Disko berri honek eta baita taldeak ere, prentsa espezializatuaren kritika onak jaso dituzte. Auchtung Baby (1991) kaleratu zutenetik irlandarrek argitaratu duten diskorik onena dela esan dute.

U2 taldeko kideak 1990an elkartu ziren, hain zuzen ere, 91ko album hori grabatzeko. Berlinen izan zen hitzordua eta, bertan, Brian Eno eta Daniel Lanois ekoizleekin elkartu ziren. Sesio zailak izan ziren eta banda banantzear egon zen arren, emaitza taldearen soinuaren birsormen arrakastatsua izan zen. Horrela, laukotea musika dantzagarrian eta elektronikoan murgildu zen. Hori izan zen mota askotariko soinua sortu zuten unea, hasierakoa baino abenturazaleagoa zen eta apustu berri horrekin ez zieten jarraitzaileei huts egin. Lana lehen postura iritsi zen kantu batekin estreinatu zuten eta, horrez gain, diskoak "Mysterious Ways" edo "One" bezalako arrakastak gordetzen zituen.

1992. urteko hasiera aldera, taldeak bira berri bat hasi zuen. "Zoo TV Tour" izenarekin, tourra multimedia efektuak, pantaila erraldoiez osatutako agertoki bat, zintzilik zeuden autoak eta telefono mugikorren deiak zituen nahasketa berri bat izan zen. Horrez gain, Bonok arrakasta irudikatzen zuen "The Fly" ("eulia") izeneko alter ego bat sortu zuen. Horrela, 1992ko bukaera aldera eta Europara joan baino lehen, U2 estudioan sartu zen material berria grabatzeko. Bertatik atera zen Zooropa (1983) eta lan horrekin batera izen bera zuen bira ere hasi zuten. Albumak Achtung Baby diskoak baino techno eta dance ukitu gehiago zituen eta kritika onak jaso zituen. Lanak ale asko saltzea lortu ez zuen arren, 1994an Grammy bat eskuratu zuen. "Zooropa" bira, bere aldetik, rockaren historiako tour handienetako eta originaletako bat da askorentzat.

Etsipena eta arrakasta bildumak

1995ean, U2 "Hold me, Thrill me, Kiss me, Kill me" abestiarekin itzuli zen, Batman Forever filmerako egindako glam rock estiloko kantu bat. Hala ere, hurrengo diskoa ez zen 1997ko udaberrira arte iritsi. Pop albumak salmenta indartsuak izan zituen, baina baita taldearen ibilbideko kritikarik gogorrenak ere.

Hiru urte beranduago, 1998ko bukaera aldera, taldea The Best of 1980-1990 bildumarekin itzuli zen. Hura Polygramek kaleratutako arrakasta disko batzuen lehenengoa izan zen.

U2 Eno eta Lanoisekin bildu zen berriz ere All That You Can't Leave Behind egiteko. Albuma 2000. urteko udazkenean plazaratu zuten eta horrekin banda bere jatorrizko gitarra soinuetara itzuli zen. Disko hartan, Grammy saria jaso zuen "Beautiful Day" bezalako kantuak entzun zitezkeen.

2002an, berriz, arrakasta bilduma berri bat argitaratu zuten, The Best of 1990-2000 izeneko proiektua, hain zuzen ere.

Arrakasta bonbak

2004. urteko amaiera aldera, U2k How to Dismantle an Atomic Bomb lana aurkeztu zuen. Diskoak "Vertigo", "Sometines You Can't Make It on Your Own" edo "City of Blinding Lights" bezalako abestiak biltzen zituen.

Material berri horren bira, "Vertigo Tour" izenekoa, 2005eko martxoan hasi zen San Diego hirian (Kalifornia). Horrela, U2 AEBn eta Kanadan zehar ibili zen martxoa eta maiatza bitartean. Ondoren, uda garaian, banda Europara gerturatu zen. Orduan etorri ziren irlandarrak Donostiara, 2005eko abuztuan.

2006 urteko amaieran, irlandarrek U2 by U2 bere autobiografia plazaratu zuten. Bertan, bandak bere ibilbide osoa errepasatzen du. Horrez gain, laukoteak U218 Singles argitaratu zuen, bere hirugarren arrakasta bilduma, beraien 16 kantu ezagunenak biltzeaz gain, beste bi berri gehitu zizkioten ("The Saints are Coming" eta "Window in the Skies"). Urte horretako urrian, Island Recordesekin 26 urtetan aritu ostean, banda Mercury Recordsekin lan egiten hasi zen.

Itzulera

"Gure lanik onena izan daitekeela uste dut", esan du The Edgek, talde irlandarraren gitarra-jotzaileak. "badakigu jendeak ez duela U2ren beste disko bat nahi, orain arte kaleratu dugun lan onena baizik", gaineratu du Bonok. Izan ere, bandaren hamabigarren lanak sortze prozesu zaila izan du. Baina emaitza bikaina lehen abestitik entzun daiteke: "Get on your boots".

Horrelakoa da beraz historian eragin handia izan duen laukote honen itzulera. Segur aski, lan berri honek beste talde batzuk inspiratuko ditu, aurretik One Republic, Cold Play eta The Fray bezalako bandekin gertatu zen bezala. Hala ere, U2k jada bere lekua aurkitu du musikaren historian eta No line on the horizon diskoak horrela baieztatu du; U2k lerrorik gabeko zeruertza duen etorkizuna du aurretik.

(Argazkiak: 1, 2, 3, 4, 5, 8 www.u2.com eta 6, 7 EFE)