Itzuli orri osora
Billy Joel, the piano man (II)
vie, 19 dic 2008 18:30:00 +0100

Bi urte geroago Joel Sobietar Batasunera abiatu zen eta bira hartatik, bi emaitza jaso zituen: esperientzia hura laburbiltzen duen Kohuept (Zuzenean) diskoa eta "And So It Goes" kantak islatzen duen estilo berezia. 1989 urterako, ordura arteko bere ordezkariarengandik banandu eta estudiora itzuli zen, Storm Front lana grabatzera. Bertan argitaratu zuen "We Didn't Start The Fire", eta biak, bilduma eta abestia, arrakastatsuenen lehen postura iritsi ziren. Artista bere barnea biluzten saiatu zen ekoizpen berrian, izan ere, bere izaera, alaba eta maitasunarekiko ikuspegia hartu zituen hizpide.

Baina Billy Joel zinemagintzan ere aritu izan da. Parte hartu zuen lehen filma Oliver & Company izan zen, Walt Disney Pictures ekoiztetxeak sortutako 27. animazio lana. 1988ko azaroaren 18an estreinatu zuten AEBetan eta Charles Dickensen Oliver Twist liburua da bere oinarria, zeharka bada ere. Joelek Dodger txakur arduragabeari eta kaleko bizitzan zailduari jarri zion ahotsa.

Era berean, 1993an, Life With Mikey pelikulako aktore zerrendako partaideetako bat izan zen. Istorioan, garai batean haur prodijioa izan zen ordezkari artistikoak izar handi bat ikusi duela uste du. Gaztetxo lotsagabeak, hamar urte baino ez baitauzka, bizimodu lasaia darama eta bizitzan gidatuko duen norbaiten beharra du; ez soilik ibilbide artistikoan, ezpada bere existentzian.

Dena den, zinta horiek filmatu ondoren, grabaketa estudiora itzuli zen Joel, oraingoan Danny Kortchmarrek lagunduta. Eta 1993an, Rivers of Dreams ekoitzi zuen. Lan helduagoa zen, bere bizimoduari lotuagoa, eta salduenen zerrendan 12 astez izan zen buruan.

Urtebete geroago, Songs in the Attic (1981) eta The Nylon Courtain(1982) lanek bi milioi ale saldu zituztela ziurtatu zuten eta 52nd Street (1978) eta Glass Houses (1980) bilduma multiplatino izendatu zituzten.

Gainera, Rivers of Dreams lanak izan zuen berehalako arrakasta eta gero, Joeli bere bizitzari eta karrerari zer falta zitzaion galdetu zioten. Bere erantzuna garbia izan zen, Brodwayn musikal bat falta zitzaion. Jende askok proposatu omen zion horrelako bat egitea, baina berak Pete Townsendek egindako eskaintzari bakarrik egin zion kasu.

Geroztik, musikagintza estatubatuarrak aurreikusten dituen sari guztiak eman dizkiote Billy Joeli eta "The piano man" izengoitidunak leku bat irabazi du onenen artean.

Ibilbideko azken urteetan, pianista hainbat egoera desatseginetan nahasita egon da. Hain zuzen, editoreen, gerenteen, abokatuen eta kontularien aurka hainbat epaiketa izan ditu. Azken hamarkadetan, Joel ez da musikaren inguruan ari diren enpresekin fio izan eta horregatik, bere emanaldiak justuak eta eskuragarriak izateko borrokan aritu izan da etengabe.

Bestelako gaiekin lotutako une latzak ere bizi izan ditu. 2005 eta 2008 urteen artean, alkohol kontsumo gehiegizkoa dela medio errehabilitazioa egin behar izan zuen. Horren ondotik, dena den, telebistan aritzen den Katie Lee erreportariarekin ezkondu zen.

Arazoak arazo, River Of Dreams kaleratu zuenetik, beste 11 lan argitaratu ditu Billy Joelek; horien artean pieza berriak eta bildumak daude. Iragan uztailean, esaterako, kontzertu berezia eskaini zuen New Yorkeko Shea Stadiumen (New York Mets taldearen estadioan). Emanaldi horretan, besteak beste, Paul McCartney, Garth Brooks, Roger Daltry eta Steven Tyler izan zituen aldamenean.

(Fotos: www.billyjoel.es)