Itzuli orri osora
Aerosmith, eraginen emaitza handia (II)
vie, 14 nov 2008 18:30:00 +0100

Bandako kideek hainbat eztabaida izan ondoren, 1984ko otsailean, Joe Perry eta Brad Whitford gitarristek Aerosmitheko taldekide ohiak bisitatu zituzten eta adiskidetu egin ziren ostera; diotenez, haien emazteen ahaleginari esker. Taldea, beraz, berriro elkartu eta "Back in the Saddle Tour" biran murgildu zen.

Aerosmitheko jatorrizko boskotea 1984an elkartu zen bigarrenez. Une hartan, Geffen diskoetxearekin kontratua sinatu zuen eta denbora gutxira itzulera diskoa kaleratu zuen, Done With Mirrors (1985); etorri falta egotzi zioten kritikariek.

Geroztik, taldeak arrakasta izan zuen merkatuan eta sormena berreskuratu zuen. Permanent Vacation eta Pump bildumek, besteak beste, gora altxa zuten salmenten zerrendetan.

Orduan, Pump (1989) diskoak ilusioa itzuli zien taldearen zaleei, Grammy bat eskuratu zuen "Janie's Got a Gun" eta "Love In An Elevator" bezalako abestiek harrera ezin hobea izan baitzuten.

90eko hamarkadaren hasieran, talde estatubatuarrak, bere lehen diskoetxearekin, Columbiarekin irabazi handiak eman zizkion kontratua sinatu zuten. Denak den, oraindik Geffen diskoetxearekin sinatutako hitzarmena indarrean zegoela eta, hainbat album kaleratu zituzten zigilu horrekin ere. Horietako bat Get a Grip (1993) izan zen, hainbat idazlerekin elkarlanean osatu zuten bilduma. Lan hark taldearen suspertzea baieztatu zuen eta "Livin' On the Edge" eta "Crazy" lanak ezagun egin zituen. Abesti horiekin bideo famatuak grabatu ahal izan zituen Aerosmithek eta haietan, Alicia Silverstone eta Liv Tyler (Stevenen alaba) izan ziren protagonistak.

1997an, Big Ones (1994) bilduma salgai jarri ondoren, bandak bere biografia argitaratu zuen, Stephen Davisek idatzitako Walk This Way, baita Columbiara itzulera izan zen Nine Lives diskoa ere.

Une hartako gorakada begi bistakoa zen. Hain zuzen, Armageddon filmerako (aktore nagusia Liv Tyler zen) sortu zuten eta Oscarra jaso zuen "I Don't Want to Miss" abestiak berriro frogatu zuen arrakasta hori.

Nine Lives diskoaren ondotik, beste ugari ere sortu zituzten: A Little South Of Sanity (1998), Just Push Play (2001), Young Lust: The Aerosmith Anthology (2001), O, Yeah! Ultimate Aerosmith Hits (2002) eta Honkin' On Bobo (2004).

Joe Perryk (taldeko gitarra jotzaileak), 2005 urtearen hasiera aldera, bakarkako bilduma bat kaleratu zuen, Joe Perry. Zortzi urte eman zituen materiala biltzen eta diskoa osatu zuten abestietako batek, "Mercy" izenekoak, Grammy sarirako izendapena jaso zuen.

Urte berean, Bostoneko banda beste argitalpen batekin itzuli zen, Las Vegasko Hard Rock Hotelean grabatutako Rockin' The Joint zuzenekoarekin. Urtebete geroago, 2006an, azken-bigarren diskoa kaleratu zuen, Devil's Got a New Disguise bilduma, eta 2007an, munduko bira bati ekin zion. Kontzertu horiek emateko, 13 urtean lehenengoz Latinoamerikara joan ziren eta Europa eta India ere bisitatu zituzten.

2008an, berriz, Gold Collection bilduma eta Guitar Hero Aerosmith bideo jokoa jarri zituzten salgai bostondarrek. Azken horrek, taldearen 25 abesti gitarraz jotzeko eta Steven Tylerrekin bira bat burutzeko aukera ematen die Play Station 2, Play Station 3, Xbox 360 eta Nintendo Wii bideokontsoletako jokalariei. Activiosion enpresak aditzera eman duenez, Aerosmith bandak aurrez argitaratu dituen 14 diskoetako bakoitzarekin baino diru gehiago eskuratu du bideo joko horrekin.

(Argazkia: www.aerosmith.com)