Itzuli orri osora
Aerosmith, eraginen aparteko emaitza (I)
vie, 07 nov 2008 18:30:00 +0100

Aerosmith Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen rock banda handi eta ospetsua da. 70eko hamarkada hasieran osatu zuten Steven Tyler (ahotsa, teklatua eta aho soinua), Joe Perry (gitarra eta bigarren ahotsa), Brad Whitford (gitarra), Tom Hamilton (baxua) eta Joey Kramer (bateria) musikariek.

Taldeak 1964an hasi zuen bere ibilera New Hampshire herrixkan, Steven Tylerrek The Strangers eratu zuenean. Handik denbora gutxira, Chain Reaction izena hartu zuen bandak. Garai hartan, Tylerrek sortutako abestiak eta The Beatlesen eta The Rolling Stonesen bertsioak jotzen zituzten. 1970ean, baina, Joe Perry eta Tom Hamilton elkartu zitzaizkien, Jam Band taldea utzi eta gero. Horrela sortu zuten Aerosmith. Boskotea, Brad Whitford eta Joey Kramerrek osatu zuten.

Haien kantuen sorkuntzan Led Zeppelin, Deep Purple, Cream, Black Sabbath, The Rolling Stones eta Yardbirds bezalako erreferentziek eragina izan zuten arren, rock eta blues ukituko abestiak interpretatuz aurkeztu zuten haien burua Bostoneko gaueko lokaletan. Izan ere, Aerosmith garai hartako musikak bizi izan zuen garapenaren hartzailea izan zen. Tylerrek berak horrela aitortu izan zuen behin baino gehiagotan: "kopiatu egin behar duzu zeurea lortu artean". Horregatik, bandaren lehen argitalpenetan nabarmena da beste talde batzuen eragina. Baina denbora gutxiren buruan lortu zuten berezko estiloa izatea.

Hain zuzen, 1973an, Aerosmith izena zeraman LPa argitaratu zuten, Adrian Barberrek ekoitzia. Lan hartan, besteak beste, "Dream On", "Mama Kin", "One Way Street" eta "Walkin' The Dog" kantak bildu zituzten.

1974an, bigarren diskoa kaleratu zuten, Get Your Wings. Argitalpenak "Lord of the Thighs", "Train Kept a Rollin", "Same Old Song and Dance" eta "Seasons Of Whiter" abestiak zeramatzan eta aurrerapausoa izan zen jendearen erantzunari zegokionez. Lehen aldiz, Jack Douglas ekoizlearekin lan egin zuten grabaketan, baita Jay Messina soinu ingeniarirekin ere.

Nolanahi ere, musikagintzaren gailurrera 1975ean iritsi ziren, Toys In The Attic album aparta publikatu zutenean. Askorentzat, argitalpena rockaren historiako lan onenen artean dago, eta taldeari diamantezko diskoa lortzeko baliagarria izan zitzaion. "Walk this Way", "Sweet Emotion", "Toys in the Attic" eta "Uncle Salty" bezalako abestiekin, gainera, Aerosmithek bere lehen singlea berrargitaratzeko aukera izan zuen. "Dream On" kantua bigarrenez plazaratu eta sasoi hartako salduenen artean kokatu zuten.

Urtebete geroago, unerik gozoenak bizitzen ari zirenean, Rocks izena zuen beste argitalpen bat kaleratu zuten. Hori ere, Jack Douglasek ekoitzi zien, eta, beste behin, etorri bikaina zutela frogatu zuten, "Back in the Saddle", "Last Child", "Combination" y "Sick as a Dog" abestiekin.

Hala ere, ondoren helduko ziren diskoek, Draw The Line (1977) eta Night In The Ruts (1979) izenekoek, ez zituzten zaleen itxaropenak ase. Gainbehera taldearen barruko arazoek eragin zuten, garai zailak bizi baitzituzten. Drogen, alkoholaren, eta taldekide batzuen arteko eztabaiden eraginez, Joe Perry gitarristak eta Brad Whitford bateria jotzaileak taldea utzi zuten, hurrenez hurren. Joe Perryk alde egin zuenean, bandak sormenaren zati handi bat galdu zuen, musikarako talentuaz gain. Gitarrista kantuen sortzailea baitzen, Tylerrekin batera.

Bandatik irtendakoan, Perryk The Joe Perry Project taldea sortu eta hiru disko kaleratu zituen: Let The Music Do The Talking, Once a Rocker, Always a Rocker eta I've Got The Rock & Rolls Again. Brad Whitford, berriz, Ted Nugent taldeko gitarra jotzailearekin, Derek St. Holmesekin, elkartu zen. Bien artean, Whitford/St. Holmes LPa plazaratu zuten.

Gitarristek taldean utzitako hutsunea, Jimmy Crespo eta Rick Dufay musikariek bete zuten, eta bandaren disko berria 1982an argitaratu zen. Rock In A Hard Place izena jarri zioten eta ez zuen ale askorik saldu. Artean, Withford eta Joe Perryk bat egin zuten eta zuzeneko hainbat emanaldi eskaini zituzten elkarrekin.

(Argazkia: www.aerosmith.com)