Itzuli orri osora
Blondie, botere ilehoria
vie, 20 jun 2008 18:29:00 +0200

Blondie 1970eko hamarkadako banda arrakastatsuenetako eta originaletako baten izena da. Deborah "Debbie" Harry ilehoria taldeko buru izanik, punketik eratorritako musika zeharo hedatu zuen, eta prentsak new wave izenarekin bataiatutako joeraren aitzindariak izan zirela esan daiteke.

Taldeak ezaba ezinezko estilo propioa aurkitu zuen Deborah Harry abeslari erakargarriaren irudian eta jarreran; musikari dagokionez, ostera, hainbat estiloren artean zolitasunez mugitu ahal izan zen, besteak beste, punkaren, glam rockaren, The Ronettes gisako 1960ko hamarkadako taldeen soinuaren eta disko musikaren barruan.

1973an, New Yorken Deborah Harry abeslaria eta Chris Stein gitarrista elkartu ziren, eta 1974an musika estilo berria (punka) defendatzen zuen Blondie izeneko talde berria eratu zuten. 1975ean Clern Burke bateria, Gary Valentine baxu-jotzailea eta Jimmy Destri teklista gaineratu ziren taldera.

CBGB aretoan eman zituzten lehen kontzertuek banda New Yorkeko giroan ezagutaraztea ahalbidetu zuten. Azkenik, 1976an, Private Stock Records ekoizpen-etxearen eskutik, Blondie zeritzon haien lehen lana plazaratu zuten, eta bertan agerikoa zen 1960ko hamarkadako musikak taldearengan zeukan eragina. Disko hark bandaren zenbait abesti ezagun zituen "X Offender" edota "In The Flesh".

Iraupen luzeko beren bigarren lana Plastic Letters (1977) izan zen. Bilduma horretan zeuden "(I'm Always Touched By Your) Presence, Dear" eta "Denis" abesti ezagunak, azken hori Randy & The Rainbows taldearen kanta baten bertsioa zen. Bildumak arrakasta handia eskuratu zuen Britainia Handian.

Hala ere, Parallel Lines (1978) izan zen euren diskorik biribilena eta komertzialki harrera onena izan zuena. Bertan "Heart of Glass" singlea zegoen, mundu osoan behin eta berriro lehenengo postuak lortu zituena. Lan horrekin Blondieren soinua new wave estilotik aldendu eta pop salgarrienera hurbildu zen Mike Chapman ekoizpenari esker.

Hori guztia zela eta, taldeak kritika zorrotzak jaso zituen. "Heart of Glass" abestiarengatik punk banden gaitzespena jaso zuten Blondieko kideek, eta saldutzat hartuak izan ziren salgarriagoa zen musika egiteagatik.

Aitzitik, Blondieren ibilbideak aurrera jarraitu zuen Eat To The Beat (1979) edota Autoamerican (1980) bezalako bildumekin. Lehenak "Atomic", "Dreaming" eta "Union City Blue" abestiak zituen, geroago poparen ikono bilakatuko zirenak. Bigarrenean, berriz, "The Tide Is High" eta "Rapture" kantak entzun zitezkeen; azken hori, gainera, emakumezko zuri batek rap bat interpretatzen zuen aurreneko abestia izan zen. Horrez gain, 1979an "Call Me" azaldu zen, American Gigolo pelikularen soinu-banda, taldearen arrakasta nagusienetakoa izan zena.

Bandako partaideen artean sortutako tentsioak, Deborah Harryren bakarkako saiakerek (Koo Koo) eta Chris Steinek pairatutako gaixotasun larriak Blondieren banantzea eragin zuten 1982an, The Hunter lan kaskarra kaleratu ostean.

Handik gerora, berriz ere elkartu eta No Exit (1999) grabatu zuten. Ln horrek beren ibilbide luzera gaineratu beharreko beste abesti arrakastatsu bat eman zuen: "Maria". Urte batzuk geroago, The Curse Of Blondie (2004) eta Live By Request (2004) zuzenekoa argitaratu zituzten.

Gaur egun, punk rockaren artista interesgarrienen eta itzal handikoenen artean daude, eta euren artean oso bestelakoak diren The Strokes, Madonna, Garbage, No Doubt edota Blur bezalako artistek haienganako mirespena azaldu dute.

(Argazkiak: www.blondie.net)