Itzuli orri osora
Atomic Rooster, Britainia Handiko rock progresiboaren aitzindariak
vie, 28 mar 2008 18:29:00 +0100

Kideen joan-etorri amaigabeak tarteko, Atomic Rooster taldeak ez zuen sekula egonkortasunik izan. 1971. urtean lortu zuen arrakastarik handiena, "The Devil's answer" abestiarekin Britainia Handiko musika-zerrendetan laugarren postua erdietsita. 1972an, Vincent Crane liderrak taldea desegin eta ibilbide berri bati ekitea erabaki zuen. Halere, lehengo jarraitzaileek atzea eman zioten, eta proiektuak ez zuen jarraipenik izan. Atomic Rooster pizteko ahalegin antzua egin ostean, Dexy's Midnight Runners taldean sartu-irtena egin zuen. Azkenean, baina, depresioak jota, bere buruaz beste egin zuen.

Atomic Rooster 1969an sortu zuten Vincent Crane (1943ko maiatzaren 21ean jaio zen) teklatu-jotzaileak -bera zen abesti gehienen egilea-, Nick Graham abeslari eta baxu-jotzaileak eta Carl Palmer bateria-jotzaile mitikoak, hard-rocka eta rock progresiboa herrialde hartan goieneko mailan zeuden garaian.

Crazy World of Arthur Brown talde arrakastatsuan ibilitakoak ziren Crane eta Palmer, eta aurreko lorpenak txiki uzteko gogoz ekin zioten erronka berriari. Soinu progresiboak gustuko zituen jarraitzaile talde leiala osatu ostean, B&C Records disko-etxearekin kontratua sinatu eta Atomic Rooster izeneko aurreneko diskoa argitaratu zuten 1970ean. "Friday the 13th" eta "Decline and Fall" bezalako abestiak jaso zituzten lan bikain horretan.

Joan-etorri etengabeak

Halere, lehenengo disko hori kaleratu eta berehala, taldea zatitu egin zen. Grahamek Skin Alleyra alde egin zuen; Carl Palmer, berriz, Emerson, Lake & Palmer taldean hasi zen, Keith Emmerson eta Greg Lakerekin batera. John Cann (DuCann izenez egin zen ezagun) gitarra-jotzaile eta abeslariak eta Paul Hammond bateria-jotzaileak bete zuten haien hutsunea.

Beren helduerarekin eta, Cranek abestiak idazteko eta musikaz janzteko zuen trebezia baliatuz, taldeak goreneko unea bizi izan zuen. Oro har alde melodikoari eusten zioten arren, rock progresiboa eta doinu gogorragoak ere jorratu zituzten, zenbait abestiri elementu gotikoak gehituz.

Taldearen lorpen nagusiak

1970ean, Death walks behind you gogoangarria grabatu zuten, eta "Tomorrow night" abestia 11 postura iritsi zen Britainia Handiko zerrendetan. "Sleeping for years" eta "Gershatzer" disko horretan jasotako beste bi abesti bikain dira.

Urtebete geroago ezagutu zuen, ordea, Atomic Rooster taldeak bere arrakasta komertzial nagusia. Urte horretan, laugarrenak izan ziren Britainia Handiko zerrendetan "The Devil's answer" kantarekin.

Urte horretan bertan, In hearing of Atomic Rooster izeneko hirugarren diskoa grabatu zuten, Pete Frenchekin batera. Salmenta bikainak lortu zituzten arren, Vincent Craneri ez zitzaion aski iruditu eta, hard-rock doinuetatik urrundu eta soul eta funk erritmoak jorratu nahi zituela argudiatuta, taldea desegin zuen 1972an.

Proiektu berriak

Chris Farlowe abeslariarekin, Steve Bolton gitarra-jotzailearekin, Bill Smith baxu-jotzailearekin eta Rick Parnell bateria-jotzailearekin banda berria sortzea erabaki zuen orduan Cranek. Cann eta Hammond, aldiz, Bullett (geroago Hard Stuff izena hartu zuen) taldean hasi ziren, eta Pete French Cactusen.

Made in England (1972) eta Nice 'n' Greasy (1973) bezalako diskoak argitaratu zituzten Cranek eta haren kide berriek. Talde instrumental ona osatzen zuten arren, garai bateko jarraitzaileek atzea eman zieten. Hori dela eta, bereiztea erabaki zuten 1973an.

Berriz hasteko ahalegin antzua

Sei urte geroago, Arthur Brownekin, John Cannekin eta Preston Hayman bateria-jotzailearekin (Paul Hammondek ordezkatu zuen gero) batera, Atomic Rooster bizteko ahalegina egin zuen Cranek. Atomic Rooster (1980) eta Headline news (1983) izeneko bi lan argitaratu zituzten arren, oharkabean pasa ziren.

1985ean, Dexy's Midnight Runners taldean sartu-irtena egin zuen Cranek, Don't Stand me Down izeneko diskoa grabatzeko. Lau urte geroago, 1989ko otsailaren 14an, amaiera tragikoa iritsi zen, bere buruaz beste egin baitzuen. 45 urte zituen.

(Argazkiak: www.progarchives.com)