Itzuli orri osora
Anari, PJ Harvey euskalduna
vie, 23 nov 2007 18:28:00 +0100

Bere hitzak ederrak eta gogorrak dira, gero eta zuzenagoak, mingarriak eta laburrak. Bere ahotsa,hurbila eta itoa, etsipenaren isla. Hainbat metafora erabiltzen ditu gauza bera azaltzeko, harremanetan sentitzen den egonezina eta estutasuna. Rockarekin uztartzen den poesia pertsonala da Anarirena, lazgarria, intimista eta bukolikoa. Bere diskoek kritika bikainak jaso dituzte eta PJ Harveyrekin, Cat Powerekin eta Nick Caverekin parekatu dute.

Ana Rita Alberdi abeslari eta musikagilea 1970. urtean jaio zen, Azkoitian. 1997an egin zuen debuta; bakarlari moduan hiru disko kaleratu ditu, eta laugarren bat Petti musikari nafarrarekin batera. Espainiar Hizkuntza eta Literatura, Frantses, Dibertsifikazio eta Filosofia irakaslea da Ordizian, bigarren hezkuntzako institutu batean.

Anarik Psych Out taldean egin zituen bere lehen urratsak musikagintzan. Talde horrek ingelesez abesten zuen eta berak bateria jotzen zuen, Akauzazte taldekoak kide zituela.

1997an kantuak euskaraz egiten hasi zen eta Anari (Esan Ozenki) disko homonimoa atera zuen. Disko horretan Mikel Abrego (Bap!! eta Negu Gorriak taldeetako bateria, besteak beste), Xabi Strubell (Dut taldeko gitarra) eta bere hurrengo diskoetan parte hartu zuten hainbat musikari euskaldunek hartu zuten parte. Disko honetako hitzak Hans Magnus Enzensberger poeta eta saiogile alemaniarraren, Eduardo Galeano kazetari eta idazle uruguaitarraren, Joseba Sarrionaindia poeta eta filologo euskaldunaren eta Ruper Ordorika kantautore euskaldunaren testuetan oinarrituta daude. Anari albumak arrakasta handia erdietsi zuen kritikariengan.

Bere bigarren diskoa, Habiak (Esan ozenki), 2000an kaleratu zuen. Anarik Kaki Arkarazori utzi zion ekoizpenaren atal garrantzitsuena. Disko honetan berriz ere Mikel Abregok eta Xabi Strubellek parte hartu zuten, baita Kaki Arkarazok, Drakek (Bap!! taldearen baxu-jotzailea), Ruper Ordorikak, Mikel Azpirozek eta Pettik ere. Albuma begi onez hartu zuten kritikariek berriz, eta Rockdelux musika aldizkari katalanen "2000ko Estatuko disko onenen" zerrendara iritsi zen. Aldizkari horrek berak 77. postua eskaini zion, 2004. urtean, "XX. mendeko Estatuko 100 disko onenen" zerrendan.

Taularen gainean eta konposatzerako orduan duen segurtasun ezaren ondorioz, gutxitan izaten da Anariren berri. Zuzeneko emanaldi gutxi eman ditu eta, oraindik, ez du bira handirik egin Estatuan.

2003an, Anari eta Petti (Metak) split-a argitaratu zuen Pettirekin. Split-a talde bik edo gehiagok beren burua ezagutarazteko eta ekoizpen eta banaketa kostu gutxi izateko egiten duten albuma da.

2005an bere hirugarren lana argitaratu zuen, Zebra (Metak), eta Karlos Osinagak (Amodio taldekoa eta Lisabö taldeko partaide ohia) hartu zuen ekoizpenaren ardura. Disko hori Tolosako Bonberenea estudioan grabatu zuten eta berriz ere, Drake, Mikel Abrego, Karlos Osinaga eta Rober (Atom Rhumba taldeko abeslaria) izan zituen alboan. Musikan espezializatutako prentsak diskoa txalotu zuen.

Bere albumak konposatzeaz gain, Anarik hainbat bilduma lanetan parte hartu du: Ikastola Berria Eraiki Dezagun Zuberoan (Esan Ozenki, 1997), Oztopo Guztien Gainetik Bonberenea (Bonberenea Ekintzak, 2002), Acuarela songs (Acuarela, 2004) eta The Rockdelux Experience. 23.11.2004 (SinedĂ­n-Rockdelux, 2005), besteak beste.

(Argazkien iturria: Txikia, www.kultura-bizkaia.ehu.es. 1, 2, 3 eta 5, www.anari.net. 4, www.ordizia.blogsome.com)