Itzuli orri osora
Carpenters, 70eko hamarkadako bikote liluragarria
vie, 16 nov 2007 18:28:00 +0100

Richard eta Karen Carpenter neba-arrebek osatutako bikotea "amerikar ametsa" gauzatu izanaren adibide da. 70eko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetako musika talderik arrakastatsuenetakoa osatu zuten carpenterdarrek. Beren musikak, batez ere adineko jendeari zuzendutako pop arin eta lasaiak, egundoko harrera izan zuen, beren doinu patxadatsuei, Richarden moldaketa bikainei eta Karenen ahots argiari esker. Bere garaian kritikak gatzik gabeak zirela iritzita gutxietsi egin zituen arren, agerikoa da oso The Cranberries edota Babes in Toyland bezalako taldeetan izan zuten eragina.

Richard (1946ko urriaren 15ean jaio zen) eta Karen Carpenterren (1950eko martxoaren 2an jaio zen) musika ibilbidearen errepasoa 60ko hamarkadaren aurreneko urteetan hasi behar da, orduantxe jakin baitzuten benetan musika zenbat interesatzen zitzaien. Garai hartan Richard pianoa jotzen hasi zen zenbait taldetan; arreba, berriz, bateria jotzen eta abesten ikasten hasita zegoen.

1965ean, beren jaioterritik, New Havenetik (Cunnecticut), Downeyra (Kalifornia) joan ziren. Han, Richard Carpenter Trio hirukotea sortu zuten, Wes Jacobsekin batera eta, Hollywood Browlen musika lehiaketa bat ere irabazi zuten arren, taldea berehala desegin zen. Orduan, Spectrum taldean hasi ziren Richard eta Karen, John Bettisekin. Baina talde horrek ere porrot egin zuen. Hori dela eta, Carpenter neba-arrebek zinta bat grabatu eta diskoetxeetara bidaltzea erabaki zuten. Zortea izan zuten, zinta horietako bat Herb Alperten, A&M diskoetxearen sortzailearen, eskuetara iritsi baitzen. Alpertek ez zuen zalantzarik izan, eta kontratatu egin zituen.

1969an Offering aurreneko diskoa kaleratu zuten eta, oso arrakastatsua izan ez zen arren, argi geratu zen zein izango zen aurrerantzean jorratuko zuten musika estiloa: soft-rocka eta pop sinple eta atsegina.

Urterik arrakastatsuenak

Gero, 1970ean, Close to you argitaratu zuten. Urte horretan, izen bereko abestiari esker, lehenengo postua lortu zuten musika zerrendetan. Kanta horren musika estiloa garai hartan egiten zenaren oso bestelakoa zen; ez zuen zerikusirik Rolling Stonesen rock doinuekin, Elton Johnek bere ikuskizunetan egiten zuen musikarekin ezta garai hartan pil-pilean zegoen musika gogorrarekin ere. Disko horren 300 mila ale saldu zituzten.

Ondoren, arrakasta handiko bira bati ekin zioten Europan eta Japonian barrena. Carpentersen arrakasta beren abestien eta beste kanta sonatu batzuen bertsioen nahasketan oinarritzen zen. Musikak bihurrikeriaren eta indarraren sinonimoa izan behar zuen garai hartan zenbait kritikarik txepelegiak eta gatzik gabeak izatea leporatu bazieten ere, Carpenter neba-arrebek tinko eutsi zioten hain bereizgarri egiten zituen musika estiloari.

1971. urtean The Carpenters merkaturatu zuten, egundoko sona erdietsi zuten "For all we now", "Rainy days and mondays" edota "Superstar" bezalako abestiekin.

Hurrengo urtean A song for you argitaratu zuten, eta lan horretako "Top of the world" abestiarekin berriz ere musika zerrendetako aurreneko postura iritsi ziren, baita Horizon (1975) diskoko "Please Mr. Postman" kantarekin ere. Aurrez, 1973an, Now & Then sonatua kaleratu zuten.

Infernura jaitsiera

Carpentersek kontzertu eta aurkezpen ekitaldi ugari izan zituen ondorengo urteetan, eta Carpenter neba-arrebek gero eta presio handiagoari egin behar izan zioten aurre. Egoera horrek nerbio anorexia eragin zion Kareni, eta Richard drogak hartzen hasi zen. Garai horretan bakarkako disko bat grabatu zuen Karenek New Yorken, Phil Ramoneren agindupean.

Ondoren, 1981ean, Karen oso gaixo eta Richard sendatuta, Made in America disko berrian hasi ziren beharrean. Carpentersen azken lana izan zen.

Karen bi urte geroago hil zen, 1983ko otsailaren 4an, pairatzen zuen nerbio anorexia zela-eta, bihotzekoak jota.

(Argazkiak: http://www.richardandkarencarpenter.com)