Itzuli orri osora
Chuck Berry: Mister rock and roll
vie, 16 mar 2007 18:27:00 +0100

Chuck Berry abeslari, gitarrista eta konpositoreak musikan aurretik zeuden arau guztiak apurtu zituen. Rock and Rollaren lehen garaiko kanta klasiko asko berak sortutakoak dira eta bere musikak musikari askorengan izan zuen eragina, Rolling Stones eta Beatles taldeengan, adibidez. "Duckwalk"-aren (ahatearen pausua) sortzaileak 80 urte baino gehiago ditu eta oraindik ere kontzertuak ematen ditu. Bere musika espaziora heldu da.

Charles Edward Anderson Berry Saint Louis (Missouri, EE.UU.) hirian jaio zen, 1926ko urriaren 18an. Henry (kontratista eta diakono baptista) eta Martha (irakaslea) senar-emazteek zituzten sei seme-alabetatik hirugarrena zen. Gaztaro gatazkatsua izan zuen, 1944an lapurreta bat egin zuelako hiru urte egin zituen erreformatorioan. Bertan hasi zen gitarra jotzen ikasten, inoren laguntza gabe. Gaztetatik erakutsi zuen blues musikarekiko zaletasuna.

1948an Themetta Suggsekin ezkondu eta hainbat lanbidetan aritu zen. 1953an Sir John's Trio taldean jotzen hasi zen, bere hiriko klub ospetsu batean jotzen zuen. Handik gutxira taldeak izena aldatu zuen: Chuck Berry Combo.

1955ean Chicagora joan zen eta han Muddy Waters bluesmana ezagutu zuen, honek gomendatuta Chess Records disko-etxera joan zen. Kontratu bat sinatu eta urte horretan bertan "Maybelline" kanta atera zuen Berryk, bere lehen arrakasta izan zen. Ordutik kanta ugari konposatu zituen, rockaren klasiko bihurtu direnak. "Roll over Beethoven", "Johnny B. Goode", "Rock and roll music", "School day", "Carol", "Sweet little sixteen", "Menphis Tennessee", "Reelin' and rockin", "Around and around", "Little Queenie" eta "Too much monkey business" abestiak esaterako.

Beatles zein Rolling Stones taldeek Berryren abestien bertsioak egin zituzten. "Roll Over Bethoven" abestiak, adibidez, 29 postua eskuratu zuen zerrendetan, baina kanta honengatik urrezko diskoa irabazi zutenak Beatles taldekoak izan ziren, 1965ean. Ritchie Valens, Bill Haley, Little Richard eta Buddy Holly musikariengan ere eragina izan zuen Berryk.

Duck walk

"Duck walk" (ahatearen pausua) ere asmatu zuen Chuck Berryk. Anekdotak dioenez, egun batean arropak aldatzeko astirik gabe iritsi zen kontzertu batera, eta arropa zimurtuta zuela inor ez konturatzeko ahate baten moduan hasi zen mugitzen Berry.

Berriz ere legearekin arazoak izan zituen Chuck Berryk. 1959an Mexikon ezagutu zuen adin txikiko neska bat kontratatu zuen bere klubean lan egiteko. Neska prostituzioagatik atxilotu zuten eta Berry adin txikikoekin trafikatzearren. Bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina 1963an irten zen.

Kanta bikainak konposatzen jarraitu zuen, "You never can tell" eta "Nadine", adibidez. 1972an arrakasta handia izango zuen kanta kaleratu zuen: "My ding-a-ling". AEB eta Britainia Handiko zerrenda buru jarri zen.

70eko hamarkadan bere gitarra hartuta bidaiatu zuen kontzertuak emanez. Tokian tokiko musikariak kontratatzen zituen bere kontzertuetan aritzeko. Horien artean gero musikari handiak izango zirenak zeuden, Bruce Springeteen eta Steve Miller adibidez. Hamarkada amaieran zergak ez ordaintzearren kondenatu zuten, lau hilabeteko kartzela zigorra eta ongintzazko kontzertuen bidez gizarteari 1.000 orduko zerbitzuak ematera zigortu zuten.

Espaziora ere iritsi da Chuck Berryren musika. 1979an NASA espazio agentziak "Voyager" espazio-zunda bidali zuen. Barruan musika zinta bat zeraman: Bethovenen "9. Sinfonia" eta Mozarten "Txirula magikoa" lanez gain, Chuck Berryren "Go, Johnny, Go, Go" abestia zuen zintak. Gizakiaren zibilizazioaren proba garrantzitsu moduan bidali zituzten espazioan zehar bidaiatzera.

Sari ugari irabazi ditu kantariak, horien artean 1984an eman zioten Grammy saria, bere ibilbide artistikoagatik. Gainera, bi Hall of Fameko kidea da, musikariena eta konpositoreena.

Berryk 80 urte baino gehiago ditu baina oraindik ere astero, asteazkenetan, kontzertuak ematen ditu Blueberry Hillen, Saint Louisen (Missouri). 55 minutuko kontzertua izaten da, bere gitarra lagun duela.

Argazkien iturria: Chuck Berryren orri ofiziala.